Euskal Herriko Itzulia. A zer parea... Patxi Vilak eta Juanma Garatek

Anaien artean, dena 'tutti bene'

Urte askoan bikotekidearekin baino ordu gehiago pasatu zituzten Patxi Vilak eta Juanma Garatek elkarrekin, Lampren zeuden garaian. Elkarri zirika hasteko eskatu, eta gozatu egin dute biek.

Patxi Vila (Utensilnord Named) eta Juanma Garate (Rabobank), joan den astean, broma giroan, elkarri zirika. GARI GARAIALDE / ARP.
unai zubeldia
Hondarribia
2012ko apirilaren 4a
00:00
Entzun
Patxi Vilaren «diziplina» goratu du Juanma Garatek: «Oso metodikoa da, nekaezina». Garateren «kalitatea eta zentratzeko gaitasuna» azpimarratu ditu, berriz, Vilak: «Ikaragarrizko intentsitatearekin egiten ditu gauzak». Begiradarekin elkar ulertzen duten horietakoak dira Vila (Bera, Nafarroa, 1975) eta Garate (Irun, Gipuzkoa, 1976). Entrenamenduak, Italiako komeriak, adin kontuak... Galderak egiteko tarterik gabe utzi dute, ia-ia, kazetaria.

PATXI VILA. Nola esan duzu izena duzula? Juanma? Ados. Martxoa iritsi denez, kexatzen ariko zara, noski?

J. G. Lotsa ematen dit, beti kexatzen ari naizela ematen duelako. Baina, bai, geldirik egon naiz bi astez. Parekoa Coppi-Bartalin eta Milan-San Remon egurrean zebilen bitartean, etxean egon naiz ni. Zorabioekin ibili naiz, eta begi batetik ez nuen ondo ikusten.

P. V. Txori txiki batek esan dit, bai, asko entrenatzen zarenean begi bat lausotu egiten zaizula...

J. G. Hala da, bai... Ezkerreko begitik ez dut ondo ikusten. Okulistarengana joan, eta lasai egoteko esan zidan. Entrenamendu baten ondoren, nekatuta nengoen batean itzuliko nintzela erantzun nion. Nekeak, itxuraz, nerbioren bati eragiten dio lehen bizpahiru orduetan. Neroni ere barrez hasten naiz telebista ikusteko ezker aldera jiratzen naizenean. Nekearen termometroa izaten da hori.

P. V. Beti horrela ibiltzen da hau! Beti dago gaizki, baina gero Girora joan eta egurrean ibiliko da. Ikusiko duzu! Ez dakit zertarako arduratzen zaren. Zure lekuan, beranduago hasiko nintzen ni entrenatzen; azaro aldera hasi beharrean, urtarrilean-edo...

B. Aurten, berritasun gisa, urtarrilerako bizpahiru kilo galduta zegoen Patxi...

P. V. Bai... Garai ederrean hasi gara probak egiten!

J. G. Nik 40 eguneko geldialdiak egiten ditut urtea amaitutakoan.

P. V. Juanmaren berrogeialdia izaten da hori.

J. G. Baina denboraldian ere atsedenaldi txiki batzuk edukitzen ditut nik. Zuk urte osoan ez dituzu pilatuko 40 atseden egun, ezta?

P. V. Nahiko lan...

J. G. Lepauztaia hautsi ondorengo egunak-eta kontatuta, akaso...

P. V. Lepauztaia hautsi eta bi egunera arrabolan nenbilen! Ostiralean ebakuntza egin, larunbatean hegazkina hartu, eta igandean arrabolan.

J. G. Nik ezin dut hori egin! Gaizki banago, gaizki nago. Min hartuta banago, ezin dut zaindu elikadura. Ez dira bateragarriak. Patxi, berriz, gai da lesionatuta egonda ere elikadura eta dena zaintzeko.

P. V. Atsedenaldiena ari naiz ikasten, ez pentsa. Urrian hemezortzi egunez egon nintzen geldirik. Sarritan eduki nuen zerbait egiteko tentazioa, baina Juanmarekin gogoratzen nintzen beti, eta...

J. G. Gauzak aldatzen ari dira, hala ere. Aurten, entrenamenduren batean, nik ibili behar izan dut berari bultzaka. Ez al da egia?

P. V. Atzo bertan [joan den astean] serieak geneuzkan egiteko, eta...

J. G. Hasieratik antzeman nizun gogo handirik ez zeneukala. «Zer, Patxi, egingo dituzu?», galdetu nion, eta muturra okertu zuen. Haren zain egon banintz, ez genuen ezer egingo. Orain urte batzuk alderantzizkoa gertatuko zen. Adina izango da...

P. V. Orain dela gutxi hasi ginela iruditzen zait ba niri! Zanotti taldekidearekin hizketan aritu berri naiz, eta 1988koa dela uste dut. Berekin hizketan hasi, eta bera bezalakoa naizela iruditzen zait.

J. G. Berak ez du gauza bera esango...

P. V. Ilusioz eta gogoz beraren parean nabil gutxienez.

J. G. Andaluziako Itzulian, Michael Matthews australiar gaztea gurekin hizketan ari zela, Adrian Palomares pasatu zen atzetik. «Begira, begira, zahar horri!» esan zuen bat-batean. «Hi, gazte, kontuz ibili adi, zahar hori ere 1976koa duk eta!», erantzun nion. Pasa-pasa eginda geratu zen.

P. V. Lehengoan, Garzelli eta Codolekin elkartu nintzen Italian, eta lehian dabiltzan txirrindularirik zaharrenekin zerrenda bat zeukaten eginda. Codol laugarren zegoen, eta Garzelli, bosgarren. Codolek esan zidan podiumean sartu arte ez zela erretiratuko. Eta lortuko du, Guesdonek Paris-Roubaixen utziko duelako tropela. Ni 14. postuan nengoela uste dut.

B. Italia aipatuta, uste dut Juanmak ez zuela oso ondo pasatu Lamprera joan zenean...

J. G. Gogoan daukat bi egun pasatzerako etxera deika ari nintzela itzuli egin nahi nuela esanez. Bizpahiru egun geroago, ordea, inondik inora ez nintzela itzuliko esan nien etxekoei. Taldean asko lagundu zidaten, italieraz hizketan ere hasi nintzen pixkanaka... Zoratzen egon nintzen Italiako bost urteetan. Hori bai, orain ez nintzateke itzuliko Italiako talde batera. Haien pentsaerarekin zerikusi zuzena dauka; gauzak hitzeman bai, baina gero...

B. Patxi, zure kasuan, Juanmaren babesean, errazagoa izan zen dena.

P. V. Anaia nagusiaren babesean ibiltzearen parekoa izan zen.

J. G. Baina, ez pentsa, haiek ez dute edonor fitxatzen. Izen bat proposatu, eta harekin hizketan hasi aurretik azterketa zehatza egiten diote; nola mugitzen den, zein jarrera daukan, emaitzak... Gero joaten dira berarekin hitz egitera.

J. G. Itzuliko etapa bat Ibardin gainean amaitzea da zure ametsetako bat, eta Paris-Roubaix ezagutzea bestea. Bat beteko duzu...

P. V. Niretzat ikaragarria izango da Ibardingo etapa, momentu on asko bizi izan ditudalako bertan. Hori bai, bestearekin ahaztu egin beharko dudala iruditzen zait...

B. Agurra italieraz egiteko gai izango zarete, ezta?

J. G. In bocca al lupo! [Zorte on].

P. V. Crepi lupo! [Eskerrik asko].
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.