Ampo Ordiziaren eta Hernaniren arteko derbia, ikastolen alde

Errugbiko Ohorezko mailako bi talde gipuzkoarren arteko derbia beroa izango da, puntu beharrean baitaude. Zaleei dei berezia egin diete, etzi eguerdian Altamira "gainezka" egon dadin.

Jokin Melida (Gipuzkoako Foru Aldundia), Arantza Manterola (Ikastolen Elkartea), Gurutz Elosegi (Hernani), Paxkal Indo (Seaska) eta Kepa Korta (Ordizia), partidaren aurkezpenean. ARKAITZ APALATEGI
2015eko apirilaren 24a
10:00
Entzun

Altamira zelaia «jendez gainezka» izatea lortu nahi dute etzi, «partida berezia» jokatuko baitute Ampo Ordiziak eta Hernanik. Batetik, maila gorenean ari diren bi errugbi talde gipuzkoarren arteko derbia delako; eta bestetik, bildutako dirua Seaska Ipar Euskal Herriko ikastolen elkartea laguntzeko izango delako. 12:00etan da hitzordua. Denera 2.000 lagun inguru biltzea espero dute.

Denboraldia bukatzeko bi partida besterik ez dira falta, eta bi taldeak puntuen beharrean daude; Ordiziak play offen lehian sartzeko, eta Hernanik mailari eusteko. Ordizia Rugby Elkarteko Kepa Kortaren arabera «bi taldeek asko daukagu jokoan». Izan ere, ordiziarrek puntu bakarrera dituzte play offak. «Denboraldi hasieran ez genuen pentsatuko, baina sailkatzeko aukera daukagu; puntu bateko aldea ateratzen digu Gernikak, eta haiek ere partida garrantzitsua dute asteburuan», Getxoren aurka jokatuko baitute derbia. Hala, «bi taldeen artean harreman ona badago ere, zelaian lehia bizia» izango dela aurreratu zuen.

Hernani Errugbi Taldeko Gurutz Elosegik ere «biontzako partida garrantzitsua» dela uste du, «guk ere puntuak behar ditugu, mailari eusteko». Errugbi denboraldia baja askorekin eta makal antzean hasi bazuten ere, «bukaeran tximista bezala piztu» direla zioen, eta orain «zuzeneko jaitsiera behintzat ekidin» nahi dutela.

Ikastolen alde

Ampo Ordiziak eta Hernanik Seaska elkartearen alde jokatzen duten bigarren partida izango da igandekoa. Hernani klubeko Gurutz Elosegik azaldu duenez, «iazko uztailean hasi ginen harremanetan, iparraldeko ikastolei laguntza bat emateko asmoz». Bi taldeak «berehala» jarri ziren ados, eta 2014-15 denboraldiko bi derbietan bildutako dirua, Seaskari laguntzeko erabiltzea erabaki zuten.

Azaroan jokatu zuten Hernanin, eta orain, Ordiziaren txanda da. Kepa Kortaren arabera, «errugbian baloreak ere lantzen ditugu, eta balore horietaz harro gaude; horregatik antolatu dugu hau». Zentzu horretan, «jende asko biltzea garrantzitsua» dela azaldu zuen, zenbat eta jende gehiago izan, «Sehaskarentzat diru gehiago bilduko delako».

Egitasmoaren berri izan zutenean, «ongi hartu ez, aluzinatu» egin zutela azaldu du Paxkal Indo Seaskako lehendakariak. «Iparraldean errugbia oso ezaguna da, baina hango taldeen partetik ez dugu sekula horrelako proposamenik jaso». Horrelako egitasmoek «eguneroko borrokan jarraitzeko indarra» ematen diela azaldu zuen.

Aurten Ziburuko ikastola dela eta erakundeekin izandako arazoez gain, beste erronka handi bat ere badu Seaskak. Izan ere, aurten hiru ikastola berri jarri nahi dituzte martxan, bat Behe Nafarroako Azkarate herrian, eta beste biak Lapurdin, Baxuxarrin eta Biriatun. Guztira 40 ikasle inguru jasoko dituzte.

Hirugarren denbora

Errugbi partidetan, bi taldeetako jokalarien arteko anaitasuna eta harreman ona bultzatzeko modua izaten da hirugarren denbora. Okasioak hala eskatuta ordea, berezia izango da igandekoa. Kortaren hitzetan, «hirugarren denbora handi bat egin nahi dugu, jokalarientzat eta zale guztientzat». Festa giroko ekitaldia izango da, eta han bildutako dirua ere, Seaskari emango diote.

Gurutz Elosegik, «zelaian izugarrizko borroka» izango dutela azaldu du, «baina hori zelaian gelditzen da, eta gero elkarrekin gozatuko dugu». Hernanin bezala, Ordizian ere giro ederra izatea espero du. «Bi klubek asko dugu jokoan, baina baita Seaskak ere. Horregatik Altamira jendez gainezka egotea espero dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.