Nahikari Garcia. Realeko jokalaria

«Amorruz nago, taldeari askoz gehiago eman diezaiokedalako»

Igandean 100. partida jokatuko du talde txuri-urdinarekin Nahikari Garciak. Kezkatuta bezain baikor mintzo da taldearen egoeraz. Sasoiko lehen puntua lortu izanak presioa kendu diela nabarmendu du.

ainara arratibel gascon
2017ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Bere buruarekin bezain exijentea da taldearekin Nahikari Garcia Realeko jokalaria (Urnieta, Gipuzkoa, 1997). Taldearen bolada txarraz autokritika egin du: «Jokalariak ez gara behar dugun mailan egon». Penatuta mintzatu da Juanjo Arregi entrenatzailearen kargugabetzeagatik.

Jokatuz gero, igandean 100. partida beteko duzu Realarekin. Zein balorazio egiten duzu?

Realak Lehen Mailan debutatzeko aukera eman zidan, eta 100 partida betetzea ohore bat da. Espero dut gehiago izatea, eta gauza garrantzitsuak lortzea.

Zerekin geratzen zara 100 partida hauetatik?

Batez ere ikasi dudan guztiarekin, eta debuteko egunarekin. Athletici aurreko sasoian Zubietan irabazi genion partida ere oso polita izan zen.

Igandean lortu zenuten denboraldiko lehen puntua. Mugarri izan daitekeela uste duzu?

Bai. Are gehiago astea nola joan zen kontuan hartuta. Aste gogorra izan zen, Juanjoren [Arregi] kargugabetzearekin. Ez da erraza halako egoerak bizi izatea, eta taldeak bere nortasuna atera zuen. Garrantzitsua zen lehen puntu hori lortzea eta, batez ere, golik jaso gabe egitea. Orain, sendotasun horri eutsi behar diogu atzean, eta aurrean asmatu.

Presio handia kendu duzue puntu hori lortuta?

Bai. Bartzelonatik bueltan nabari zen alaiago gentozela. Espanyolen aurkako partidan berriro eresentitu genuen kapaz garela, nahiz eta azken minutuetan, aurreko partidei bueltaka, beldur pixka bat eduki genuen. Baloiarekin gauza asko proposatu genituen, eta gol aukera asko izan genituen. Pena izan zen ez asmatzea. Igandean lehen garaipena lortu nahi dugu, etxean, nahiz eta Rayo arerio gogorra izan. Azken sasoietan etxean izandako sendotasunari esker lortu dugu neurri handi batean goian egotea, eta hala jarraitzea nahi dugu.

Nola bizi izan duzue bai zuk eta baita taldeak Juanjo Arregi entrenatzaile postutik kendu izana? Nola eragin dizue?

Halako egoerak beti dira zailak eta gogorrak. Juanjo kargugabetu dute, baina talde guztiaren errua da egoera. Jokalariak ez gara behar genuen mailan ibili. Niretzat,pena handia izan da. Aurretik ezagutzen nuen. Liga bat irabazteko aukera izan nuen harekin, eta entrenatzaile puska da. Zoritxarrez, orain ez zaizkio gauzak ondo atera. Baina egindako lana eskertu behar diogu. Asko lagundu eta erakutsi digu, bai zelaian eta bai zelaitik kanpo ere. Berak eman zigun berria, eta, gu bezala, pena handiarekin zegoen. Pasio handiz bizi du lana. Langile amorratua da, eta, alde horretatik, eredu bat.

Zer falta izan zaio arrakasta izateko?

Emaitzen zama bizi izan du. Partidaren bat berdindu eta irabazi izan bagenu, egoera beste bat litzateke, ziur. Baina taldea bolada txar baten gurpil zoroan sartu zen.

Sistema berri bat ezarri zuen: erronboa. Emaitzak ez zituela ematen kontuan hartuta, ez al zen gehiegi tematu horrekin? Izan ere, Gorka Alvarez entrenatzaile berriak sistema aldatu, eta beste itxura bat eman zenuten Espanyolen aurka.

Ez, ez zen sekula tematu. Ligako lehen partidan, Valentziaren aurka, ez genuen erronboarekin jokatu, eta galdu egin genuen. Hark zuzendutako azken bi partidetan ere beste joko molde bat erabili genuen. Gainera, beti zegoen prest bestelako proposamenak edo iritziak entzuteko. Alde horretatik, jokalariok aukera genuen gure ustea adierazteko, eta orain Gorkarekin [Alvarez] ere hala gertatzen da. Atletico Madrilen eta Bartzelonaren aurkako partidetan hasi ginen erronboarekin jokatzen, eta eroso sentitu ginen. Partida onak egin genituen. Ondoren, gauzak okertu egin ziren. Agian joko molde horren hainbat gauza ez genituen behar bezala barneratu. Ez genuen ondo interpretatzen jakin. Baina hori ez da Juanjoren errua. Zelaian jokalariak gaude. Batzuetan gure jarrera beste bat izan balitz, gauzak desberdinak izango lirateke. Gainera, erronboan jokatuz asko ikasi dugu.

Taldea lotuegi ikusten zenuen joko molde horretara?

Agian, falta izan zitzaigun batzuetan joko molde horretatik harago joatea. Juanjorekin beste jokatzeko modu batzuk ere landu eta entrenatu genituen. Bagenituen beste joko baliabide batzuk, baina ez ginen gai horiek partidetan gauzatzeko. Egoeraren larritasunak ez zigun uzten.Neurketetan horrek antsietatea sortzen du, eta bolada txarra denean gauzak gaizki ateratzen dira. Taldea oso batua dago, eta denen artean atera behar dugu aurrera egoera. Konfiantza hartu, eta aurrera egin behar dugu.

Etsita ere ikusten zitzaizuen une batzuetan. Entrenatzailearekiko ustea galdu zenuen jokalariek, eta alderantziz?

Inondik inora. Guztiak lan handia egiten ari ginen bolada aldatzeko. Etsipena baino, amorrua, mina, zen egindako lanak ez zituelako bere fruituak ematen. Bera indarrez ikusten genuen jarraitzeko.

Gorka Alvarez al da entrenatzaile egokia taldea aurrera ateratzeko?

Hor ez dugu ezer esateko. Oraingoz bera dago; ikusiko dugu klubak zer erabakitzen duen. Dagoenarekin lanean jarraituko dugu.

Sandra Ramajo kapitainak autokritika egiteko beharra azpimarratu zuen. Zertan egin duzue huts jokalariek?

Gauza txiki askotan. Defentsan askoz batuago eta sendoago egon behar dugu, eta erasoan lasaitasun eta pazientzia handiagoarekin jokatu. Hala eginda, ziur irabaziko dugula. Argi dago gehiago eman behar dugula, bai jarreran eta bai jokoan. Egoera hau bada, gauzak gaizki egin ditugulako da. Gu gara lehenengoak autokritika egiten. Asko dugu ikasteko eta emateko.

Kontratua berritzeko talde lehiakorra eskatu zenuen. Espero zenuen taldea duzue? Aurreko sasoikoa baino hobea da?

Bai, eta horregatik dugu amorru hori. Taldeak maila handia dauka. Jokalari garrantzitsuak etorri dira denboraldi honetan. Claudia Zornozak maila eta eskarmentu handia du Lehen Mailan. Bea Beltranek liga irabazi zuen aurreko sasoian Atletico Madrilekin, eta Michi Gotoren ekarpena handia izaten ari da baita ere. Hori kontuan hartuta, gure helburuek gero eta handiagoak izan behar dute. Taldeak argi du hori. Klubak apustu handia du, eta, orain, gure ardura da horri erantzutea. Erronka hori dugu. Are gehiago hemen urteak daramatzagunok. Pixka bat gehiago eman behar dugu.

Aurreko bi sasoietan Espainiako Koparako sailkatu zineten, eta taldearen inguruan itxaropen handiak zeuden jarrita. Ez ziren gehiegizkoak?

Guri gustatu egiten zaigu zaleek eta taldearen inguruan daudenek guregandik gauza handiak espero izatea, guk ere espero ditugulako. Hori da gauza handiak lortzeko bidea. Baina hori asteburu oro demostratu behar da, eta, zoritxarrez, orain arte ez dugu egin.

Taldeko izarra izanda, eta klubak zuri kontratua luzatzeko egindako apustua kontuan hartuta, zuk pertsonalki nabaritu duzu presioa?

Nik uste dut egoera honetan denok dugula presioa. Bakoitzak erabakitzen du zein zama jartzen dion bere buruari. Baina argi dago etxeko jendeak sentipen handia dugula Realaren inguruan, eta,ziurrenik, egoera honek min handiagoa ematen digu. Zama hori jokalari askoren artean daramagu, eta hori aldatzeko gogoz gaude. Izan ere, zama hori gainean izatea ez da ona.

Denboraldi hasiera kaskarra kontuan hartuta, mailari eustearekin konforme zinatekete? Edo Espainiako Kopara sailkatzeko helburuari eusten diozue?

Orain, gertuko helburuetan pentsatzen dut. Sailkapenari ere aspaldi ez diodala begiratzen. Gure erronka hurrengo partida irabaztea da. Denboraldia luzea da oraindik, eta azken txanpan ikusiko dugu zein diren gure helburuak. Dena den, beti pentsatzen dut helburuak ahalik eta handienak izan behar dutela. Espero dugu hala izatea, esan nahiko lukeelako egoera irauli dugula.

Zeure burua nola ari zara ikusten?

Niretzat ere pertsonalki denboraldi gogorra izaten ari da. Sasoia hasi zenetik bi aldiz hartu dut min, eta hori dela eta ez dut nahi nuen segida eduki taldean. Amorru handiarekin nago, badakidalako taldeari askoz gehiago eman diezaiokedala, eta hori da nire helburua. Ate aurrean finago egon behar dut. Reala goian ikusi nahi dut, eta horretarako ari naiz lanean. Espero dut denboraldi amaieran egoera beste bat izatea. Espanyolen aurkako partidan ondo sentitu nintzen, eta bide horretatik jarraitu nahi dut.

Bi gol baino ez dituzue sartu zortzi partidetan. Zer ari zaizue gertatzen erasoan? Non dago arazoa?

Dena konfiantza kontua dela uste dut. Hori aldatuz joan ahala, aurkariaren ate aurrean ere eraginkorrago arituko gara. Ziur naiz.Dena den, argi dago aurrelaria izanda taldeak golak sartzen ezdituenean, ez dagoela gustura. Baina ahalegindu behar dugu presio hori onerako izan dadin, eta hobetzeko balio izan dadin. Izan ere, exijitu egiten dizu.

Kosta egiten zaizu etxera joatean egoeraz ahaztea?

Gure egunerokoaren erdia futbola da. Ordu asko ematen ditugu aste osoan Zubietan, eta asteburuan ere dena da futbola: partidak, bidaiak... Beraz, zaila da ahaztea. Futboletik kanpo ere eragiten digu: lanean eta ikasketetan, adibidez. Taldea oso konprometituta dago, eta min ematen dio bizi izaten ari den egoerak.

Nola ikusten ari zara liga?

Oso berdinduta. Bartzelonak apustu handia egin du, eta, ziurrenik, koska bat gorago dago. Baina gainontzeko taldeak gero eta gertuago gaude. Asteburu oro ikusten da berdintasun hori. Polita da, liga interesgarriagoa delako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.