«Amorru handiarekin nindoan»

Alejandro Valverdek nagusitasunez irabazi du Fleche Wallone klasikoa, Huyko azken metroetan erasoa jota

Alejandro Valverde, atzo, Huyko azken metroetan erasoa jo ondoren, bi besoak altxatuta, garaipenaz gozatzen. NICOLAS BOUVY / EFE.
unai zubeldia
2014ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Lasaitu ederra hartu du Alejandro Valverdek (Movistar). «Ez nuen lortzen garaipenik Ardenetan, eta amorru handiarekin nindoan». Nabari zitzaion. Hark uxatu, eta Daniel Martinek (Garmin) den-dena jaso. «Garaipena eskura neukala uste nuen azken 300 metroetan, baina ikaragarri ondo zihoan Valverde». Movistarreko taldeburuaren bizikleta gainean ez zihoalako artista handi bat bakarrik. Euskal Herriko Itzuliko azken eguneko erlojupeko kaskarra ere han zihoan; 2008an Lieja-Bastogne-Lieja irabazi zuenetik Ardenetako nahi ezina ere bai; eta baita talde guztiaren egun osoko lan ona ere. Motordun bizikleta zen Valverderena.

«Hesietara gerturatuz, han aurrera egin ezinik geratuko nintzela uste nuen momentu batean». Baina, hesietatik ihesi, aspaldiko leherketarik handiena eragin zuen espainiarrak Huyn gora. Eraso bakarra. Seko-sekoa. Nahikoa. Hiru segundo Daniel Martini eta lau Michal Kwiatkowskiri (Omega). Faboritoetako beste hiru lehenago geratu ziren ezinean: helmugara iristeko hiru kilometro falta zirenean Joaquim Rodriguez (Katuxa), igandean gertatu bezala, kolpetik lurrera erori zenean —70. postuan helmugaratu zen, 4.06 minutura—; Huyko lehen maldetan Philippe Gilbert (BMC), igoerako erritmo bizi-biziarekin, pedalei nahi bezala eragin ezinik geratu zenean —10. postuan amaitu zuen, hamabost segundora—; eta azken metroetan Dani Moreno (Katuxa), iazko garaipena berrestetik urrun zegoela jabetu zenean —bederatzigarren iritsi zen, 11 segundora—.

Ihesaldi luzea eta kontrola

Horixe eman zuen Fleche Walloneko azken hiru kilometroetako zalapartak. Eta aurretik, egiari zor, nahiko bare joan zen lasterketa. Ramunas Navardauskas (Garmin), Preben Van Hecke (Topsport Vlaanderen) eta Jonathan Clarkeren (UnitedHealthcare) ihesaldia, Movistar, Katuxa, BMC eta Omegaren kontrol lana, eta azken estutua. Erritmo aldaketa bizi-biziarekin, denboraldi hasiera harrigarriaren azken kolpea eman zuen atzo Valverdek. Zortzi garaipen lortu ditu dagoeneko espainiarrak —hamabi dauzka Movistarrek—. Otsailaren 19an eskuratu zuen lehenengoa, Andaluziako Itzulian, eta Roma Maxima klasikoa ere irabazi du tartean.

Euskal herritarrei dagokienez, lan egitea egokitu zitzaien gehienei, eta goraipatzekoa izan zen Valverderen aldeko jardunean aritu ondoren Gorka Izagirrek (Movistar) lortu zuela 22. postua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.