Sevilla 2-2 Alaves

Amorru eta etsipen handiko partida amaiera Pizjuanen

Alavesi eskuetatik ihes egin dio garaipenak bi minuturen faltan Sevillaren aurka: 2-2. Bost partida jarraian daramatzate galdu gabe

Martin Agirregabiria Alaveseko jokalaria, atzo, Sevillan. JOSE MANUEL VIDAL / EFE.
Iñaki Fernandez Guridi.
2021eko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Golak. Laguardiak (5. min), Ocamposek (38. min), Joseluk, penaltiz (45+6. min) eta Rakiticek (92. min).

Zapore gazi-gozoarekin amaitu zuen atzo Alavesek Sevillaren aurka, Sanchez Pizjuanen. Arabako taldeak bi aldiz hartu zion aurrea markagailuan, baina Rakitic Sevillako jokalariak azken minutuan sartutako golak gasteiztarren garaipena zapuztu zuen. Hori horrela, helburutik puntu bat gertuago dago Alaves, eta azken asteetan lortutako emaitza onei jarraipena eman zien. Gainerako emaitzen esperoan, jaitsiera postuak hiru puntutara dauzka.

Bikain hasi zuen lehia Javier Callejaren taldeak. Bosgarren minuturako aurretik jarri zen Laguardiaren golari esker. Atzelariak buruz bidali zuen sareetara Toni Moyak kornerra atera eta gero. Alaves oso ausart zelairatu zen, baina, gola eta gero, atzerapausoa eman zuen, eta Sevillak hori aprobetxatu gura zuen. Julen Lopetegiren taldea alderik alde zebilen baloia mugitzen, aurrean jokalari askorekin defendatzen zuen taldea baitzuen. Berdinketa egiteko aukera Rafa Mirrek izan zuen, baina orpoarekin ez zuen egoki bideratu Montielen erdiraketa.

Mirrek ez, baina Ocamposek bai. Bakarrik zegoela jaso zuen Montielen erdiraketa, eta 1-1ekoa egin zuen 38. minutuan. Orduantxe sekulako euri zaparrada hasi zen, eta partida erabat nahasi zuen. Atsedenaldira joan aurretik, bideo epaile laguntzaileak ikusi zuen Ocamposek baloia eskuarekin ukitu zuela, eta Alavesek penaltia izan zuen alde: Joseluk ez zuen barkatu.

Ezin emaitza mantendu

Aldageletarako bidea haserre hartu zuen Lopetegik, eta, etsipena tarteko, bigarren zatiaren aurretik bi aldaketa egin zituen. Alaves deseroso zebilen. Diego Carlosek burukada garbi bat izan zuen, baina Pachecok geldiketa eder batekin erantzun zion. Mendez ere ez zen fin ibili bigarren zatian izandako bi errematetan; partida erabakita uzteko bikainak ziren.

Neurketaren azken zatia luzeegia egin zitzaion Alavesi. Sevilla geroz eta sarriago heltzen zen bere areara, eta etxekoen gola gertuago zegoen. Garbiena Rakiticek izan zuen, zuzenean Pachecoren gorputzera errematatu eta gero. Aurrez, Mirrek eta Ocamposek ere aukera garbiak izan zituzten.

Bigarren gola luzapenean sartu zioten Alavesi. Lejeunek ahulegi urrundu zuen baloia, eta area barruan Rakiticek ez zuen aukera pasatzen utzi. Pachecok ezin izan zuen ezer egin gurutzatutako jaurtiketa gelditzeko. Azken minutuan, berriz, bizi egon zen Munirren burukada sareetara joan ez zedin. Lerro gainean harrapatu zuen baloia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.