Espainiako futbol ligako zilarrezko kategoriara itzuli da denboraldi honetan Amorebieta, bigarrengoz bere historian. Hala, liga profesionalak eskatzen dituen gutxienekoak betetzeko, Lezaman (Bizkaia) jokatzera itzuli behar izan du berriro lehen taldeak, Zornotzako (Bizkaia) Urritxe zelaiak ez baititu baldintzak betetzen. Bada, berritasun handi batekin itzuli da taldea: klubak sexu erasoei aurre egiteko protokolo bat egin du. Klubeko segurtasun arduradunari, Jose Manuel Lopez de la Manzanarari, garrantzitsua iruditu zitzaion hala egitea, eta klubari proposatu zion. Jon Larrea Amorebietako presidenteak azaldu du beste ekitaldi jendetsu batzuetan ere lan egiten duela Lopez de la Manzanarak, kontzertuetan esaterako, eta ikusi zuela halakoetan zabalduagoa dagoela halako protokoloak egitea.
Beraz, denboraldi honetarako protokoloa egin dute. Eta ez dute aplikatu soilik gizonezkoen lehen taldeak jokatzen duen estadioan, baizik eta baita klubaren formakuntza taldeek eta kategoria txikikoek jokatzen dutenetan ere, Urritxen eta Txolonen. Larreak nabarmendu du, eraso bat gertatzen denean nola jardun behar den jakiteko irizpideak jasotzean gain, prebentzio neurriak ere hartu dituztela. Hala, instalazioetako gunerik arriskutsuenak identifikatu dituzte —komunak, aldagelak, gune aldenduak, aparkalekua eta argi gutxi duten eremuak—, eta, instalazioak irekitzean eta partidak eta entrenamenduak dauden bitartean, segurtasun arduradunek edo klubeko langileek tarteka leku horiek begiratuko dituzte. «Egunerokoan irizpide batzuk dituzte, eta horren gainean adi egon behar dira. Adibidez, emakumezko bat komunera joaten bada, adi egon behar dute».
Arrisku egoera potentzial batzuei aurre egiteko prebentzio neurriak ere hartuko dituzte. Ikusten badute, esaterako, emakume bat «zaurgarritasun egoera berezi» batean dagoela, edanda edo drogen eraginpean esaterako, espazio seguru bat eskainiko diote bere senera etorri arte, edo modu seguru batean etxera itzuli ahal izateko bitartekoak eskainiko dizkiote. Horretarako, instalazioetako eta klubeko langileek formakuntza jaso dute, baita eraso baten aurka nola jokatu jakiteko ere. «Eraso bat gertatzen bada, baditugu segurtasun puntu batzuk, erasoa jaso duen pertsona horra eramateko eta lasaitzeko. Saiatu behar gara hari laguntzen, eta biktimari nola hitz egin behar diogun ere azaldu digute. Bestalde, familiakoren batekin edo lagunen batekin joan bada, saiatu behar gara pertsona ezagun hori ere hor egoten», esan du Larreak.
Aitzindaria Espainiako Ligan
Nahiz eta protokoloa denboraldi hasieratik martxan egon, ez da asko zabaldu joan den astera arte. Larreak uste du Emakumeen Nazioarteko Egunagatik hasi zela hedabideetan azaltzen. Espainiako gizonezkoen futbol profesionalean —Lehen eta Bigarren mailan— halako protokolo bat duen lehen taldea baita Amorebieta. Denboraldi hasieran aurkeztu zion Amorebietak Futbol Liga Profesionalari protokoloa, eta Javier Tebas buru duen erakundeak begi onez ikusi zuen. Hori dela eta, klubak eskatu zion ligaren Segurtasun Batzordeari aurkezteko dokumentua eta proiektua, eta hala egin zuen Amorebietak 2023 amaieran.
Ligaren helburua da hemendik aurrera bere taldeek halako protokoloak egitea haien estadioetan. Protokoloa aurkeztean Amorebietako segurtasun zuzendari De La Manzanak adierazi zuenez, futbol zelaietan uste baino eraso gehiago gertatzen dira, nahiz eta eraso fisikoak ohikoagoak izan bestelako ingurune batzuetan: «Jende askok uste du futbol estadioetan ez direla halakoak gertatzen, baina VIP guneetan, sarrerako kontroletan eta bestelako lekuetan lan egiten duten emakumeek esaldi sexistak entzun behar izaten dituzte. Egia da eraso fisikoak ohikoagoak direla bestelako leku batzuetan, baina zaleen artean gerta daitezke baimenik gabeko ukituak, esaterako». Larreak adierazi du klubaren zuzendaritza «oso harro» dagoela horrelako urrats bat egiteagatik, eta gehitu du espero duela inoiz martxan jarri behar ez izatea.