Astea gogorra izan da txuri-urdinentzat. Realak hiru garaipenekin hasi zuen urtea, baina zazpi egunean hiru partida galdu ditu, eta zazpi gol sartu dizkiote. Hala ere, denboraldiak aurrera segitzen du, eta ez dago iraganean pentsatzeko astirik.
Txuri-urdinak bizirik daude hiru lehiaketetan, eta ahalik eta urrutien iritsi nahi dute. Horretarako, Realak PAOK Salonika garaitu beharko du gaur Anoetan. Europa ligako ligaxkako azken norgehiagoka izango da, eta final-hamaseirenetarako sailkatzen saiatuko dira gipuzkoarrak, eta final-hamaseiren horiek etxean jokatzen.
Igandean 1-0 galdu zuten Valentziaren aurka, Espainiako Ligan azken sailkatua zenaren aurka. Lau egun geroago, Laziok 3-1 garaitu zuen Imanol Alguacilek entrenatutako taldea. Kolpe gogorra izan zen, italiarrek lehen zatian sartu baitzituzten hiru golak. Baina are gogorragoa izan zen Getaferen aurka gertatutakoa, 0-3 galdu baitzuten Anoetan Bigarren Mailara ez jaisteko borrokan dabilen talde baten aurka.
Defentsa ez da azkenaldian bezain fidagarria izan. Abenduan, Realari ez zioten gol bakar bat ere sartu sei partidatan, baina azken hiru neurketetan zazpi sartu dizkiote, asko defentsan egindako okerrengatik. Valentziaren aurka, Hugo Durok ez zuen defentsarik inguruan partidako gol bakarra sartu zuenean. Lazioren aurka, lehen gola gaizki defendatutako falta batean jaso zuten txuri-urdinek. Getaferen aurka, ordea, defentsa bigunegia izan zen, eta aurrelariek errazegi errematatu zuten hiru goletan.
Gainera, taldeak ez du jakin kolpeei buelta ematen, eta golak minutu gutxian jaso ditu. Erroman, epaileak txartel gorria atera zion Aihen Muñozi 30. minutuan, eta hurrengo lau minutuetan txuri-urdinei beste bi gol egin zizkieten. Getaferen aurka ere bi gol jaso zituzten hiru minutuan, 67. minutuan epaileak bisitariei penalti bat baliogabetu ondoren. 70. minutuan, Christantus Uchek Getaferen lehen gola sartu zuen, eta 72.ean, Carles Perezek bigarrena.
Baina Realak arazo larriagoa dauka. Gol falta nabaria zen aurreko sasoian, baina denboraldi honetan are nabariagoa da. Espainiako Ligan, 21 jardunaldiren ondoren, bakarrik hamazazpi gol sartu dituzte Imanolen jokalariek, eta, Getaferekin batera, gol gutxien sartu duten taldeetan bigarrena da Reala. 2006-2007ko denboralditik Realak ez zituen hain gol gutxi sartu 21. jardunaldira arte.
Txuri-urdinen eraso arriskutsu gehienak Take Kubok sortzen ditu, eta japoniarra ez badago fin, Realari are gehiago kostatzen zaio gol aukerak sortzea. Beste aurrelariak eta erasoko erdilariak ez daude beren onenean, eta ate aurrean ere ez dabiltza batere fin. Mikel Oiartzabal da gol gehien sartu duen jokalaria, zazpi gol sartuta, baina haren datuak baxuak dira aurreko denboraldiekin alderatuta. Orri Oskarsson aurrelari gaztea Realaren fitxaketarik garestiena bilakatu zen udan, baina islandiarrak ez ditu minutu asko jokatu, eta hiru gol bakarrik sartu ditu lehiaketa guztietan. Sadiq Umarrek, beste aurrelariak, ez zuen golik sartu, eta Valentziara joan da utzita.
Bestalde, Reala atseden gutxi ari da izaten. Aste barruan Espainiako Kopako eta Europa ligako neurketak ditu, eta asteburuetan, Espainiako Ligakoak. Azken bi asteetan bost partida jokatu dituzte txuri-urdinek, Vila-realen aurka astelehen batean jokatu baitzuten. Aste honetan beste bi neurketa dituzte, eta hurrengo hiru asteetan, beste sei.
«Lasai» dago Imanol
Taldea bolada txarrean egon arren, «lasai» dago Imanol. «Lasai dut kontzientzia. Burua gora, aurpegi alaia eta lana. Taldea ondo dago, nahiz eta azken partidak galdu. Hau futbola da, kirola. Normala da. Partida handia da, eta gozatu egin behar dugu». Azpimarratu zuenez, «min egiten dio jokalarien profesionaltasuna «zalantzan» jartzeak. «Hori ez dut onartzen. Ni naiz erruduna. Ez nago triste, ilusioz eta gogotsu nago». Horrenbeste, ezen berritu egin nahi baitu. «Jarraitu egin nahi dut; ez dut zalantzarik. Baina ez dut edonola jarraitu nahi; ondo bukatu nahi dut». Zakharian berritasuna da Realaren deialdian.
«Jarraitu egin nahi dut [Realean]; ez dut zalantzarik. Baina ez dut edonola jarraitu nahi; ondo bukatu nahi dut»
IMANOL ALGUACILRealeko entrenatzailea
Reala ia ziur egongo da Europa ligako final-hamaseirenetan. Final-zortzirenetarako zuzenean sailkatzeko aukera galdu zuen Erroman, eta, kanpoan geratzeko, Realak gaurko norgehiagokan gol askoren aldeaz galdu beharko luke eta beste zazpi taldek beren partidak irabazi edo berdindu beharko lituzkete. Txuri-urdinak hemezortzigarren daude sailkapenean, hamar punturekin.
PAOK Salonika, ordea, hamazazpigarrena da ligaxkako sailkapenean. Greziako talde horrek hamar puntu ditu, Realak bezala, baina golen desberdintasuna hobea da Salonikakoentzat. Europa ligako azken partida irabazi zuten Slavia Pragaren aurka: 2-0. Jonathan Gomez txuri-urdin ohia dago PAOKen, baina ez dago lehiaketan izena emanda. Bestalde, Brandon Thomas eta Jonny Otto Espainiako Ligan jokatutakoak daude. 1.900 zale inguru etorriko dira Greziatik.
Realak 24. postuan edo gorago sailkatu behar du final-hamaseirenetara pasatzeko; hurrengo faseko itzuliko neurketa Anoetan izateko, ordea, bederatzigarren eta hamaseigarren postuen artean sailkatu beharko luke. UEFAren lehiaketa sistema berria dela eta, Realak gaur gauean jakingo du zer bi taldetatik aterako den final-hamaseirenetako aurkaria. Zozketa bihar izango da, 13:00ean, Nyonen, Suitzan.
REALA-PAOK SALONIKA
Reala. Remiro; Aramburu, Zubeldia, Aguerd, Javi Lopez; Zubimendi, Sucic; Kubo, Brais Mendez, Oiartzabal; eta Oskarsson.
PAOK Salonika. Kotarski; Jonny Otto, Kedzioara, Michailidis, Baba; Ozdoev, Schwab; Despodov, Konstantelias, Taison; eta Txalov.
Epailea. John Beaton (Eskozia).
Lekua. Anoeta (39.500 ikusle).
Ordua. 21:00 (Movistar).