Arrauna. Kontxako Bandera

Ametsetik ametsera, Bermeon eta Getarian ez dira esnatu oraindik

Urdaibaik 7,64 segundo ateratzen dizkio Hondarribiari, eta 7,70 Donostiarrari. Getaria ere Kontxako Banderako ohorezko txandan da

Urdaibai herenegun, estropada hasi aurreko beroketa saioa egiten. JON URBE / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2022ko irailaren 6a
00:00
Entzun
«Sinatuko nuen gaur [herenegun] hemendik zazpi segundo aurretik ateratzea. Ezta ametsik onenean ere». Horrela azaldu zuen barruan zeukan sentimendua Iñaki Goikoetxea Urdaibaiko arraunlariak igandean, aldageletatik furgonetara zihoan bitartean, Donostiako kaian.

Lehentxeago, eta arrapalan, Getariako zaleek festa usaina zabaldu zuten. Ez zen gutxiagorako: Esperantza trainerua laugarren izan berri zen Kontxako Banderaren lehen jardunaldian. Pisatzera ontzia arrapalara ekarri ondoren, berriz ere uretan zirela, herenegun lehorrean bere burua utzi zuen Jon Larrañaga getariarren entrenatzailea honela mintzatu zen: «Esperientziarik ez genuela estropada honetan, baina, arraunlari hauek daukaten aurpegiarekin, edozer egiteko gai dira. Ederra armatu dugu!».

Igandeko jardunaldiak utzitako poz arrastoak biltzen dituzte biek. Beste bat ere gustura zen, Donostiarrako Joanes Balentziaga arraunlaria, hirugarren denbora onena egin eta gero. Baina ez erabat: «Gazi eta gozo daukat zaporea. Kanpora ondo joan gara, baina barrura ez dugu asmatu, azkeneko zatian izan ezik. Hala ere, bizirik gaude bigarren iganderako, eta horrek balio du».

Bizirik egotea baita Urdaibai garaileak 7,70 segundo bakarrik ateratzea. Sei ehunen gutxiago behar izan zituen Hondarribiak, aurreneko txandako garaileak, baina pozetik aparte samar zebilen Ioseba Amunarriz patroia: «Guk lan ederra egin dugu, baina ziabogan beste txandako Urdaibaik eta Donostiarrak hamar segundo ateratzea ez da normala izan. Zerbait egon da horretan. Kanporantz, beroketan ere, ez zuen nabigatzen ontziak».

Iganderako, zuhurtzia

Bandera zeinek eramango duen ez dago erabakita, eta hiru dira hautagai nagusiak: herenegungo lehen hirurak. Zuhur mintzo dira. Goikoetxea: «Geure onena eman beharko dugu lehendabizi». Amunarriz: «Ea Hondarribia on eta indartsu bat ikusten dugun». Balentziaga: «Gogo biziz gaude».

Getaria izango dute alboan, igandean Oriori eta Kaikuri aurrea hartu ondoren lehen txandan. Bigarren txandako Zierbenak eta Ondarroak ez zuten lortu getariarren denbora ontzea, eta Oriorekin eta Kaikurekin osatuko dute lehen txanda igandean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.