FUTBOLA. TXAPELDUNEN LIGA

Ametsetako kondaira

2004ko apirilaren 20a
00:00
Entzun
Behin batean 11 gizonek botereari erronka jo eta euren aldarria liburu mardul batean idazteko aukera izan zuten. Aztiek edabe aproposa aurkitu eta 11 gerlarien arima edozein oztopo gainditzeko prestatu zuten: altxor preziatua begi bistan zuten, belarri handiko harribitxia. Lehiaren esparrua berdina zen guztientzat, baldintzak berberak. Jatorri desberdina, baina izaera bera. Denek amets bat zuten, bertsua; guztiek dohain apartak, eta, apaltasunaren ikurra hartuta, lehian murgildu ziren ametsa egia bihurtu nahian.

Kondairak gaur izango du jarraipena. Aztiek prest dute edabea eta printzerriak dotorezia handiz hartuko du lehen norgehiagoka. Baionako (Lapurdi) luma zuriak jokalari garaiko arima du: lehiakorra, zorrotza eta oldarkorra. Italiarren burdinazko nortasuna eraman du printzerri txikira, eta printze izan gabe errege bihurtzeko bidean da. Gerla txiki eta handietan trebatua da: Italian, jokalari zela, partida bakoitza hamaika gerla txikiz osatua dela ikasi zuen, eta eskolarik onenetik zetorrela kontua hartuta, baliabide guztiak uztartu eta edabe magikoa lortu zuen. Hiru urteren buruan, urratsez urrats, zuri-gorriz jantzitako tropela arrakastaren bidean ipini du, eta hori 35 urterekin egitea ez da erraza.Didier Deschamps estrategak jokalari gazte eta grinatsuez hornitu du bere taldea. Denak Morientesi begira daude aspaldi, baina espainiarra multzoaren osagai bat gehiago da, garrantzitsua, baina beste batzuen laguntzarekin hazi egin den osagaia. Real Madril kanpoan utzita, Monakok izarrak zuritu zituen ipotxaren grinari esker: Ludovic Giuly kapitain txikia da Deschampsen alter ego delakoa, taldeari dinamika eta zorroztasuna ematen diona. Rothen ezkerrarekin sistema osoa mugitzen du eta erasoko atea zabaldu parez pare, Morientes eta Prso erraldoiaren laguntzarekin. Kroaziarra Giulyren anaia handia da: kontraste aberasgarria. Lana gogotik egiten dute denek, talentuz zipriztinduta daude gehienak, eta joko antolaketa zurruna lagun, hara gerla irabazteko hautagai sendoetako bat.Baina Baionako aztiak aurkari gaiztoa izango du ondoko aulkian. Italiarra jatorriz eta joskeraz. Claudio Ranieriren edabea ere magikoa da, baina bere nagusiak zalantzan jartzen du beti. Abramovitxen ezpata lepondoan du italiarrak eta hori ona edo txarra izan daiteke. Tentsioa behintzat izango du Chelseak, baina tentsioa ezkorra denean, gehiegizko arduragatik, kontuz! Osagai bikainak ditu Ranierik edabea prestatzeko. Nolanahi ere, Errusiako aberatsak suari indar handia eman nahi dio eta hamaika osagaiak kiskaltzeko arriskua dago. Deschampsek espioiak ditu Chelsean: Desaillyk, bere lagunik onenak, han jokatzen du oraindik, eta ederki ezagutzen du lapurtarraren formula. Abantaila txikia du, beraz, Londresko taldeak. Erdialdean, Lampard pozoitsua aritzen da: handia nortasunez eta grinaz. Taldea aurrera eraman eta area ertzetik zartakoak jotzen iaioa da: deigarria bere gol-sena. Makelele, Geremi, Joe Cole, Gronkjaer, Duff... eta aurrelariak ere izen handikoak, nahiz eta azken partidetan makal samar ibili: Mutu, Hasselbaink eta Henan Crespo. Ametsa egia bihurtzeko lehian Monako eta Chelsea.

Dragoiak eta Hercules

Hurrengo lehia ere estua izango dela iragarri dute: Atlantikoko uretako gizasemeak ariko dira nor baino nor gehiago. Kantauriko aztiak gidatuko ditu Herculesen semeak: Javier Iruretaren ordua iritsi da. Irundarrak bere edabe bitxia prest du Galizia osoa futbolaz mozkortzeko. Deportivok, oreka eta talentua lagun, dena dauka Europako errege izateko. Entrenatzaileak jakintsu estatusa lortu du, eta altxorra eskuratuz gero, jainko bihurtuko dute Coruñan. Zurrunbilo txuri-urdina prest, Luque, Pandiani, Victor, Valeron, Mauro Silva, Jorge Costa eta enparauekin. Orain dela 15 urte apaltasuna alde batera utzita mundura jo zuen Deportivok, Lendoiro mariskal ausartarekin. Orain, Herculesen indarra du Coruñako taldeak.

Kontuz gero aurkariarekin. Aspaldian portutik itsaso zabalera joandako dragoi andana izango dute aurrez aurre Iruretaren mutilek. Mourinhok azti gaiztoaren traza dauka, begirada zorrotza eta aulkiko diktadoreen planta. Makina garailea osatu du, indarra, diziplina eta Decoren klasea uztartuta. Lana bikain egiten dute blokean, zelai erdi biziki indartsuarekin: Maniche, Costinha, Alenitxev hirukotearen inguruan mugitzen da taldea. Atzean, Ricardo Carvalho da nagusia eta erasoan Carlos Alberto brasildar gaztearen freskotasuna, nabarmentzekoa. Portok eta Deportivok ur handietan ibiltzeko ohitura dute eta, ziurrenik, bi talde indartsu horien artean ñabardurarik txikiena kontrolpean duenak lortuko du azken lehia jokatzeko txartela.

-

Taldeen datuak



 

AS Monako





1924an sortua.Louis II.a estadioa (20.000 lagun). 7 Liga, 5 Kopa, Ligako Kopa bat, Errekopako txapeldunordea (1992).

Chelsea FC





1905ean sortua.Stamford Bridge estadioa (42.449 lagun).Liga bat, 3 Kopa, 2 Ligako Kopa, 2 Errekopa, Europako Superkopa bat.

Deportivo





1904an sortua.Riazor estadioa (32.000 lagun).Liga bat, 2 Kopa, Espainiako Superkopa bat.

FC Porto





1893an sortua. Do Dragao estadioa (52.000 lagun).22 Liga, 12 Kopa, Portugalgo 13 Superkopa, Europako Kopa 1 (1987), Kontinente Artekoa (1988), UEFA 1 (2003).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.