Xabi Zurutuza, KTM Red Bull taldeko pilotua

Ametsetako debutaren zain

Gaur hasiko da Munduko Motoziklismo Txapelketa, baina Xabi Zurutuza legazpiarrak itxaron egin beharko du Moto3 kategorian debuta egiteko, hirugarren zirkuitura arte ez baititu 18 urteak beteak izango.

XABI ZURUTUZA
Xabi Zurutuza, Portimaoko (Portugal) zirkuituan probak egiten. BERRIA
inaut matauko rada
2024ko martxoaren 9a
05:10
Entzun

Munduko Txapelketan aritzea da moto pilotu guztien ametsa. Txikia zenetik, bi gurpilen gainean lasterka dabil Xabi Zurutuza (Legazpi, Gipuzkoa, 2006), eta amets hori betetzear da, Munduko Txapelketako Moto3 kategorian arituko baita aurtengo denboraldian, KTM Red Bull taldean. Portimaon (Portugal) eta Xerezen (Espainia) probetan ibili da azken asteetan, baina itxaron egin beharko du debutatzeko, oraindik ez baititu 18 urteak bete.

Gaur bertan hasiko da Munduko Txapelketa, Lusailen (Qatar). Bigarren proba Portugalen izango da hemendik bi astera, Algarveko Nazioarteko Autodromoan. Zirkuitu horretan ere ezingo du parte hartu, baina bai hirugarrengoan, adinez nagusi izango baita ordurako.

Legazpiarraren zorterako, Argentinako sari nagusia bertan behera utzi zuten; hasiera batean hirugarren zirkuitua zen izatekoa, Lusailekoaren eta Algarvekoaren ostean, baina, Argentinaren egoera ikusita, ez egiteko erabakia hartu zuen Munduko Txapelketak, kategoria guztietan. Hartaz, aurtengo txapelketak 21 sari nagusi izango ditu, eta ez 22.

«Argi dago [Texaskoa] oso zirkuitu zaila dela, bihurguneak bata bestearen atzetik datozelako, eta askotan amaiera ikusten ez delako. Lehen bihurgunea gaizki hartzen baduzu, bigarrena, hirugarrena eta laugarrena ere gaizki hartuko dituzu».

XABI ZURUTUZAKTM Red Bulleko pilotua

Hori dela eta, Texasko Ameriketako Zirkuituan (AEBak) egingo du debuta Zurutuzak Munduko Txapelketan. 5.513 metro luze da Austingo zirkuitua, eta, han inoiz aritu ez bada ere, bideojokoen bidez ari da legazpiarra zirkuitua aztertzen.

Irrikaz dago debuta egiteko, baina lehen bi probak telebistan ikusi beharko ditu. Hala ere, entrenatzen jarraituko du, bai motorrarekin, eta baita fisikoki ere. Kategoria berrian lehiatzen hasteko gogoa ere badu: «Kategoria berria, txapelketa berria, partaide gehienak ez ditut ezagutzen... gogoz nago Texasera joateko».

Zirkuitu zaila

Debuta, baina, Munduko Txapelketako zirkuitu zailenetako batean egingo du: «Argi dago oso zirkuitu zaila dela, bihurguneak bata bestearen atzetik datozelako, eta askotan amaiera ikusten ez delako. Lehen bihurgunea gaizki hartzen baduzu, bigarrena, hirugarrena eta laugarrena ere gaizki hartuko dituzu».

21 zirkuitutan arituko dira Moto3ko partaideak aurtengo Munduko Txapelketan, eta horietako gehienak erlojuaren orratzen zentzua dute, hau da, bihurgune gehiago dituzte eskuinetara, ezkerretara baino. Ameriketako Zirkuitua, baina, kontrako zentzua duten bakanetako bat da. Horrek bereziki zailtzen du, pilotuak ohituago baitaude bihurguneak eskuinetara hartzen. Ibilbidearen luzerak ere zailtzen du Ameriketako Zirkuitua, Munduko Txapelketako luzeenen artean hirugarrena baita, Sepangoaren (Malaysia) eta Silverstongoaren (Erresuma Batua) atzetik.

«Portimaokoak egun arraroak izan ziren, eguraldi oso arraroa egin zuelako: batzuetan, euria, eta beste batzuetan, ez. Halere, oso ondo egon zen».

 XABI ZURUTUZAKTM Red Bulleko pilotua

Horrek, baina, ez dio ilusiorik kentzen Zurutuzari. Irrikaz baino gehiago dago apirilaren 12ko asteburu hori iristeko, nabari baitzaio datorren hilabete hau azkar pasatzeko gogoa: «Oso luzea egiten ari zait hasi arteko tartea. Baina itxaron beharra daukat, eta entrenatzen jarraituko dut momentua iritsi arte».

Texastik Xerezko zirkuitura egingo dute jauzi, hor izango baita laugarren sari nagusia. Austingoa baino hobeto ezagutzen du zirkuitu hori, duela gutxi ibili baita bertan moto berria probatzen. Lehen probak Portimaon egin zituen: «Portimaokoak egun arraroak izan ziren, eguraldi oso arraroa egin zuelako: batzuetan, euria, eta beste batzuetan, ez. Halere, oso ondo egon zen».

Bi proba egun egin zituen Portugalen, eta Xerezen, hiru. Azken horiek, baina, ez ziren espero bezain ondo joan, Xerezko lehen egunean erorikoa izan baitzuen: «Hiru egunetan nahiko izorratuta egon nintzen, baina pozik itzuli nintzen handik».

KTMren deia

Ederki oroitzen du Zurutuzak KTMren deia. «Oso urduri» zegoen, baina baita «oso pozik» ere: «Sinatu nuen une horretan ez nintzen guztiz jabetu aurten Munduko Txapelketara pasatuko nintzela».

Bere burua prest ikusten du Munduko Txapelketarako, nahiz eta onartu duen ohitu egin beharko dela zirkuitu berrietara, baita horrenbeste bidaia egitera ere. Izan ere, normalean autoz egin izan ditu bidaia gehienak, baina aurten makina bat hegaldi hartu beharko ditu munduko txoko batetik bestera joateko: «Denbora asko airean eta etxetik kanpo», azaldu du.

Denboraldi honetan «kilometroak egitea» eta «asko ikastea» dira helburu nagusiak, baina badu sari bat begiz joa: urteko Rookie saria. Hasiberri onenari ematen zaion saria da. Begirada urrunago jarrita, datozen urteetan esperientzia handiagoarekin ikusten du bere burua, eta, gainera, zirkuituak ezagututa; horiek txapelketa irabazteko gakotzat jotzen ditu.

Iazko urrian fitxatu zuen KTMk Xabi Zurutuza legazpiarra, baina lehen bi zirkuituetan ezingo da moto berriarekin aritu, oraindik adin txikikoa izango baita. Hartaz, Austingo Ameriketako Zirkuituan (Texas, AEBak) debutatu beharko du, hirugarren sari nagusian.

MotoGP eta Moto2 kategoriak ere gaur hasiko dira. Zilarrezko mailan, Tony Arbolino italiarra eta Fermin Aldeguer espainiarra dira txapelketa irabazteko faboritoak. Lehen eta bigarren izan ziren iaz Pedro Acosta espainiarraren atzetik, baina, azken horrek MotoGPra jauzi egin duenez, aukera asko dituzte Arbolinok eta Aldeguerrek denboraldi amaieran garaipena erdiesteko.

Kategoria gorenean, berriz, Francesco Bagnaia italiarra iazko garaipena errepikatzeko faborito da, baina Jorge Martin espainiarra gertu izango du berriro iaz bezala. Azken denboraldian zazpi eta lau sari nagusi irabazi zituzten hurrenez hurren, eta puntu askora izan zuten hirugarrena, Marco Bezzecchi italiarra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.