Ametsak ez du etenik

Europako Atletismo Txapelketa jokatu berri da Berlinen, eta Iraitz Arrospide atleta billabonatarrak taldekako zilarrezko domina irabazi du maratoian. Hiru urtean sekulako garapena izan du, eta oraindik hobetzen jarraitzeko asmoa du.

Iraitz Arrospide, Berlinen, Europako Txapelketan irabazitako zilarrezko domina eskuetan duela. BERRIA.
2018ko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
Duela hiru urte Iraitz Arrospidek (Villabona,Gipuzkoa, 1988) korrika egiteari berriro ekin zionean, ez zuen imajinatu ere egingo horren denbora gutxian horrelako garapena izango zuenik. «Garai hartan, maratoi bat egitea zen nire helburua, eta noraino irits nintekeen ikustea». Hiru urte joan dira ordutik, eta Arrospidek sekulako jauzia eman du. Zortzi minutu eta erdi hobetu du marka: 2.24.51 zen, eta 2.16.24 da orain. Horri esker, Europako Atletismo Txapelketan parte hartu du lehen aldiz.

Berlinen lehiatu berri da, eta zilarrezko domina irabazi du taldekakoan Espainiako selekzioarekin: Berlingo kaleetan zehar egin zuen korrika maratoian, eta taldekako zilarrezko domina ekarri du bueltan etxera. 34. postuan sailkatu zen, eta 2.19.49ko marka egin zuen. Bere marka hobetzea lortu ez zuen arren, ontzat jo du denbora, marka hobetzea zaila baitzen Berlinen zegoen beroarekin. Jakitun dago lasterketan zehar zertan huts egin zuen: «Azkarregi atera nintzen; aurreneko bost kilometroetan horren azkar pasatzeak lasterketaren gainerako kilometroetan gehiago sufritzea ekarri zuen».

Hasierako erritmo biziegiak eta beroak bere lasterketa baldintzatu zuten, eta azken kilometroetan dezente sufritu zuen, bereziki bakarrik joan behar izan zuen zenbait kilometrotan: «Denbora tarte batean bakarrik egin behar izan nituen kilometroak, eta hori oso gogorra da psikologikoki. Dena batzen da: beroa, eguzkiak bete betean jotzen du, bakardade sentsazioa... Une horietan oso lagungarria izaten da jarraitzeko norbait edukitzea».

Maratoia amaitu ondoren ere une gogorrak pasatu zituen. Taldeko kideek uste zuten selekzioko lehenengo lau sailkatuek soilik jasotzen zutela domina, eta Arrospide bosgarren izan zen.Zorionez, gutxi iraun zuen nahasmen horrek, eta Arrospide ere domina jasotzera igo zen taldekideekin batera. Gogoangarria izan zela aitortu du Arrospidek: «Nahasmen horren ondorioz, domina jasotzea eta ekitaldia gehiago bizi izan nituen. Domina jarri zidatenean, hunkitu egin nintzen».

Emaitza horrek atletismoan jarraitzeko asmoa indartu dio maratoilari billabonatarrari: «Honaino iritsita, gogoa eta motibazioa ditut entrenatzen segitu eta nire mugak gainditzeko; oraindik badaukat zer hobetua». Hobetzen jarraitzeko, entrenamenduetan bere burua «gero eta gehiago estutzen» saiatzen da. Halere, ez du askorik aldatu bere prestakuntza: «Astean 150-180 kilometro inguru egiten ditut. Bizpahiru egunetan, serieak egiten ditut; pistan, distantzia laburragoak egiten dituzten taldekideekin, distantzia laburragoak baina intentsitate handiagokoak lantzen ditut. Gainerako egunetan, errepidean entrenatzen naiz».

Behobia-Donostia, pizgarri

Orain, igandeko esfortzutik indarberritu eta atseden apur bat hartzeko aprobetxatuko ditu datozen asteak: «Giharrak nahiko azkar errekuperatzen dira, hiruzpalau egunean; baina gorputzak denbora gehiago behar du barrutik lehengora itzultzeko; sistema inmunologikoa nahiko baxu gelditzen da maratoi bateko esfortzuaren ondoren. Horrelakoetan, hiru bat aste gelditzea komeni izaten da, ahalik esfortzu txikiena eginez».

Bere hurrengo lasterketak zeintzuk izango diren jakiteko, lehenbizi, maratoi bat hautatuko du, eta maratoi horren inguruan antolatuko du prestakuntza guztia. Ziurrenik, 2018 amaierako edota 2019 hasierako maratoiren bat hautatuko du, eta, horrela, nahiko denbora izango du gorputzari buelta eman eta lasterketa behar bezala prestatzeko. Dena den, Behobia-Donostia lasterketari ez dio aterik ixten. Iaz, hirugarren sailkatua izan zen, proba horretan lortu duen emaitzarik onena. Inoizko markarik onenaere lortu zuen: 1.02.35. «Ilusio handia egingo lidake aurten ere Behobian parte hartu ahal izateak, baina ikusiko da egutegia moldatzeko aukerarik izango ote dudan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.