Maider Unda. Borrokalaria

«Ametsa beteta, orain gozatzeko egiten dut borroka»

Europako txapeldunorde izan zen joan den larunbatean, Georgian, eta bera ere harrituta dago lortutakoarekin, 36 urterekin egiten ari baita ibilbideko sasoirik onena.

LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
Getxo
2013ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Herenegun itzuli zen Georgiatik Maider Unda (Aramaio, Araba, 1977), 72 kiloz azpiko Europako txapeldunorde izan ondoren. Pozik dago, Londresko Olinpiar Jokoen ondoren bigarren arrakasta baitu jarraian.

Izan al duzu behar bezala jan eta lo egiteko aukerarik?

Asko ez. Tblisin bertan ospatu genuen domina; gero, igandea aireportu eguna izan zen... eta astelehenean, lanera.

Ospatzen ere jakin behar da.

Unea bizi behar da, beti. Parranda txikia egin genuen; hemen egin ezin ditudanez, kanpoan egin behar ditut [barrez].

Bi aldiz brontzezko domina irabazi ondoren, koska bat igo duzu. Zer-nolako balorazioa egiten duzu?

Oso ona, batez ere azkeneko hilabetea ez delako erraza izan. Kosta egin zitzaidan buru-belarri aritzea, bolada txarrean bainegoen. Azken astean buru-belarri hasi, eta zilarra lortzea handia da.

Finalak galtzeak beti ematen du min, baina egunak pasata beste modu batera ikusten dira gauzak?

Mina... Tira, banekien zeinen aurka nuen. Helburua finalera iristea zen, eta lortu genuen; beraz, pozik.

Nola oroitzen duzu finala? Natalia Vorobieva oso ona da, olinpiar txapelduna ere bada.

Argi dago ezin izan nuela ezer egin. Hirutan egin dut berarekin borroka, eta hirutan galdu dut. Iaz minutu bakarra iraun nuen. 21 urte dauzka, eta oraingoz, aurkaririk ez duela dirudi.

Olinpiar Jokoen ondoren esan zenuen beste lau urtez jarraitu nahi zenuela, 39 urteak bete arte. Badirudi bide onetik zoazela.

Nire bidean nire entrenatzailea da noraino hel naitekeen dioena, eta nik hari jarraitzen diot. Nik ere ezin dut ulertu. 35 urterekin brontzezko domina irabazi nuen Londresen, eta orain beste bat, zilarrezkoa. Aurretik lana ondo egina dagoen seinalea da.

Bere garaian goi errendimendurako gunea utzi zenuen. Lorpenek arrazoia ematen jarraitzen dizute orduan hartutako erabakiaz.

Bai, bere garaian bazirudien ez zela ondo aterako, baina denborarekin, begira... Belauneko lesioaren urtea kenduta, zortzi urte dira jarraian emaitzak lortzen.

Jokoetako domina irabazteak asko aldatu dizu bizia?

Bai, baietz uste dut. Zentzu askotan. Nik orain gozatzeko egiten dut kirola, ez amets bat lortzeko. Orain, gozatzeko egiten dut.

Zama handia kendu duzula dirudi?

Pentsa, nire bizitzako ametsa bete nuen.

Eta borrokatzeko garaian? Presio gutxiagorekin aritzen zara orain?

Ez. Tapiz gainera igotzean ni gozatzera joaten naiz, baina borrokatzeko garaian badakit berdin berdin gal dezakedala, inork ez didala ezer oparituko.

Eta borrokatik kanpo? Ospetsu bilakatu zara.

Bai, batzuetan zaila da. Batez ere parrandan ateratzean-eta, jendeak konfiantza hartzen du, eta ez duzu intimitaterik. Bestela, jendeak errespetuz tratatzen zaituenean, oso ondo daramat.

Zu,gainera, herriz herri eta plazaz plaza ibiltzen zara gazta saltzen. Jendeak ikusten zaitu.

Eta erosten du! Bai, hor bai eskertzen dela, ni saltzera bainoa.

Eztabaida sortu da borroka 2020rako olinpiar egitarautik kanpo gelditu daitekeelako.

Nazioarteko Borroka Federazioa lanean hasi da, eta Nazioarteko Olinpiar Batzordearen eskakizunak bete behar ditu. Arautegian nabaritu da jada: hasi da aldatzen. Lehen ez zegoen pasibitaterik, eta hasi dira tapiz gainean borrokari uko eginez gero zigorra jartzen.

Dena ikuskizunari begira da?

Ez, adibidez emakumezko eta gizonezkoen arteko parekidetasunik ez dago. Emakumezkoetan lau maila daude, eta gizonezkoetan zazpi. Hori parekatu baino beste erremediorik ez dute. Gure ametsa Olinpiar Jokoak dira, eta borrokari hori lapurtzea...

Oporrak hartzeko asmoa duzu?

Bai, aste bi. Oporrak entrenatzetik, beste modu batera entrenatuko naiz. Eta, noski, lan egiten jarraitu behar dut; bestela, etxetik botako naute. Nik beti esan dut Olinpiar Jokoen ondoren nire errealitatea nire etxean dagoela.

Hurrengo helburua zein duzu? Irailean da Munduko Txapelketa.

Aurretik Mediterraneoko Jokoak daude. Aurten gauzak patxadaz hartu nahi ditugu. Helburuetara heldu, baina gorputzari atseden emanez. Iazkoa bezalako beste urte bat arriskutsua litzateke gorputzarentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.