Errealitateak batzuetan ametsak gainditzen dituela diote. Mila bider amestua izan den hori, ametsetan mila aldiz ikusia izan den hori, hezur-haragizko zerbait bihurtu zaie bi arraunlari handiri. Eli (Errenteria, Gipuzkoa, 1982) eta Ane Pescador (Errenteria, 1992) ahizpek ez dute inoiz ahaztuko azkeneko asteburua, eta larunbateko estropada bihotzean ondo gordeta edukiko dute betirako. Aurreneko aldiz irabazi zuten bandera taldekide izanda.
Hibaikarekin izan zen, eta Pasai Donibanen (Gipuzkoa). Ane eta Eli errenteriarrak dira, baina aurten arte ez dira inoiz traineru berean aritu. Anek San Juanen egin du ia ibilbide osoa, emakumezko traineru estropadak hasi zirenean Hondarribian ekin bazion ere. Herrian ez zegoen talderik, eta kanpora joan behar izan zuen. Elik, aldiz, herrian osatu du ibilbide osoa, eta hor jarraitzen du. Batzekotan, etxeko ontziak batu behar zituen, eta halaxe izan da. Elkarrekin lorturiko aurreneko garaipena Pasai Donibanen lortzeak ere badu berezitasunik Anerentzat: «Bigarren etxea izan dut herri hau urteetan, eta horrek ere eman dio beste zerbait garaipen berezi honi».
Tostalagun ziren, gainera, bi ahizpak larunbatean, eta baita igandean ere. Bat traineruaren punta batean eta bestea bestean baleude ere, bandera irabazi izana jakin bezain pronto elkarrekin gogoratuko ziren, eta, ondo-ondoan joanda, zer esanik ez. Estu joan zen larunbateko erlojupekoa, eta Hibaika izan zen lanak bukatzen azkena. Banderaren jabe zirela jakin arte segundo luze batzuk igaro ziren. «Elkarri besarkada berezia eman genion; aurreneko garaipena elkarrekin lortzeak merezi zuen halakorik», zioen Anek. Minutu asko pasatu ziren lehorreratu ziren arte, eta, orduan, oraindik barneratu gabe segitzen zuen Elik: «Denborarekin balio handiagoa emango diogu; nekeak eragindako emozioak gaina hartuta gaude oraindik. Denborarekin konturatuko gara zer egin dugun». Asko irabazitakoa da Ane San Juanekin, irabazi beharreko guztiak baitauzka garaipen zerrenda oparo bezain amaigabean, eta larunbatekoari toki berezia egingo diola kontatu zuen: «Oso berezia da gaurkoa».
Bi ahizpak BERRIArekin solasean ari zirela, amaren mezua jaso zuen Elik, zoriontzekoa. «Nola jakin du amak hain azkar?», galdetu zion Aneri. Ama eta bi ahizpak. Eta aita ere gertu, oso gertu, hil zenetik urte batzuk igaro badira ere. Baita izeba-osabak ere, egon gabe baina oso presente, ia traineru barruan denak, bi ahizpei indarra emanez ametsa egia bihurtzeko. Badu azalpena horrek guztiak: «Aitaren eta izeba-osaben errautsak estropada eremu honetan daude zabalduak, uretan, oso arraunzaleak baitziren denak, eta hemen behar zuen gu bion aurreneko banderak», zioten biek, hunkituta. «Zerbaitegatik lortu dugu hemen aurrenekoa», zioen Elik, eta gogora ekarri zuen nola oroitzen den etxekoez ur horietan arraun egiten duen bakoitzean: «Entrenatzen-eta, askotan gogoratzen naiz hemen daudela. Oso leku berezia da hau guretzat».
Gutxien uste zutenean
Estropada jokatu aurretik, larunbat goizean, ba omen zuten halako itxaropen edo uste bat: «Eguna izan zitekeela pentsatu dugu, eta baita asmatu ere». Nekez izango zuten hori buruan duela hilabete batzuk, aurreko denboraldia amaitu eta berehala. Kontrako ustea, eta ziurtasuna ere bai ia, ezingo zutela ametsa gauzatu. Anek arrauna uzteko erabakia hartu zuen, nahikoa zela iritzita. Urte asko arraunean, lotura handia, eta buruak atsedena eskatzen zion, beste gauza batzuk probatzeko gogoa. Baina ezin utzi, eta, neguko traineru jaitsieretan, harridura eragin zuen Hibaikako tostetan azaldu zenean. Larunbatean bertan, bat baino gehiago harritu zen.
Utzi nahi, baina ezin, eta behar hori betetzeko non hobeto Hibaikan baino, etxeko traineruan, eta ahizparen alboan: «Dezenteko eragina izan du ahizpak ni hemen egoteak, jakina. Gogo handia genuen elkarrekin arraun egiteko». Elik biribildu zuen gogo horren baitakoa: «Arrauna bioi gustatzen zaigu asko, eta sufritu egiten dugu, baina baita gozatu ere, eta elkarrekin gozatzea askoz ederragoa da».
Ezagunak dira Pescador ahizpak arraunean, eta ,arraunarekin lortutako oihartzunari esker, beste arlo batzuetan ere ezagun egin dira. Askotan azaldu izan dira hedabideetan, elkarrekin, eta ia beti Kontxako Banderaren atarian. Ane San Juanen arraunean, eta Eli Hibaikan, elkarren arerio estropada preziatua irabazteko lehian. Ahizpa bat traineru batean, bestea bestean, eta horrek erakarri kazetarien arreta. Elkarrekin azalduko dira orain ere, baina talde berean daudela. Hemendik bi hilabete eta gutxira ere izango dute lekua ziurrenik han eta hemen: bi ahizpak lehen aldiz ariko dira Kontxan elkarrekin. Aitaren ametsa beteko dute horrela, ikusi ezin izan zuena: bi ahizpek Kontxan arraun egitea. Eta elkarrekin, gainera; tostalagun.
Eli eta Ane Pescador
Ametsa bete dute
Ane eta Eli Pescador ahizpentzat oso berezia izan zen larunbateko estropada, Pasai Donibanen: traineru berean joanda lehen bandera irabazi zuten, Hibaikan, eta tostalagun izanda. Igandean lortu zuten bigarrena, toki berean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu