Ametsa astiro doa

Hegoafrikako selekzioan gero eta jokalari beltz gehiago daude, baina gizarteko proportziotik urrun daude oraindik. Bihar Munduko Kopako bigarren finalerdia jokatuko dute, Galesen aurka.

Makazole Mapimpi Hegoafrikako selekzioko hegalekoa entsegu bat egiten, Japoniaren aurkako final-laurdenetako partidan. KIMIMASA MAYAMA / EFE.
Imanol Magro Eizmendi.
2019ko urriaren 26a
00:00
Entzun
Irailaren 6an hil zen Chester Williams, 49 urterekin. Errugbiko Munduko Kopa noiz hasiko zain irrikan zegoela, bihotzekoa izan zuen. Lau urtean behin, mundu guztiko kazetariek jotzen zuten haren etxeko atea. 1995ean Munduko txapeldun izan zen Hegoafrikarekin, eta bera zen taldeko jokalari beltz bakarra. Selekzio haren inguruan idatzitakoek mundu mailan ezagun egin zuten, eta integrazioaren ikur zen bere herrialdean. Williams baikorra zen, eta, hil aurretik emaniko azken elkarrizketetako batean zioenez, pozik zegoen errugbia Hegoafrikako beltzen artean izaten ari zen gorakadarekin. Baina oraindik ez da gizartearen isla, inondik ere.

Errugbi selekzioa apartheid politikaren ikurretako bat izan zen. Hegoafrikako biztanleen %8 soilik dira zuriak, eta hala ere, selekzioko ia jokalari guztiak ziren zuriak. Dikotomia argia zen: futbola beltzen kirola zen, eta errugbia, zuriena. Txiroak eta aberatsak. 1995eko tituluaren ondoren, errugbia beltzen auzoetan zabaltzeko programak abiatu zituzten, eta 24 urte geroago bilakaera uste baino motelago doa, elitean behintzat. Hegoafrikak Munduko Koparako deitu dituen 31 jokalarietatik hamabi dira beltzak, eta Japoniaren aurka sei aritu ziren hasieratik. Tartean dago Siya Kolisi kapitaina.

Astiro doa, baina bilakaera egon badago. Munduko Kopa bakoitzean gero eta gehiago dira selekzioan parte hartzen duten jokalari beltzak: %20, 2003an eta 2007an; eta %27, 2011n eta 2015ean. 2007an ere munduko txapeldun izan zen Hegoafrika, eta final hartan bi jokalari beltz aritu ziren: Jon Paul Pietersen eta Bryan Habana mitoa. Prozesua bizkortzeko, urteak dira Hegoafrikako Gobernuak arraza kupoak ezarri dituela kirolean, talde eta selekzioetan gutxieneko jokalari beltz kopuru bat ezarriz.

Kupoen legeak eztabaida handiak sortu ditu. Hegoafrikako Cricket Federazioak helegitea jarria dio, eta Nazioarteko Olinpiar Batzordeak gertutik jarraitzen du, bere arautegiaren aurkakoa baita. Ahots kritiko asko dago herrialdean, eta Kolisirena berarena da bat: «Ez dut uste Nelson Mandelak kupoak gustuko izango zituenik. Nik nire mailari esker egon nahi dut selekzioan, ez nire azalaren kolorearengatik».

Hegoafrikako Gobernuak, baina, argi du kupoei eutsi behar diela, iritzi publikoa aurka izan arren. 2018an eginiko inkesta batean herrialdeko beltzen %84 aurka agertu ziren, eta zurien %96. Errugbia eta arrazakeria auziak, dena den, maiz joan dira eskutik. Aurten, esaterako, beltzen eskubideen aldeko hainbat elkartek Eben Etzebeth aurrelaria selekziotik kanpo uzteko eskatu zuten. Etxegabe beltz bati irain arrazistak egitea eta hura indarkeriaz tratatzea egotzi diote. Rassie Erasmas hautatzaileak, ordea, zurrumurru bat baino ez zela esan zuen. Kapitainak ere babestu zuen. Hala ere, Hegoafrikan zorrozki aztertzen dituzte selekzioko kideak. Urrunago joan gabe, txapelketa honetan Italiari irabazi ondoren, jokalari zuri multzo batek elkar besarkatuz ospatu zuen garaipena, eta Makazole Mapimpi kide beltza alboratzen zutela zirudien. Mapimpik berak eta Erasmasek publikoki esan behar izan zuten ez zela horrela, taldeko ordezkoek duten txantxa propio bat baizik. «Alarma faltsu bat» zela esan zuen Erasmasek. Diplomazia aditu bilakatu da karguan daraman urte eta erdian.

Selekzio bat eta erdi

Ingalaterrak eta Zeelanda Berriak Japoniako Munduko Kopako lehen finalerdia jokatuko dute gaur (10:00). Hegoafrikak, berriz, azken urteko gorakada borobiltzeko aukera du bihar, Galesen aurka (10:00). 2007an jokatu zuen finala azkenekoz, eta hamar urte egin ditu Lau Nazioak irabazi gabe. 2019an, baina, hego hemisferioko titulua lortu du berriz, Zeelanda Berriarekin berdindu eta Australia eta Argentinari irabazita. Kupoen aurkakoek legedi berriari egotzi zioten urteetako txakalaldia, baina Hegoafrikako taldeen egoera ekonomikoak ere eragin dio errugbi selekzioari. Nola? Bada, atzerriko ligetara joaniko jokalariak beste selekzio batzuekin lehiatzen hasi dira.

Munduko Kopa honetan, Hegoafrikak selekzio eta erdi izan du, hamabost baitira beste selekzioetan aritu diren jokalariak. Ez da salbuespena, txapelketan aritu diren jokalarien %22 ez baitira aritu bere jaioterriko nazioan. Hegoafrikarrak, gainera, maila oneko selekzioetan aritu dira: lau Japoniarekin, hiru AEBetako selekzioan, bina Irlandan eta Eskozian, eta bana Australia, Italia, Frantzia eta Kanadan. Azken hamarkadetan 69 izan dira beste selekzio batzuekin jokatu duten hegoafrikarrak. Esaterako, hamar dira Frantziarekin jokatu duten hegoafrikarrak, eta zazpi Ingalaterrarekin aritu direnak. Horiek dira Europako liga indartsuenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.