Ametsa antolatu nahi dute

Gaur hasiko da Espainiako Kopa Zaragozan. Araski eta Gernika bertan izango dira. Arabarrek Zaragozaren aurka jokatuko dute, eta bizkaitarrek, Gironaren aurka.

Maria Asurmendi (Araski) baloiarekin, eta Itziar Ariztimuño (Gernika) defentsako lanean, bi taldeek Malosten jokatutako derbian. FLICKR GERNIKA BIZKAIA.
Beñat Mujika Telleria.
Gasteiz
2023ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Asteburuero erregulartasuna erakutsi behar izaten dute Araskik eta Gernikak Espainiako Ohorezko Mailan, eta horretan saiatu dira sasoia hasi zenetik. Lehen itzulia amaitzean, saria izaten dute zortzi talde onenek, eta gaur dute hori dastatzeko aukera. Gaur hasiko da 2023ko Espainiako Kopa, Zaragozan. Gaur bertan egingo du debuta Araskik (20:30, Tdp). Zaragozaren aurka jokatuko du, etxeko taldearen aurka. Gernikaren txanda, berriz, bihar izango da. Girona izango du aurkari (18:30, Tdp): garaikurra irabazteko hiru faboritoetako bat.

Beste lehiaketen aldean, oso txapelketa desberdina da Espainiako Kopa. Asteburu bakarrean jokatzeak ez du estropezu egiteko aukerarik ematen, eta kale edo bale egiten dute zortzi taldeek. Emozioak eta urduritasunak pil-pilean izaten dira, baina taldeari lasaitasuna ematen ahaleginduko dira Itziar Ariztimuño (Bilbo, 1998) Gernikako antolatzailea eta Maria Asurmendi (Iruñea, 1986) Araskikoa.

Araskik jokalari asko ditu lehiaketa hau inoiz jokatu gabeak —sei guztira—, baina Asurmendi kapitainak esperientzia handia dauka; hiru aldiz irabazi du Espainiako Kopa. «Kopa hainbestetan jokatuta, badakit zer aurkituko dudan, eta gazteei laguntzen ahalegintzen naiz. Oraindik Gasteizen gaudenez, lasai gaude, baina autobusera igo orduko etortzen dira emozioak, eta kontrolatu egin behar ditugu».

Gernikarrei dagokienez, «berezia» izango da kopa Ariztimuñorentzat. Antolatzaileak ezin izan zuen iazko kopan parte hartu, eskuko lesio baten ondorioz, eta aulkitik sufritu behar izan zuen: «Kopa beti da pizgarri bat edozein jokalarirentzat, baina iaztik arantza bat daukat sartuta, eta aurten ohi baino gehiago gozatu nahi dut». Ez dute partida erraza izango, baina. Girona ligako talde sendoenetako bat da, eta, jokalari garrantzitsu asko min hartuta badauzka ere —adibidez, Irati Etxarri—, talde luzea dauka Bernat Canutek. «Denak egon edo ez, Girona beti da Girona. Kalitate handiko jokalariak ditu, eta oso fisikoak. Partida zaila izango da», nabarmendu du Ariztimuñok. Neurketaren zailtasunaren jakitun, bizkaitarrek argi daukate zer egin behar duten garaipena eskuratzeko: «Errebotea zaindu behar dugu, eta defentsarako landu ditugun kontzeptuak barneratu».

Erregulartasunaren bila

Araskiri lau multzoburuetatik ahulena egokitu zaio. Zaragoza denboraldi bikaina egiten ari da, baina beste hiru multzoburuak besteen gainetik daude. Zaleen aupada izango dute etxekoek, baina hori kontra ere izan dezakete Asurmendiren hitzetan: «Pabiloia beteta egongo da, eta hori pizgarri da haientzat. Baina zaleen aurrean irabazi beharraren presioa ere izango dute. Irabazi behar horrek min eman diezaieke, eta guretzat albiste ona da».

Aurten Araskik zerbait erakutsi badu, erregularra dela erakutsi du. Ez emaitzetan akaso, baina bai jokoan. Made Urietaren taldeak beti dira lehiakorrak, eta, horregatik, multzoburuek saihestu egin nahi izaten dute Gasteizko taldea: «Araskik beti erantzun du ondo Kopan. Azken bietan finalerdietarako sailkatu gara, eta hori ez da erraza multzoburu izan gabe». Kapitainak badaki nolako garrantzia daukan lehen neurketak, eta «oso kontzentratuta» egon beharko dutela azpimarratu du: «Hasieratik buruz buru aritu behar dugu, eta, ligako partidetan ez bezala, ez diegu alderik hartzen utzi behar. Jokoari dagokionez, baloi gutxi galtzea izango da gakoa, oso talde arriskutsua baita trantsizioan. Haien erritmoa gelditzen badugu, aukerak izango ditugu lehia irabazteko».

Gernika talde irregularragoa izan da sasoi osoan. Anna Montañanaren taldeak lesio asko izan ditu orain arte, eta tartean jokalari aldaketa asko izan dituzte. Horrek gorabeherak ekarri dizkio taldeari emaitzei dagokienez, baina jokalari guztiak prest ditu Montañanak Zaragozako asteburu handirako. «Gorabehera handiko taldea izan gara sasoi honetan. Oso urte zaila izan da lesioak eta hainbeste fitxaketa tarteko, baina taldeak urrats bat egin du aurrera, eta bizirik irauten jakin dugu», aitortu du Ariztimuñok.

Bilboko antolatzaileak esperientzia handiko jokalari bat du alboan egunerokoan. Sandra Ygueraviderekin batera aritzen da antolatzaile lanetan, eta «luxu» hutsa dela nabarmendu du Ariztimuñok: «Sandra Europako jokalari onenetariko bat da, eta taldekide bikaina. Nik aukera baten gisan ikusten dut. Asko ari naiz hobetzen haren ondoan, eta ikasten jarraitu nahi dut».

Min hartuta egon diren jokalarietako bat da Ygueravide. Hilabete inguru eman zuen kantxatik kanpora lesio batengatik. Taldeko izarra galtzea kolpe gogorra izaten da beti, baina Ariztimuñok hartu zuen taldearen gidaritza, eta partida osoak jokatu zituen Bilbokoak. Ygueravidek berak esaten zion «aurrerako urrats bat egiteko garaia» zuela, eta horretan ahalegindu zela adierazi du: «Nire eskuetan zegoen guztia ondo egiten ahalegindu nintzen taldeak funtzionatu zezan. Ez nintzen urduritu. Aukera bat izan zen niretzat, eta baliatu egin behar nuen».

Lehen partida irabaziz gero, Valentzia edo Estudiantes izango du aurkari finalerdietan Araskik, larunbatean. Gernikak, berriz, Bartzelonaren edo Avenidaren aurka jokatuko du Zaragozari irabazten badio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.