Egun gutxi batzuk ziren Maialen Axpek (Arrasate, Gipuzkoa, 1993) aspaldiko berririk onena jaso zuela: Diamantezko Ligako proba batean ariko zen estreinakoz, hots, atletismo bilera garrantzitsuenak biltzen dituen lehiaketan. Stockholmen lehiatuko zen, non eta hango olinpiar estadioan.
«Sekulako aukera zen. Amets bat beteko nuen». Axpe ari da hitz egiten. Lehenaldian mintzatzen da, ametsa amesgaizto bilakatu baitzaio. Gaur zen lehiatzekoa, Stockholmen, baina etxean geratu behar izan du. Iberia Espainiako hegazkin konpainiak zapuztu du haren ametsa. Iberiak atzo ez zion utzi pertikak fakturatzen Francis Hernandez Axperen entrenatzaileari. Betebehar guztiak eginda zituzten, eta gastu guztiak ordainduta. Alferrik. Hernandezi ez zioten baimenik eman pertikak hegazkinean sartzeko, ez erakusmahaian zegoen langileak lehenbizi, ezta Iberiako koordinatzaileak ere gero. Esan zioten ez zirela kabitzen. Iberiak gero zehaztu zuenez, zama moduan joan behar zuten pertikek, baina, Hernandezek azaldu zuenez, Iberiakoek aurrez esan zioten ez zegoela horren beharrik.
Madrilen gertatu zen, Barajasko aireportuan, Hernandez preseski joan baitzen hara, autoz, arazoak saihestu aldera, eta bidea gauez eginez. Eskuetan zituen Axperen pertikak —4,40 metroko luzera eta hemezortzi kiloko pisua du bakoitzak—. «Ez genuen nahi ezerk eragoztea Maialenek Stockholmen parte hartzea. Horregatik, nik neuk eraman nituen pertikak aireportura, autoan».
Handik deitu zion telefonoz Axperi, eta gertatutakoa azaldu. Esnatu berria zen, eta prest zen Loiuko aireportura abiatzeko, handik Stockholmera joateko. «Ohetik altxatu berri deitu dit Francisek, eta azaldu dit Iberiakoek esan diotela ez dagoela tokirik pertikak sartzeko, ez direla kabitzen. Baina hori ez da egia. Badakigu kabitzen direla. Inoiz ez digute egin halakorik. Erakusmahaiko langilearen eta Iberiako koordinatzailearen egoskorkeria izan da».
Axpe eta Hernandez saiatu ziren beste aukeraren bat topatzen, baina atzo Madrildik Stockholmera zihoazen hiru hegaldiak Iberiarenak edo Vuelingenak ziren, eta batean zein bestean ez zieten uzten pertikak sartzen. Baztertu egin zuten, halaber, probaren egunean bertan bidaiatzea. «Arratsaldeko bostetan hasiko da pertikako proba. Beraz, ezinezkoa da garaiz iritsi eta taxuz lehiatzea», azaldu zuen Axpek. Ez zitzaien burutik pasatu ere egin harenak ez diren beste pertika batzuekin jauzi egitea. «Jauzilari bakoitzak bere pertikak ditu. Gure pertikekin bakarrik egiten dugu salto». Ondorioak: ezin lehiatu Diamantezko Ligaren gisako proba entzutetsu batean, eta hegaldiak eta ostatuak bertan behera geratu izanak eragindako kalte ekonomikoa; 1.500 euro inguru. Hori, eta sekulako pena. «Beste egun batean gertatu izan balitz, agian ez nuen halako penarik hartuko, baina aukera bikaina zen hau. Pentsatu nahi dut etorriko dela honen buelta, eta iritsiko dela zerbait hobea. Esan diot Francisi badaezpada helikoptero bat erosi beharko dugula».
Ametsa, amesgaizto
Maialen Axpe Stockholmen lehiatzekoa zen gaur, Diamantezko Ligan, baina etxean geratu behar izan du, Iberiak ez baitio utzi haren entrenatzaileari pertikak fakturatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu