Ametsen antzokia deitzen diote Manchester Uniteden estadioari: Old Traffordi. Realak amets egin nahi zuen gaur han, etxeko taldea kanporatu eta Europa ligako final-laurdenetarako sailkatzearekin amets egin. Baina ametsen antzokia amesgaiztoena bilakatu zaio. 4-1 galdu du final-zortzirenetako itzuliko partidan, eta lehiaketatik kanpo geratu da.
Nekez espero zitekeen halako astindurik partida nola hasi den kontuan hartua. Seigarren minutuan, Aritz Elustondok baloia erdiratu du eskuinetik, eta De Ligtek ostikoa eman dio Oiartzabali area txikian errematatzear zela. Epaileak jokoz kanpo adierazi du hasieran, baina VAR sisteman jokaldia ikusi eta gero, penaltia adierazi du. Oiartzabalek bota du, eta, joanekoan egin bezala, gola sartu du. Hamargarren minutua zen. Ametsa gertuago zegoen.
Baina Realari gutxi iraun dio pozak, hiru minutu eskas geroago jokaldi ia bera gertatu baita, baina bere kaltetan: Bruno Fernandesek erdiratu egin du eskuinetik, eta Hojlund lurrera erori da Zubeldiarekin lehian ari zela. Epaileak penaltia adierazi du, eta Bruno Fernandesek banakoa lortu du. Hamaseigarren minutua zen. Berriro hasten zen norgehiagoka.
Berdinketak Manchester United hauspotu du, eta aurrerapausoa eman du. Realak, aldiz, atzera egin du. Etxekoen nagusitasuna, ordea, antzua izan da, eta, lehen zatiko azken minutuetan, Imanol Alguacilenek aurkariaren presioa kendu dute gainetik. Atsedenaldian, hasi bezala zegoen kanporaketa: berdindua.
Huts larriak
Penalti bati esker berdindu du Manchester Unitedek, eta modu berean jarri da aurretik bigarren zatia hasi eta berehala. Aritz Elustondok eta Dorguk tupust egin dute, eta epaileak ez du zalantza egin. VAR sistemak, gainera, arrazoia eman dio. Bruno Fernandesek jaurti du berriro, eta aurrenekoan bezala, ez du huts egin. 49. minutua zen. Oso ondo hasia zena erabat okertu zaio Realari.
Imanolek hiru aldaketa egin ditu batera: Aramburu, Turrientes eta Barrenetxea zelairatu ditu Zubeldiaren, Marinen eta Beckerren ordez. Aldaketek mesede egin diote Realari, baina, pixkanaka gora egiten ari zela, 63. minutuan, Zirkzeek pase neurtua eman dio Dorguri, eta hura eta Aramburu bakarrik geratu dira Remiroren aurrean. Atzelariak falta egin dio Manchester Unitedeko jokalariari, eta epaileak txartel gorria atera dio. Donostiarrek jokalari bat gutxiagorekin jokatu beharko zuten azken ordu erdi pasatxoa. Erronka jada zaila bazen, zer esanik ez horrelako desabantaila izanda. Handia zen zailtasuna, baina era berean, gol bakarra nahikoa zuten partida eta kanporaketa berdintzeko.
81. minutuan, Zirkzee bitan egon da norgehiagoka erabakita uztear, baina batean Remirok zapuztu du haren nahia, eta bestean punteria faltak. 84. minutuan, berriz, epaileak laugarren penaltia adierazi du, hirugarrena etxekoen alde, baina VAR-ak esan dio ez dela izan. Bi minutu geroago, ordea, Bruno Fernandesek erabakita utzi du lehia, hirugarren gola sartuta, kontraerasoan. Dalotek eman dio azkena Realari, 91. minutuan, laugarren gola sartuta.
Partida amaieran, Imanolek eta jokalariek gogor kritikatu dute epaileak egindako lana, eta azpimarratu partida "baldintzatu" duela.
MANCHESTER UNITED-REALA
Manchester United. Onana; Mazraui, De Ligt, Heaven; Dalot, Casemiro (Collyer, 79. min.), Bruno Fernandes, Dorgu; Garnacho, Hojlund eta Zirkzee (Eriksen, 89. min.).
Reala. Remiro; Aritz Elustondo (Traore, 80. min.), Zubeldia (Aramburu, 56. min.), Aguerd, Aihen; Brais Mendez, Zubimendi, Marin (Turrientes, 56. min.); Kubo (Oskarsson, 76. min.), Oiartzabal eta Becker (Barrenetxea, 56. min.).
Golak. 0-1. Oiartzabalek, penaltiz (10. min.). 1-1. Bruno Fernandesek, penaltiz (16. min.). 2-1. Bruno Fernandesek, penaltiz (50. min.). 3-1. Bruno Fernandesek (86. min.). 4-1. Dalotek (91. min.).