Espainiako Vueltan izandako arrakasta dastatzeko apenas izan duen betarik Juanjo Orozek (Iruñea, 1980). Lan eta lan dabil, erronka berriei begira. «Irribarre batekin, hori bai». Emaitzak harrobi filosofiari eutsiz lortu ditu Kern Pharmak, eta aurrerantzean ere hala izatea nahi du Orozek. Zailtasunak zailtasun, txirrindulari multzoari eusten saiatuko da. «Geroz eta talde erakargarriagoa gara ziklistentzat».
Igandean bi aste izango dira Vuelta bukatu zela. Lorturiko hiru garaipen ondoren, nola sentitzen zarete orain?
Zorioneko sentitzen gara Vueltan bizi izan dugun guztiagatik. Sekulakoa da kirol hau txikitatik maite izan dugunontzat. Harrobi filosofia da gure ardatza, eta pentsa noraino iritsi garen: hiru aldiz garaile munduko lasterketarik onenetako batean. Oso harro nago.
Onenen pare aritu zarete, talde gonbidatua izanagatik. Oso gutxitan ikusten da hori itzuli handietan. Zein izan da sekretua?
Gure balioei jarraituz lan egin izana. Gazteengan konfiantza osoa dugu: Vueltan aritu diren txirrindulari guztiak gazte mailatik ezagutzen genituen. Nik horri ematen diot balio handien. Norabidea alda dezakezu behin talde profesional bihurtuta, baina guk beti garbi eduki dugu zein den gure kirol kultura. Ez da erraza izan, baina orain dela hiru urte txirrindulari multzoa aldatu izan bagenu, ez ginen iritsiko iritsi garen tokira. Horrez gain, oso eskertua natzaie gainontzeko zuzendariei, sekulako lana egin baikenuen Vueltaren aurretik. Gauzak oso garbi izanik iritsi ginen lasterketara.
Vueltaz harago, pozik zaude osatu duzuen denboraldiarekin?
Bai, oso pozik. Gure ideiekiko fidelak izaten jarraitu nahi dugu, eta, era berean, UCIren sistemara egokitu behar dugu, puntuen bilaketan arreta jarrita. Bada, apustua hasieratik atera zaigu ondo. Emaitza onak lortu ditugu egun bateko probetan, baita Kataluniako Voltan eta Euskal Herriko Itzulian ere. Eta Vueltan, biribildu egin dugu denboraldia. Beste egutegi bat aton genezaken, urte barruan garaipen gehiago lortzeko [bakarra zuten Vueltaren aurretik]; ordea, arreta lasterketarik onenetan jartzen dugu guk. Momenturik egokienean eman dugu mailarik onena.
Bosgarren urtea duzue talde profesional gisa. Espero bezala ari zarete epeak betetzen, edo uste baino azkarrago zoazte?
Kontinental mailan oso urte ona egin genuen, eta azken lau denboraldiak ProTeam mailan eman ditugu. Anbizio handia izan dugu beti, baina ez genuen espero Vuelta honetan hiru etapa irabazi, eta hamabost etapatan hamar onenen artean izaterik. Ez dakit fruituak espero baino lehenago jaso ditugun ala ez. Ordea, garbi dago zentzu guztietan ari ginela hazten. Pixkanaka eta etenik gabe hobetzea da gure helburua. Hala izan da orain arte, eta hala jarraituko dugu.
Gazteak, behin loratuta, talderik indartsuenetara joaten dira. Pablo Castrillok, adibidez, berandu gabe egingo du urratsa. Onartua duzue egoera hori?
Txirrindulariak hemen luzaro gelditzea nahi dugu guk. Modako taldea gara, egindako lanari eta lortutako emaitzei esker. Hemen arrakasta lor daitekeela erakutsi dugu. Geroz eta talde erakargarriagoa gara ziklistentzat. Gauzak hala, txirrindulari multzoari eustea da gure helburua, eta denok elkarrekin urratsak egiten jarraitzea. Ez nago itsu: badakit gure txirrindulariak interesgarriak direla munduko taldeentzat. Baina guk ere badugu zer eskaini.
Dagoeneko hasiak zarete taldea indartzen. Nolako taldea osatu nahiko zenuke datorren urtean?
Pozik nago daukadan taldearekin. Harrobira jo dugu, eta, horrez gain, Mats Wenzel fitxatu dugu. Punta-puntako txirrindulari bat da; gaztea, eta talentu handikoa. Gainera, lan handia du gurekin egiteko. Horri garrantzi handia ematen diot. Gazte guztiak ez dira iritsi bezain pronto nabarmentzen, baina garbi dut txirrindulari handiak trebatzen jarraituko dugula. Arlo guztietan ari gara hobera egiten; kirol arlotik kanpo ere bai.
«Modako taldea gara, egindako lanari eta lortutako emaitzei esker. Hemen arrakasta lor daitekeela erakutsi dugu»
Oso zaila da gorenean irautea; areago, harrobian oinarritutako talde batentzat. Erronka handia izango duzue hemendik aurrera.
Gure esentzia galduta, ordea, dena galduko genuke. Amets handiak ditugu: Vuelta irabazi, Tourrean parte hartu… Baina hori ez litzateke arrakasta izango, gu geu izateari utziko bagenio. Guretzat, garaipenak lortzeko modua da garrantzitsuena. Hau da, emaitza horietara iristeko zer bide egin dugun, eta zer transmititu diogun jendeari.
Hortik harago, zer helburu duzue esku artean?
Talderik onenetako bat izan nahi dugu ProTeam mailan. Horrek sarbidea bermatuko liguke lasterketarik onenetan. Luze gabeko helburua da hori. Gora goaz UCIren sailkapenean, eta 26.ak gara orain. Bada, datozen bi urteetan 25 onenen artean finkatu nahiko genuke.
Horrekin batera, Vueltan urtez urte egoten saiatuko zarete, errotazio sistemari izkin eginez.
Gu oraindik ez gaituzte bi urtez jarraian gonbidatu, eta hori funtsezkoa da guretzat. Erakusleiho handia izanik, hurrengo mailara joateko aukera emango liguke Vueltan urtez urte lehiatzeak. Antolatzaileei oso talde interesgarria garela erakutsi behar diegu. Bide onean gaude, eta itxaropena dugu.
«Guretzat funtsezkoa da Vuelta urtez urte lehiatzea. Beste koska bat igotzeko aukera emango liguke»
Zer iritsiko da lehenago: Frantziako Tourraren gonbidapena, edo World Tourreko lizentzia?
Gure lehentasuna, oraintxe, Frantziako Tourra da. Helburu erakargarriagoa da guretzat.
Datorren guztia garbi dago nori eskainiko diozuen: Manolo Azkona zenari.
Bizikleta utzi eta bost egunera deitu ninduen. Plazer handia izan da urte hauetan harekin lan egitea. Orain, proiektua garatzen jarraitzea da egin dakioken omenaldirik onena. Geroz eta jende gehiago dago Kern Pharma bultzatzeko prest, eta oso pozgarria da. Vueltan, adibidez, zaletasun handia piztu dugu. Hori izan da garaipenik handiena. Inspirazio iturri izan nahi dugu jendearentzat.