Qatarko Munduko Kopa

Amets handi baten zaindariak

Atezainen esku egoten da, hein batean, Munduko Kopa irabazteko giltza. Hala, ohi baino arreta handiagoa erakartzen dute. Qatarren «bikaintasunetik gertu» dabiltza, Juan Carlos Unzueren ustez.

Dominik Livakovic Kroaziako atezaina, Japoniak jaurtitako penaltietako bat geratzen. FRIEDEMANN VOGEL / EFE.
enaut agirrebengoa
2022ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Behin kanporaketetara iritsita, eskurik esku ibiltzen da ilusioa. Gailurra talde denek ikusten dute eskura. Azkenean, bi eskuk altxatzen dute garaikurra. Eta aurrez, beste bi eskuk uxatzen dute ametsetik nahi baino lehenago esnatzeko beldurra. Atepean dira zaindari, eta forma ematen diote arrakastari. Loria lortzeko, ate aurrean behar da zoria. Baina, orobat, atezainei esker lortzen da Munduko Kopan saria. Qatarren, jada batek baino gehiagok egina du miraria.

Multzoen fasea igarota, zirt edo zart egiteko tenorea iristen da. Partida bakarrak erabakitzen ditu kanporaketak, eta, lantzean behin, penaltiek ematen dute azken epaia. Hori horrela, atezainen jardunak ohiz kanpoko oihartzuna izaten du. «Funtsezkoak» dira Munduko Kopa bezalako txapelketa labur batean, Juan Carlos Unzue (Iruñea, 1967) atezain eta teknikari ohiak azaldu duenez. «Atezain on bat edukiz gero, asko handitzen dira aurrera egiteko aukerak». Atepeko lanari «beti merezi duen aitortza» egiten zaio Munduko Kopan. «Gutxienez, aurrelariak bezain garrantzitsuak dira atezainak. Golak, sartu ez ezik, saihestu egin behar dira, eta atezainak erabakigarriak dira zeregin horretan».

Faborito gehienek garaipen samurrak lortu dituzte final-zortzirenetan. Baina aurrelariek golen txorrota ireki aurretik, atezainek itoginak konpondu behar izan dituzte: horren adibide dira Noppertek Pulisici, Llorisek Zielinskiri eta Pickfordek Diari egindako geldituak, hurrenez hurren Herbehereek, Frantziak eta Ingalaterrak irabazitako lehietan. Markagailua artean hutsean zela agertu ziren; Emiliano Martinezek, berriz, Argentinaren garaipena ziurtatu zuen beso salbatzaile batez, neurketako azken jokaldian. Hau da, lan gutxi eduki arren, erne egon dira une oro, eta bikain erantzun dute arrisku handiko egoeretan. «Hori da selekzio handietako atezainen zailtasun nagusia. Kontrarioak gutxitan hurbiltzen zaizkie, baina partidan sartuta jarraitu behar dute», azaldu du Unzuek. Halere, atezain ohiaren aburuz, garai batean baino errazagoa da orain atepean arretari eustea. «Azken 25 urteetan bilakaerarik handiena izan duen postua da, araudian izan diren aldaketak eta jokatzeko modu berrien agerpena tarteko. Orain, jokoan parte hartu behar dute atezainek. Maiz atepetik atera behar izaten dute, aurkariaren gol aukerak galarazteko. Eta oinarekin ere jokatu behar dute: libre egoten direnez, baloi asko pasatzen dizkiete».

Batzuk abilak dira baloia hanketan dutela. Ordea, hutsak oso garesti ordaintzen dira: horren erakusgarri dira Borjanek multzoen fasean eta Ryanek final-zortzirenetan izandako komeriak. Baloia galdu, eta gola oparitu zuten. Halako hanka sartzeak ofizioaren parte direla uste du Unzuek. «Atezain izanik, onartua izan behar duzu hutsegitea zure bizikidea dela. Azken jokalaria zara, eta arrisku egoeran zaude beti». Okerrak oker, atezaina jokoan sartzearen aldekoa da Unzue. «Balioa eman behar zaio atezainaren lehen pasearekin lortzen denari. Jokaldi on askoren abiaburu izaten da, lehen nagusitasun egoera sortzen duzulako, gero abantailaz eraso egiteko».

Intuizioaren garrantzia

Penalti jaurtiketak dira atezainen erakustokirik behinena. Arriskuaren aurrean bakarrik daude, eta, asmatuz gero, heroi bihurtzen dira. Livakovic kroaziarraren kasua da. Ez bat, ez bi; hiru penalti geratu zizkion Japoniari. Marokon, Bonok jantzi zuen kapa, luzapenaren ondoren Espainiari bi penalti geratuta. Askorentzat harrigarria izan daitekeen arren, atezainek beti abantaila bat dutela nabarmendu du Unzuek. «Jaurtitzaileek aukera bakarra dute, baina atezainak, gutxienez, bost. Partidan zehar penaltiak jaurtitzen dizkizutenean baino errazago asma dezakezu».

Atezainek informazio asko izaten dute eskura. Badakite jokalari bakoitzak nora jaurti ohi duen. Haatik, datu jasa ez da beti lagungarri suertatzen. «Ez badago joera garbi bat, atezaina zer egin ez dakiela gera daiteke». Estatistiken erabilera «baliagarria» dela uste du Unzuek, baina batez ere atezainen «intuizioan» sinesten du. «Batzuetan, nahikoa da jaurtitzailea nola kokatu den eta baloira nola hurbildu den ikustea».

Selekzio bakoitzak hiru atezain izaten ditu, baina bakarrak jokatzen du normalean. Hartara, gutxi dira Munduko Kopan eskularruak janzteko aukera dutenak. «Ez da erraza, baina atezainak ohituta daude horretara, eta gauza handia da halako torneo batean egote hutsa». Salbuespen gisa, Qatarren Brasilgo selekzioko hiru atezainek izan dute jokatzeko aukera. Alisson da titularra, eta haren maila goratu du Unzuek. «Edersonekin duen lehiak on handia egiten dio». Oro har, atezainak «oso ondo» dabiltzala uste du, «bikaintasunetik gertu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.