Txirrindularitza. Patxi Vila

«Amets gehienak bete ditut»

2001ean 'ibanesto.com' taldearekin hasitako ibilbidea Utensilnordekin itxita, erretiroa hartzea erabaki du Patxi Vila txirrindulariak2006ko Paris-Nizako etapa garaipena da beratarraren kirol lorpenik handiena

Patxi Vila beratarra, aurtengo Euskal Herriko Itzuliaren atarian BERRIAk egin zion elkarrizketaren une batean. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
unai zubeldia
Donostia
2012ko urriaren 10a
00:00
Entzun
«Bizitza osoa bizikletaren gainean igaro ostean, iritsi da orrialdea pasa, gazteenei lekua utzi eta beste bide bati ekiteko garaia». Egindakoarekin «harro, oso lasai, eta pozik», eskutitz bidez jakinarazi zuen atzo Patxi Vilak (Bera, Nafarroa, 1975) asteburuko Begheliko Sari Nagusia izan zuela profesionaletako azken erronka. «Eskerrik asko modu batera edo bestera urteotan nire ondoan egon zareten guztiei». Taldekideak, tropeleko kideak, masajistak, zuzendariak, mekanikariak, kazetariak... eta zaleak, guzti-guztiak izan zituen gogoan Berako txirrindulariak agurreko unean. «Amets gehienak bete ditut. Pena bakarra geratu zait: egunen batean Paris-Roubaix klasikoan parte hartu ez izana. Baina, tira, ametsen batzuk ere geratu behar izaten dute bidean...». Profesionaletako bidea eten arren, txirrindularitza munduan jarraituko du, Specialized bizikleta markaren proiektuan sartuko baita beratarra.

«Idatzitako eskutitza irakurtzen ari nintzela malko batzuk isuri ditut». Hala aitortu zion atzo nafarrak BERRIAri erretiroa hartu duela jakinarazi eta minutu gutxira. Ez direlako alferrik igaro 11 urte luze. Bizipen asko, lerro gutxitan. 2001ean egin zuen debuta profesionaletan, iBanesto.com taldearekin, eta Lampren eman zituen pedal kolperik indartsuenak, 2003tik 2008ra. Tarte horretan lortu zuen profesionaletako garaipen bakarra: Paris-Nizako etapa bat, 2006an. «Denei egun horixe etorriko zaie gogora ziurrenik, baina beste momentu txiki handi batzuk aukeratuko nituzke nik garaipen horren aurretik».

«Momentu txiki handiak» aipatuta, berehala bota zuen bat Vilak. «Floyd Landisek 2006ko Tourrean minutu mordoa galdu zuen etapa hartan, esaterako, gogoan daukat nola egon nintzen Marzio Brusheginekin eta nire masajistarekin, hoteleko terrazan, Mont Blancen atzean eguzkia nola sartzen ari zen begira. Pribilegio handia da momentu horiek bertatik bertara eta lagun horiekin bizi izana». Beste «momentu txiki handi bat» ere atera zuen sentimenduen artetik. «Profesionaletako lehen urtea izan zela uste dut. Oso bizirik dauzkat Lastras, Zandio, Gil eta beste hainbatekin Portugalen bizi izandakoak».

Positiboa, kolpea eta aukera

Erretiroa hartu arren, sasoian dago beratarra. «Orain bi aste egin nuen Usategietan gora inoizko denborarik onena». Erronkak maite ditu, eta aurrerantzean ere bilatuko ditu. «Badakit, lasaitzean, berriz ere dortsalen bat jarriko dudala bizkarrean». Positiboa tarteko urte eta erdian tropeletik aldenduta egon zenean duatloian eta trialoian egurrean ibili zen beratarra. «Eta oraindik ez dakit noiz eta zein alorretan, baina nire kasa lehiatzen jarraituko dut».

Positiboa aipatuta, hitz joko maltzur samarra egin zuen nafarrak. «Positiboa oso positiboa izan zela aitortu beharra daukat». Argigarria da azalpena. «Oso kolpe gogorra izan zen, bai; baina, era berean, benetan garrantzia daukaten gauzei garrantzia ematen ikasi nuen tarte horretan. Gauza txar bakarra izan zuen positiboak: bi urtean ezin lehiatu izana».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.