Amets egin daiteke

Bartzelonak kopuru nagusitasuna bilatzen du zelaiko eremu guztietan, eta aurkaria bere jokoa ia erabat egokitzera behartzen du. Horri egin beharko dio aurre Realak larunbateko Espainiako Kopako finalean.

Bartzelonako jokalariak entrenamendu batean. ENRIC FONTCUBERTA / EFE
Bartzelonako jokalariak entrenamendu batean. ENRIC FONTCUBERTA / EFE
Nerea Zusberro Alberro.
2024ko maiatzaren 15a
05:00
Entzun

Realak Espainiako Kopako finala jokatuko du larunbatean Bartzelonaren kontra. Final bat prestatzeko orduan sor daitezken testuinguru guztien artean, talde txuri-urdinari zailena tokatu zaio. Aurrean izango duen taldeak, Bartzelonak, egokitzera behartzen ditu aurkariak, haien nortasuna ia erabat ezabatu arte. Aitana Bonmati, Salma Paralluelo edo Caroline Graham Hansen aipatzen dira etengabe, Bartzelonaren jokoaz hitz egiterakoan. Baina zerk egiten du Bartzelona geraezin?

Nagusitasuna eremu guztietan

Jonathan Giraldezek zuzentzen duen taldearen ezaugarririk nagusiena hau da: zelai eremu guztietan zenbaki nagusitasunak bilatzen dituela. Posizioan abantailak bilatzen dituzte, aurkariaren sistemaren eta presioaren altueraren arabera. Hori da erasoko lerroraino iristeko erabiltzen duen metodoa.

Baloi irteeran banakako presioa egiten duten taldeen aurrean, hegalak erdiko atzelariengandik gertu kokatzeaz gain, bi jokalari erabiltzen dituzte oinarrian. Horrekin, kontrarioen zelai erdiaren bizkarrean, bi baten aurkako abantaila bilatu nahi izaten dute. Realak presio mota hori erabili ohi du, 1-4-1-3-2 marrazkiarekin. Helburua: kontrarioa itotzea. Baina ez dirudi txuri-urdinek hainbesteko arriskua hartuko dutenik finalean.

Hiru altuerak

Erdiko bloke batean jartzea da aurkari gehienen aukera gogokoena. Horrek kontraeraso on bat egiteko aukera eman diezaieke, edo behar izanez gero defentsan atzerapauso bat emateko. Nahiz eta azkenean Bartzelona sailkatu zen Txapeldunen Ligako finalerako, Chelsea izan zen Herrialde Katalanetako taldea mendean hartu zuen azken taldea. Emma Hayesek zuzentzen duen taldea 0-1 gailendu zen finalerdietako joaneko partidan. Baloirik gabe 1-4-4-2 marrazkia erabili zuen. Baina kanpoko erdilari batek Bartzelonaren hegal bati salto egiten zionean, marrazkia aldatzen zuen: 1-5-3-2ra pasatzen zen, oso bizkor. Beraz, zergatik lortu zuen Bartzelona garaitzea? Bada, haren jokatzeko ereduaren ezaugarri nagusietako bat desegin zuelako: erdialdean jartzen dituen hiru altuerak.

Izan ere, Bartzelonaren erdiko atzelariek baloia dutenean, hiru altuera edo maila dituzte aurretik. Lehenengoan, Patri Guijarro eta Keira Walsh kokatzen dira; bigarrenean, bi aurreko erdilari: Bonmati bera, eta beste bat; hirugarren espaloi batean, berriz, punta erdi lanak egiten dituen jokalaria: normalean, Mariona Caldentey. Bertan jartzeko, ezkerreko hegaletik erronboaren puntara mugitzen da. Hala, normalean, Bartzelonak jokalari bakarra erabiltzen du kanpoko errail bakoitzean. Atzeko hegalekoak hartzen du ezkerralde osoa; eskuinetik, berriz, Hansen agertzen da, aurrean jokatzen duen jokalaria.

Bartzelonaren egituraren beste ezaugarri berezienetako bat hauxe da: barrutik bi jokalari erabiltzen ditu giltzarri moduan. Erdilari bat oinarrira jaitsi daiteke, eta erronboaren erdiko puntatik gertuago edo urrutirago Paralluelo kokatu daiteke. Jokalari horrek aurrelari faltsuaren lanak egiten ditu. Hala, biek behera egiten badute, erronboa karratu bihurtzen da. Gora egiten badute, berriz, Caldentey kontrarioen zentralekin parekatzen da. Hartara, Paralluelorekin batera parekotasuna sortzen du, aurkariak lau laguneko defentsa lerroa erabiltzen badu.

Chelseak karratua oztopatu zuen 1-4-4-2 marrazkia erabilita. Bere bi aurrelariek Bartzelonaren erdilarien eta euskarrien arteko pasea itxi zuten. Ondoren, marrazkia 1-5-3-2 bihurtuz, ziurtatu zuen Paralluelo eta Caldentey beti desabantailan egotea.

Bosteko lerroa?

Hori guztia kontuan hartuta, ez litzateke harritzekoa izango Natalia Arroyok, Realeko entrenatzaileak, bost laguneko defentsa lerroa osa dezaketen jokalarien alde egitea. Ana Tejadaren martxarekin, Nahia Aparicio erdiko atzelari postura egokitu da, eta Ane Etxezarretak protagonismoa berreskuratu du. Ezkerreko erdiko atzelari postutik abiatuta, Manuela Vanegas jokalari aproposa izan daiteke Hansen geratzeko. Hura da Bartzelonaren jokalaririk desorekatzaileena. Gainera, erdilarien eta hegalen arteko tarteak murriztuko lirateke. Aitana Bonmatik tarte edo espazio hori izaten du gustuko, eraso egiteko orduan. Aldi berean, Realaren bi hegaleko atzelariek —ezusterik ezean Emma Ramirez eta Alejandara Bernabe izango dira postu horretan jokatuko duten jokalariak— tarte gehiago izango lukete gora egiteko.

Erasoari dagokionez, Realarentzat ezinbestekoa izango da Sanni Franssik eta Synne Jensenek zentralekin izango dituzten lehiak irabaztea. Jensenen desmarkatzeko mugimendu luzeak eta Fransik bizkarrez egiten duen lan bikainak aukerak emango dizkiete txuri-urdinei goian finkatzeko. Erronka handia dute aurretik. Baina amets egin daiteke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.