«Amets berrien» bila doa

Hogei urteko ibilbidearen ondoren, Haimar Zubeldiak Donostiako Klasikoan hartuko du erretiroa. Neguan hausnartu zuen erabakia, baina Tourrean ikusi du «argi» hau zela uzteko garaia

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
2017ko uztailaren 18a
00:00
Entzun
Haimar Zubeldiak (Trek) aitorpena egin zion BERRIAri iragan astean: «Donostiako Klasikoan agur esatea amestu izan dudan aukeretako bat da, baina ikusiko dugu. Oraindik ez dut ezer aurreratu nahi». Lerro artean irakurtzen jakitea aski zen aurtengo Donostiako Klasikoan emango zituela profesional mailako azken pedal kolpeak, eta atzo baieztatu zuen albistea, Frantziako Tourreko bigarren atseden egunean. Hilaren 29an hartuko du erretiroa, beraz, profesional mailan hogei urteko ibilbide luzea egin ondoren.

Zubeldiarekin profesionaltasun eredu batek utziko du tropela. Klasikoan eskegi nahi zuen bizikleta, eta, urte bukaerara arteko kontratua izan arren, Trekek Zubeldiari nahia betetzen utziko dio. «Etxeko itzulia da; umetan etxeko atetik ikusten nuen proba da». Txirrindulari beteranoa neguan hasi zen erretiroan pentsatzen. 40 urterekin logikoa zen, baina, azken sasoietan mailari eusten ziola ikusita —iaz 86 egunez lehiatu zen, eta Tourra eta Vuelta bukatu zituen—, erabakia atzeratuz joan zen. «Hitz gutxiko eta sentimendu askoko hogei urte izan dira. Denbora daramat agurrean pentsatzen, baina negu honetan erabakia hartu nuen. Tour honetan argi ikusi dut, eta horregatik erabaki dut amaitzea». Zubeldia, hasiera batean, Tourreko taldetik kanpo utzi zuen Trekek, eta azken unean sartu zen Cardoso taldekideak positibo eman zuelako.

Usurbilgoa oso harro dago belaunaldi ezberdinekin ibili delako tropelean. «Pantani, Zuelle, Olano eta Jalaberten tropelean» hasi zela gogoratu zuen; «Beloki, Armstrong, Basso eta antzeko txirrindularien ondoan» garatu duela ibilbidea; eta «hogei urte geroago, Froomeren eta Contadorren tropelean» esango du agur. Atzera begira jarri, eta oroitzapen onak gehiago dira. «Une zoragarri asko bizi izan ditut Euskaltel, Astana eta Trek taldeetan: Euskal Bizikleta irabazi nuenekoa, zaleen ondoan Tourreko mendiak aurreko taldean pasatzen nituenekoa edota Parisko podiumera igo nintzenekoa taldekako sailkapena irabazi ondoren».

Ibilbide luzea du, baina palmares motza. «Postu on asko eta garaipenez urri», laburbildu zuen. Zubeldiaren ibilbidean bi mugarri izan dira, eta biak eskutik joan dira: Euskaltel-Euskadik izan zuen lehen lider handia izan zen, eta Frantziako Tourrean emaniko maila. Hamasei aldiz hartu du parte, eta bakarra falta izan zaio George Hincapieren marka berdintzeko. «Noiz utzi jakin behar da. Hamazazpi parte hartze izan zitezkeen —2010ean, min hartuta, ez zuen parte hartu—, baina nahikoa da. Bost aldiz bukatu dut lehen hamarren artean. Langa goian zegoen, eta ahal izan dudana egin dut. Alde horretatik, lasai nago». Deigarria da, esaterako, 2003an gertaturikoa. Bosgarren izan zen, baina bere aurretik bukatu zuten lau txirrindulariek noizbait positibo eman dute. Tourran ez ezik, hamabi aldiz hartu du parte Espainiako Vueltan eta behin Italiako Giroan, baina ez zen hamargarren postutik igaro.

Zubeldia harro dago lorturiko postuez, baina ez da hori bere garaikurrik preziatuena. «Bizitza ez da garaipenetan neurtzen, zoriontasunean baizik, eta hor elastiko horia betirako jantzita daramadala iruditzen zait». Askotangaldetu diote garaipenak lortzeko zailtasunarengatik, eta lehiatzeko beste estiloarengatik. Ez da inoiz erasokorra izan, baina, esan zuenez, bere baldintzetara egokitzen zen txirrindularitza egin du. «Pena ematen dit gehiago ez irabazi izanak. Adinarekin gauzak errealismo eta objektibotasunez ikusten dituzu, eta badakizu noraino hel zaitezkeen. Nik ezin nion gehiago eman, eta txirrindularitzak dena eman dit».

«Etxeko tropeltxoa»

Agurrean, urte hauetan guztietan atzetik izan duen «tropeltxoa» gogoratu nahi izan zuen: «Gurasoak, Kepa, Paco, Nazabal, nire anaia, Josune eta nire bi alabatxoak, baita babesa eman didazuen guztiei eta entrenamendu taldekoei ere. Eskerrik asko hau guztia elkarrekin sortzen laguntzeagatik». Etorkizunera begira txirrindularitzaren inguruan jarraitu nahiko luke, «batez ere bizikletan ibiltzen». Izan ere, agurrean esan zuenez, Zubeldia «beti» izango da txirrindularia, baina beste norabide batean: «Orain, beste amets batzuen bila noa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.