Itziar Olasagasti. Arraunlari ohia

«Amets batzuk bete ditut»

Besoan igeltsua zuela sartu zen Orioko arraun elkarte zaharrean, duela 19 urte. Beso harekin eta bestearekin makina bat bandera astindu ondoren, arrauna uzteko garaia duela esan dio buruak.

JUAN CARLOS RUIZ / @FOKU.
Aitor Manterola Garate.
Orio
2020ko abenduaren 26a
00:00
Entzun
Aitzindaria izan da arraun munduan Itziar Olasagasti (Orio, Gipuzkoa, 1989). Orioren aurreneko batela infantil-kadeteetan: han zen. Orioren aurreneko trainerua emakumezkoetan: han zen. Orioren lehen zortziko ontzia aulki mugikorrean: han zen. Hor ere egon da, erreferentzia bilakatu zen arraun munduan, eta emakume oriotar batek berriki esan dion bezala: «Hemen egon zara, gurean. Orain beste izen bat ikasi beharko dut trainerua animatzeko».

Zergatik utzi duzu?

Orain arte ez nuen pentsatu uztea, nahiz eta aurreko hiru denboraldietan buruak esaten zidan egunen batean utzi egin beharko nuela. Aurten, entrenatzen hasteko garaia heldu zenean, neure buruari galdera egin nion: «Eta zergatik ez orain utzi? Gero, hotzean ere, garbi ikusi nuen ez nuela hasi nahi, orain arte egindakoarekin ase nagoelako. Gozatu egin dut, eta horrekin geratzen naiz. Gehiago bete edo ase naitekeela? Ez dakit. Orain arteko honekin geratzen naiz.

Hortaz, une batetik bestera izan da, ia-ia.

Aurrera begira pentsatzen jarri naiz, baita atzera ere. Bizitza arraunaren arabera antolatu dut, eta badaude gauza batzuk egin ez ditudanak arraunaren aldeko apustua egin dudalako. Orain da garaia beste gauza horiek probatzeko.

Adibidez?

Bidaiatzea. Ez dira garai onenak, baina, ez badut apustua egiten, beti geratuko naiz egin ez izanaren damuarekin. Lana lasaiago ere egin nahi dut, arraunari denbora emateagatik zenbait konturi ezezkoa eman izan diet eta.

Dena eman diozu arraunari.

Asko. Baina nahi izan dudalako, eta amets batzuk lortzeko. Bete ditut. Badaude beste batzuk bete gabeak. Adibidez, ez dut sekula Espainiako Txapelketarik irabazi traineruan eta ontzi txikietan. Saiatu naiz, behintzat.

Hotzean zeure buruarekin izandako solasaldietan zer atera da?

Behe-behetik hasi ginela traineruarekin. Hau errespetuz esango dut, ez dut nahi inork gaizki hartzea, baina ETE ligako arraunlariei entzuten diedanean kexu, ez direlako telebistan ateratzen, gu ere hortik pasatutakoak garela pentsatzen dut. Gu orain azaltzengara telebistan, hedabideak etorri egiten zaizkigu, baina badakigu zer den hor behean egotea. Entrenatzera etorri, eta inork ez jakitea nor zaren. Horrek indartu egin gaitu talde moduan, eta berriei balio horiek erakusten dizkiegu, elkarri esanez: «Gogoratzen aurrenekoak bi minutu sartzen zizkigunean?». Bilakaera bat egon da hor, behetik gorainokoa, eta horren parte izan naiz, eta gara.

Nori esan zenion aurrena: «Lagatzera noa arrauna»?

Bikotekideari. Esaten dit etxean jasan beharko nauela orain [barrezka]. Gero, taldekide bati esan nion.

Taldekideei esatea izan da trantze zailena?

Batekin edo birekin hitz egin nuen lehendabizi. Denei batera ez diet esan aurpegira.

Zergatik?

Taldekide batekin eta entrenatzailearekin [Xanti Zabaleta] hitz egin eta gero, lauzpabost kideri telefonoz deitu nien, erabakia kontatzeko. Entrenatzeko lehen egunean ez nintzen azaldu, jakina, eta batek esan zidan besteek ez zekitela ez nintzela hastekoa aurten. Ez nien denei esan, ez nuelako nahi inor nirekin ekarri. Ez nuen nahi beste inork lagatzea nik ez dudalako jarraituko [ohiko jarrera izaten da arraun munduan]. Hedabideetan azaltzen hasi nintzenean, idatzi egin nien taldekideei, erabakiaren berri emateko.

Taldekideei esateko erreparoen artean dago ez jasan behar izatea haiek jarrai dezazun konbentzitzeko egin ditzaketen ahaleginak?

Hori ere bai. Deskonektatzeko aukera ez kentzeagatik ere bada. Baina etorriko naiz agurtzera. Bati esan diedan bezala, zor diet denei besarkada bana.

Etxekoek zer esan dizute, aitarenaldetik arraunzale petoak izanda?

Ezustea hartu zuten. Aitak esan zidan nahi nuelako hasi nintzela, eta bukatu ere hala egin badut ondo hartutako erabakia dela. Luze hitz egin genuen aitak eta biok. Amak, berriz, lasaitua hartu du. Esan dit estropadak lasaiago ikusiko dituela orain.

Aseta zoazela esan duzu. Zerk bete zaitu gehien?

Hasierako urte haietan, pentsatu ere ez nuen egiten Kontxako Bandera irabaziko genuenik, eta hori lortzeko izandako bilakaerak asko bete nau.

2010ean atera zuen Oriok trainerua aurrenekoz. Zer datorkizu burura?

Parte hartzea zela helburua. Garbi genuen urteak beharko genituela gora iristeko, baina onartu behar dut uste baino gehiago kostatu izan zaigula. Guk aurrerapauso bat ematen genuenerako, aurkariek bat eta erdi ematen zituzten. 2014anlehen aldiz sailkatzea izan zen inflexio puntua. «Kontxan sartu eta gero, egiten dugun guztia gorantz egin behar dugu», esan genuen taldean. Pixkanaka joan ginen, eta, entrenatzaile aldaketarekin, Xantirekin, beste urrats bat egin.Ia-iako urteak izan ziren, baina ikusten genuen goraino hel gintezkeela beste pixka batekin. 2019an lortu genuen irabaztea, eta jendeak esaten zidan orduan utzi behar nuela, irabaztea lortu nuelako. Nola utzi? Bat irabazita, gehiago nahi ditut. Kontxaz ari naiz. Donostiako kaian banderarekin sartzen ari ginela esan nion neure buruari beste bat irabazi nahi nuela. Bigarrena irabazitakoan, baina, klik bat egin zidan buruak: «Kitto». Neure buruari denbora eman nion lasaitzeko, eta sosegatu nintzenean, denbora pasatu eta gero, hustuta nengoen, hasteko beharrik gabe.

Denbora asko ere ez zenuen izan, aulki mugikorreko zortzikoan egin baitzenuen arraun trainerua zintzilikatu eta gero.

Ibonek [Urbieta] deitu zidan animatzeko. Banuen gogoa emakumezkoen zortziko seniorra osatzeko lehen aldiz, eta arantza hori ere kendu dut. Hasiera guztietan egon naiz, azkenean.

Gogoan al duzu noiz sartu zinen arraun elkartean aurreneko aldiz?

Hementxe zen, baina eraikin zaharrean. Eskola kirolaren bidetik hasi ginen hiru lagun. Nik besoa hautsita neukan, eta igeltsuarekin nengoen. Entrenatzaileak esan zigun beste bi lortzeko, batela ateratzeko moduan izango ginela. Hurrengoan, bost azaldu ginen. 2001eko neguan izan zen, eta hurrengo urtean hasi ginen lehiatzen, bateletan, haur kategorian.

Zaletasuna, etxetik?

Bai. Estropadetara aitarekin eta osabarekin joaten nintzen umetan.

Beste hasiera bat: emakumezkoen traineru estropaden hasiera serioa, 2008koa, oraingo hau dena ekarri duena atzetik. Han zinen orduan ere.

Ekainean, traineru estropada bat antolatu zen Zaragozan [Espainia], Expo delakoaren barruan. Gero, txapelketak antolatuko zirela esan ziguten, eta Larra [Anjel Larran?aga] etorri zitzaidan. Entrenatzaile izan nuen kadeteetan Orion, kluba sortu aurretik Tolosan. Tolosaldeak trainerua aterako zuela esan zidan, eta txalupa Oriok utziko ziela. Ea animatuko nintzen. Baiezkoa nik, nola denera animatzen naizen.

Gero etorri edota ekarri duzuen guztia gertatuko zenaren susmo txikienik gabe, ezta?

Hiru urte lehenago, 2005ean, Txingudiko estropada bat antolatu zen, eta Urola Kostaren izenean gonbita egin ziguten. Uko egin genion. Salsamendik esan zigun ez al ginen animatuko. Eta guk: «Trainerua zertarako!». Guk ez genuen ikusten, ez genuen sumatzen traineruan lehiatzearen falta, eta orduan borrokatu behar izan zenean, gu ez ginen borrokatu.

2008an, aldiz, bai. Urte hartako Kontxako Bandera historiara pasatu da: lehenengoa izan zelako, eta sekulako itsaso txarrarekin jardun zinetelako.

Mundu guztia oroitzen da 2017an tokatu zitzaigun itsaso txarraz, baina 2008koaz ez da inor oroitzen. Eta esaten dut okerrago zegoela duela hamabi urte. Erakutsi beharra genuen gai ginela, eta garbi geneukan lehiatzen ez baginen ez zela gehiago traineru estropadarik izango. Egin behar genuela oso garbi genuen.

Zer aldatu da hasiera hartatik emakumezkoen traineruen jardunean?

Seriotasuna, arraunlarietatik hasita. Kanpotik ere beste modu batean ikusten gaituzte, hori ere esan egin behar da. Bi egoerak daude lotuta: guk gehiago eman, eta kanpotik, beste horrenbeste. Traineruen lehiarik ez zegoenean, egitea geneuzkanak Espainiako batel eta aulki mugikorreko txapelketak ziren. Orain, beste helburu batzuk ere badaude, eta horrek eskatzen du hobeto prestatzea. Gero, inguruaren iritzia dago. Duela hamabi urte, pentsatzen zen nola arraio egingo genuen neskek traineruan, eta, orain, hori aldatu egin da. 2008an, zale batzuek idatziak eta guzti egin zituzten egunkarietarako, neskak zertan ari ginen traineruetan eta abar. Orain, aldiz, inori ere ez zaio burutik pasatzen egin ezin dugunik. Hamabi urte bakarrik pasatu dira ordutik. Asko aurreratu dugu denbora gutxian.

Lehen, ezezagunak zineten, eta, orain, ezagunak.

Azkenak ginenean, jendeak ez gintuen asko babesten. Gainera, klub barruan tokatu zitzaigun mutilen urte txarra pasatzea ere, TKE ligatik jaitsi zirenekoa [2011], eta horrek eragin egiten zigun ezinbestean, gugana ere heltzen baitzen. Guk estropada ona egiten genuenean, ezin, bada, behar bezala ospatu, klub barruko giroa ez zelako onena. Baina pasatu zen hura ere.

Udan ematen du emakumezkoen arrauna sekulako indarrarekin dagoela. Argazkia ikusgarria da. Baina hori da benetako egoera?

Mutilen talde bat osatzea ere zailagoa egun, eta emakumeena, zailagoa. Xantik esaten zidan denboraldia amaitu berritan hamalau arraunlariren baiezkoa zuela, dena irabazi duen taldean. Ezer irabazi ez duen talde batean, nola konbentzitu behar duzu jendeak jarrai dezan? Euskotren ligakoak pribilegiatuak gara, beste ikusgaitasun bat daukagu telebistagatik. Atera kontuak ETE ligako taldeetan zer izango den taldea osatzea. Harrobian lanik egin gabe, jai dago. Egitasmo bat osatu nahi baduzu, urte asko egin behar da lan. Eta, hala ere, lanak, guztiak ez zaizkizu-eta seniorretaraino helduko. Mutiletan ere gauza bera da. Kirol guztietako gaitza dela uste dut, eta arraunean, oraindik eta gehiago.

Betiko utzi duzu?

Baietz uste dut. Gogorra egingo zait uda, baina prestatuko naiz horri ere aurre egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.