Urtebete luze eman du jokatu gabe Manu Garciak (Gasteiz, 1986), Mirandesetik atera eta gero. Futbolari ibilbidea luzatzen saiatu da ordutik, eta dei egokiaren zain egon da. Alferrik izan da, ordea, eta, «garai zailak» bizi ondoren, «lasai» dago orain. Atzera begira, ez du inongo damurik. Kontrara, harro eta esker oneko sentitzen da, jokalari gisa asko ikasi duelako, eta Alavesi gailurrera iristen lagundu ziolako, kapitainaren besokoa jantzita. Kluba «oso ondo» ikusten du orain.
Amaitutzat eman duzu zure futbolari ibilbidea, ia hogei urtean 595 partida ofizial jokatu ondoren. Nola zaude?
Orain lasai nago, eta egoera naturaltasunez ari naiz bizitzen. Aurrez, garai zailak izan ditut; adibidez, jokatzeko aukera sortu zitzaidan urtarrilean, baina, azkenean, alde batera uztea erabaki nuen. Hor jabetu nintzen ez nuela berriro ere jokatuko. Kosta egin zitzaidan egoera onartzea. Horregatik, egoera pixka bat luzatu nuen, azken momentuko aukeraren bat izateko esperantzaz. Hilabeteak pasatu ahala, baina, erretiroa hartzeko garaia dela barneratu dut. Joan den astean eman nuen erabakiaren berri, eta orain bai: bukatu da.
Dagoeneko urtebete daramazu zelaietatik kanpo. Zeren falta sumatzen duzu gehien?
Futbolarion errutina asko gustatzen zitzaidan. Talde baten parte sentitzea, norbere hobekuntzan engaiatzea, asteburuko partidak prestatzea... Asko bete nau horrek guztiak. Eta partidetako tentsioa eta adrenalina ere pizgarri handia izan da.
Horrez gain, zer izan da zuretzat futbolari izatearen gauzarik onena?
Futbolak eman didan formakuntza pertsonala nabarmenduko nuke. Ahalegin handia egin dut oso gaztetatik hasita, eta horrek bizi osorako jakinduria eman dit. Bizitzeko eskola izan da futbola niretzat. Erabaki asko hartu behar dituzu aurrera egin ahal izateko, eta porrot egiten ere ikasi behar duzu. Gaztea zarela, zure adineko jendearentzat ezohikoak diren egoerak kudeatzea tokatzen zaizu. Horrek asko eman dit. Eta, noski, helburuak bete eta arrakasta lortzean, zapore benetan gozoa gelditzen zaizu. Zorion hori askotan sentitu izan dut nire ibilbidean.
Zelaian nahiz zelaitik kanpo eredutzat hartu izan zaituzte askok. Hori ez dute futbolari guztiek lortzen.
Ezohiko ibilbidea izan dut futbolaren munduan. Lehen Mailara nahiko berandu iritsi nintzen, eta horrek aukera eman dit eliteko futbolaz beste modu batera gozatzeko. Gorenean jokatutako partida bakoitza opari bat izan da niretzat. Gainera, luxua izan da Alavesen horrenbeste urtez jokatu ahal izatea. Oso denboraldi arrakastatsuak izan ziren klubarentzat, eta asko sendotu da. Bada, prozesu horretan egindako ekarpena aitortzen dit jendeak.
«Futbolean, gaztea zarela, zure adineko jendearentzat ezohikoak diren egoerak kudeatzea tokatzen zaizu. Horrek asko eman dit»
Noiz eta nola maitemindu zinen futbolaz?
Oso umetan zaletu nintzen. Aitak Mendizorrotzara eraman ohi ninduen. Horiek dira futbolean ditudan lehen oroitzapenak. Beste ume guztiak bezala, lagunekin hasi nintzen jokatzen, eskolan. Gero, Zubietara joateko aukera iritsi zitzaidan. Ia jakin gabe, beste mundu batean sartu nintzen. Aldaketarik handiena gazte mailan nabaritu nuen. Dena askoz ere profesionalagoa zen. Hor jabetu nintzen non nengoen. Futbolean zer egin nezakeen galdetzen nion neure buruari, eta ez nuen inolako ziurtasunik.
Urte luzez Bigarren B Mailan aritu zinen. Bertan, besteak beste, Reala B-n, Real Unionen eta Eibarren jokatu zenuen, baita Alavesen ere. Zer oroitzapen duzu garai haietaz?
Testuingurua bestelakoa zen, baina, funtsean, gauza bera egin nuen: futbolean jokatu eta futbolaz gozatu. Oihartzun eta baliabide aldetik, garbi dago Lehen Maila beste dimentsio batean dagoela, baina nire egunerokoa ez zen horren ezberdina. Urte ederrak izan ziren: Realarekin igotzeko kanporaketak jokatu genituen, eta Real Unionen Bigarren Mailara igo ginen. Politena, ordea, Alaves berpizten laguntzea izan zen.
Elkarrekin indartu zineten kluba eta zu zeu. Horrek guztiz gogobeteko zintuen, Alavesen zalea izanik.
Hori da. Oso eskertua natzaio klubari. Alaves nire bidean agertu izan ez balitz, ez nintzen izango gerora izan naizena, ez futbolari gisa, ezta pertsona gisa ere. Bigarren B Mailako talde indartsuetan nenbilen, baina azken urratsa egitea falta zitzaidan. Gauza bera gertatzen zitzaion Alavesi. Bada, ordutik sekulako indarra hartu du taldeak, eta horren partaide izateko zortea izan dut. Klubean konfiantza osoa izan zuten nire gaitasunetan eta nire errendimenduan, eta goreneraino iristeko aukera eman zidaten.
Bi igoera, salbazio agonikoak, Kopako finala… Momentu on asko bizi izan dituzu Alavesen elastikoarekin, eta zenbait gol ikoniko sartu. Ezin da gehiago eskatu, ezta?
Amets baten gisakoa izan da nire ibilbidea, eta ez nuke ezer aldatuko. Plazer handia izan da Alavesekin halako arrakasta lortzea. Golei dagokienez, gaztetatik izan nuen sena ate aurrean, aurrelaria izan ez arren. Gogoan dut nola gol erabakigarriak sartu nituen Lehen Mailara igo ginenean: bata Athletic B-ren kontra, eta bestea Numantziaren aurka. Oso bereziak izan ziren. Eta gero, jarraian, gola sartu nion Atletico Madrili Lehen Mailako debutean. Bolada zoragarria izan zen.
Bederatzi urte loriatsuren ondoren, 2021ean esan zenion agur Alavesi. Oso zaila izan zen?
Bizilegea da. Hori bai, momentuan ez zen samurra izan. Inork ez du amets gozo batetik esnatu nahi. Gainera, nahi baino hotzagoa izan zen agurra, pandemiaren ondorioz. Taldeak gorriak ikusi zituen mailari eusteko, eta nik neuk ere sufritu egin nuen. Ordea, ez zen munduaren bukaera izan. Ziprera joan nintzen gero, eta oso esperientzia aberasgarria izan zen hura. Europarako sailkatu ginen, klubaren historian lehen aldiz. Gero, Mirandesen ere asko ikasi nuen, gazteei lagunduz.
«Funtsean, gauza bera egin nuen Bigarren B Mailan eta Lehen Mailan: futbolean jokatu eta futbolaz gozatu»
Ander Gebara da, gaur egun, Alavesen dabilen gasteiztar bakarra. Zure lekukoa hartzeko prest ikusten duzu?
Goi mailako jokalaria da, eta ederra litzateke Alavesen urte luzez aritzea. Oso harreman ona dut berarekin. Noizbehinka solas egiten dugu. Biok Zubietan arituak gara, eta Alavesera adin bertsuarekin iritsi ginen, egoera oso ezberdinean bada ere. Hori bai, taldeko kapitainak ez du zertan gasteiztarra izan. Kontua klubarekiko lotura estua izatea da. Horren adibide izan dira Laguardia, Pacheco, Duarte…
Futbolak asko irakatsi dizula esan duzu lehen. Entrenatzaileei dagokienez, nor izan da zure ibilbideko irakaslerik onena?
Hasteko, Javier Zubillaga aipatu behar dut. Realaren harrobian txipa aldatu zidan, eta profesionala izaten irakatsi. Gainera, berak eman zidan Alavesera etortzeko aukera, kirol zuzendari moduan. Natxo Gonzalezek, berriz, nire jokatzeko era aldatu zuen. Ni oso grinatsua eta lehiakorra nintzen, baina jokoa ez nuen horren ongi ulertzen. Ikuskera aldatu zidan, eta bilakaera hori Mauricio Pellegrinorekin biribildu nuen. Oso teknikari onak utziko ditut aipatu gabe, eta pena ematen dit.
Haiek guztiak eredutzat hartu, eta entrenatzaile bihurtzea da zure etorkizuneko plana?
Oraindik ez dut garbi zer bide hartu nahi dudan. Azken urteetan zenbait ikasketa egin ditut, kirolari eta batez ere futbolari lotuta. Garbi dut futbolaren munduan jarraitu nahi dudala, horrek motibatzen bainau gehien. Jokalariengandik gertu egon nahiko nuke, haiei nire ikuskera eta esperientzia eskaini ahal izateko. Toki egokia aurkitzea da gakoa.
Alaves izan daiteke toki hori? Edo zale soila izango zara?
Momentuz, zalea izango naiz. Alavesen partida guztiak ikusten ditut. Kluba oso ondo dago, eta ea iazkoa bezain denboraldi ona osatzen duen. Ikusgarria da Mendizorrotzan izaten den giroa; horrek ondo islatzen du Alaves zenbat indartu den. Harro egoteko modukoa da.