Ametsez amets dabil Martxel Iztueta (Tolosa, Gipuzkoa, 2004) duela bi urtetik hona. Aurrena, amets bat bete zuen profesionaletan estreinakoa eginda. Gero, beste amets bat bete zuen, lehen txapela irabazita: bigarren mailako binakakoa. Eta beste amets bat bete berri du, binakako nagusian tokia lortuta. Lan handia egin du amets horiek guztiak lortzeko. Hamaika sakrifizio egin ditu.
EGUNEROKOA
Pilota du ardatz
Iztuetari «dezente» aldatu zaio egunerokoa pilotari profesionala denetik. Hasteko, aldaketa egin du ikasketetan. «Lehen, Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako Gradua ikasten ari nintzen, Donostian. Klasera joaten nintzen, baina horrek denbora asko kentzen zidan. Orain, berriz, online ari naiz ikasten Zuzenbideko Gradua». Aldaketak «onetik eta txarretik» duela dio. «Batetik, ez dut ibili behar joan-etorrian. Baina, bestetik, nire kasa aritu behar dut, eta, horretarako, diziplina handia behar da, eta, batzuetan, kosta egiten da».
Harremanak ere aldatu zaizkio pixka bat. «Gutxiago» egoten da orain kuadrillako lagunekin. «Aste barruan enpresako beste pilotariekin eta gimnasioko kideekin egoten naiz gehien. Asteburuetan, ordea, lagunekin egoteko aprobetxatzen dut». Parranda gutxiago egiten du ere bai. «Noizean behin egiten dut baten bat, baina azkenaldian dezente galdu ditut. Hala ere, horrek ez dit askorik axola».
PRESTAKETA FISIKOA
Zortzi kilo hartuta, indartsuago
Planta ederra du: 1,91 metro da luze. Fisikoki, ordea, «egin gabe» zegoen debutatu zuenean. «77 kilo nituen orduan, eta, orain, 85. Zortzi kiloren aldea da, eta asko igartzen da hori; askoz eginago nago». «Lan handia» egin behar izan du horretarako. «Astean bitan entrenatzen naiz Unai Legarreta prestatzailearekin, Hernanin [Gipuzkoa], Zubipeko futbol zelaian dagoen gimnasio txiki batean. Oso ondo antolatua dugu astea: asteburuan partidarik ez badut, astelehenean eta asteazkenean entrenamendu fisikoa egiten dugu; ostiralean, nire kasa aritzen naiz; eta, igandean, mendi buelta bat ematen dut. Oso gustura ari naiz Unairekin; asko lagundu dit».
Jateko ohiturak ere aldatu ditu. «Aitor Ugalde dietistarekin ari naiz. Orain, askoz gehiago zaintzen dut elikadura. Horri eta lan fisikoari esker, asko hobetu dut. Hasieran, kosta egin zitzaidan ohiturak aldatzea, baina jada ohitu naiz; are gehiago, gorputzak orain hori eskatzen dit».
Horri esker, «lehen baino askoz indartsuago» ikusten du bere burua. «Lehen, oso ume ikusten nuen neure burua beste pilotarien aldean, baina, orain, ez. Ez naiz Mariezkurrena bezalakoa, baina gustura nago egiten ari naizen garapenarekin».
FRONTOIKO LANA
Hobeto joaten da pilotaren bila
Lan fisikoa bezala, frontoikoa ere «oso ondo antolatua» du. «Astean bitan entrenatzen gara frontoian, Beasainen [Gipuzkoa]. Goros [Jose Angel Balanza], Apeztegia [Unai] eta Aimar [Olaizola] dira enpresaren teknikariak, baina Apeztegiarekin aritzen gara gehien. Tarteka, Mikel Olaetxeak laguntzen dit [haren entrenatzaile izan zen Tolosako Aurrera klubean]; beti dago laguntzeko prest. Oso eskertuta nago harekin».
Azpimarratu duenez, zerbaitetan hobetu badu, «pilotaren bila joateko garaian» hobetu du. «Patxada handiagoz joaten naiz pilotaren bila. Indartsuago ematen diot pilotari; biziago ateratzen zait eskuetatik». Aldiz, hiru alorretan du gehien hobetzeko: «Batetik, hauspo gehiago izan behar dut; partida batzuetan, bete egiten naiz. Bestetik, ezker eskuarekin ausartago aritu behar dut. Azkenik, aireko jokoa hobetu behar dut».
Teknikariek ez diote zehazki esaten hobetzen ari dela, «baina norberak badaki zerbait hobeto egiten duen edo ez», zehaztu du. Hala ere, Baikok harekin hartutako zenbait erabakik agerian uzten dute enpresako arduradunak oso pozik daudela egiten ari den lanarekin: lehenbizi, beste hiru urterako berritu zioten kontratua, 2027ra arte; eta, orain, binakako nagusian aritzeko aukeratu dute.
ESKUEN ZAINTZA
Ez hondartzarik, ez igerilekurik
Eskuak dira pilotarien ezinbesteko lanabes, eta horien zaintzan ere hobera egin du Iztuetak. «Lehen urte eta erdian dezente sufritu nuen eskuetatik, eta partida dezente utzi nituen jokatu gabe: hiruzpalau jarraian jokatu, eta gelditu egin behar nuen, minagatik. Azken urte erdian, ordea, ez dut arazorik izan».
Lana ere badago horren atzean: «Batetik, saiatzen naiz ia egunero pilota ukitzen, pareta arrunt baten kontra bada ere, eskuak berotzeko. Bestetik, maizago joaten naiz masajistarengana, Bixente Artolarengana». Gustuko plan bat sakrifikatu behar izan du: uretan bainatzea. «Urak bigundu egiten ditu eskuak. Udan ez naiz behin ere joan hondartzara, ezta igerilekura ere».
PRESIOA
Oraingoz, ondo darama
Ikusle gehiago frontoian, telebista, apustuak... afizionatuetan baino askoz presio handiagoa dago profesionaletan, baina, oraingoz, «ondo» darama hori guztia. «Hasieran, kosta egin zitzaidan girora egokitzea, baina jada egokitu naiz».
Partidek oihartzun handiagoa dute, eta lupaz erreparatzen diote pilotarien lanari. Badaude pilotariak nahiago dutenak ez ikusi eta ez irakurri ezer. Hark, ordea, kasu egiten dio pilotaren egunerokoari. «Oraingoz, ez didate kritikarik egin. Egiten didatenean esango dizut [barrez]».
JAUZIA
Lan gogorraren ordaina
Argi du: «gogor» lan egin duelako egin du jauzia. «Aurten, aurrerapausoa eman nuen prestaketan, eta sakrifizio asko egin: udan uko egin behar izan nion kuadrillakoen plan askori. Baina pozik nago, eta, pilotarekin, ilusioz beteta. Sakrifizio horiek guztiek merezi izan dute. Gogor jarraitzeko asmoa dut». «Sekulako indarra» eman zion bigarren mailako binakako txapela irabazteak. «Egun ederra izan zen, profesionaletan bizi izan dudan ederrena. Seguru nago Unaik [Lasok] eta biok binakakoan ere egun politak biziko ditugula».