Amets bat bete du

Joaquim Rodriguezek irabazi du Lombardiako Giroa, eta Samuel Sanchez bigarren postuan sailkatu da

Joaquim Rodriguez, atzo, podiumean, Lombardian irabazi berritan. BERRIA.
Donostia
2012ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Joaquim Rodriguezek (Katuxa) irabazi zuen atzo Lombardiako Giroa, Villa Verganoko azken igoera erabakigarrian faborito nagusiak atzean utzi eta gero. Bigarren postuan helmugaratu zen Samuel Sanchez (Euskaltel-Euskadi), eta hirugarren postuan Rigoberto Uran (Sky), joan den ostegunean Piamonteko klasikoa irabazi zuen kolonbiarra.

Jaitsieretan hain abila ez izan arren, Rodriguezek bikain eutsi zion azken igoeran lortutako aldeari. Lehenagotik ere, Sormanoko horma gogorrean, Rodriguezek berak eta gainerako faboritoek erakutsi zuten garaipena euren artean egongo zela. Esate baterako, Alberto Contador (Saxo Bank), Vincenzo Nibali (Liquigas), Bauke Mollema (Rabobank), Sergio Henao (Sky) eta Uran aritu ziren tropelari tiraka.

Egun osoan egindako euria eta hotza izan ziren atzoko lasterketako beste bi protagonistak. Mendateetatik jaistea abentura itzela bihurtu zen txirrindularientzat, eta horietako askok lurrean bukatu zuten. Philippe Gilbert (BMC), joan den astean Munduko Txapelketa irabazi zuen belgikarra, esaterako, lasterketa utzi beharrean izan zen. Dani Moreno (Katuxa) eta Nibali ere erori ziren, baina, zorionez, lasterketa amaitzeko moduan izan ziren.

Denboraldia amaitzeko Pekingo proba baino falta ez dela, World Tourreko lider sendoa da kataluniarra. Ukaezina da sasoi dotorea biribildu zuela atzoko garaipenarekin. Itzuli handiren bat irabaztea falta izan zaio, hori bai. Atzo, ordea, sasoiko arantza guztiak atera zituen kolpetik. Pozarren zegoen lasterketa amaieran: «Banekien amaieran jo beharra neukala. Amets bat da garaipen hau, inoizko garrantzitsuena. Ezin dut sinetsi oraindik».

Bestalde, gaur aurkeztuko dute 2013ko Italiako Giroa. Hala ere, ibilbidearen nondik norakoak jakinak dira aspalditik. Hiru erlojupeko jokatuko dira: taldekakoa, banakakoa eta krono igoera. Igoko diren mendateen artean, berriz, Gavia, Stelvio, San Pellegrino, Jafferau, Telegraph, Galibier eta Tre Cime di Lavaredo mitikoak daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.