Jon Rahm

Amesten zuen jaka jantzi du

Jon Rahmek irabazi egin du Augustako Mastersa, eta jaka berdea janzten duen Euskal Herriko bigarren golfaria da. Txema Olazabal izan zen lehendabizikoa. Garaipenarekin, munduko sailkapeneko lehen postura itzuli da Barrikako golfaria.

J. G. MABANGLO / EFE.
Beñat Mujika Telleria - Julen Otaegi Leonet
2023ko apirilaren 11
00:00
Entzun
Golfari orok egin du amets noizbait Augustako Masterseko jaka berdea janztearekin. Garaileari ematen zaion oroigarria da, eta jantzi hau urtebetez izan dezake garaileak. Gero Augusta National Golf Clubera itzuli beharko du, eta bertan geldituko da betirako, beste garaile guztien jaken alboan. Hala ere, berea izaten jarraituko du, eta Augusta Nationaleko instalazioetan egonez gero, nahi duenean janzteko aukera izango du. Baina bertan bakarrik; hori dio usadioak. Zerbaitekin alderatzeko, Frantziako Tourreko maillot horiarekin alderatu du Eduardo Cellesek (Getxo, Bizkaia, 1966), Rahmen lehen entrenatzaileak. «Denek irabazi nahi duten Mastersa da. Onenak bakarrik sartzen dira bertan». Ia «gaupasa» eginda erantzun du deia Celesek: «Berandu amaitu zen Mastersa, eta ohean sartzean hainbat oroitzapen etorri zitzaizkidan burura. Lo gutxi eginda, baina oso pozik nago».

«Oraindik ez dut barneratu» esan zuen Rahmek Mastersa irabazi berritan. Ez dago major bat irabaztea modukorik, hau da, golfeko txapelketa nagusietako bat. Bada, Jon Rahm golfariak (Barrika, Bizkaia, 1994) bere bigarren major-a lortu berri du Augustako Mastersa irabazi ostean (Georgia, AEB). Laugarren jardunaldira Brooks Koepka bi kolpeko abantailarekin heldu zen Rahmen aldean; dena dela, Jon Rahmek bikain jokatu zuen, eta lau kolpen aldea atera zien bigarren postuan sailkatu direnei, Koepkari eta Phil Mickelsoni. Denera, 69 kolpek eman diote garaipena Rahmi. «18. zuloan, hirugarren kolpean». Momentu horretan pentsatu zuen Rahmek irabazi egingo zuela. Cellesen ustez, baina, Mastersa «asaldagarria» izan da. «Eguraldi txarra izan dute, eta eguraldiaren arabera sartu eta ateratzen zituzten. Horrek asko hausten dizu jokoaren erritmoa; hobekien doanari kalte egiten dio, eta okerrago doanari, mesede». Haren ikasle ohia,berriz, bikain ikusi du: «Jonek egokitzen jakin du; ez da bere errutinetatik irten, eta kontzentratuta egon da denbora guztian. Horrek erakusten du gaur egun duen konfiantza eta golferako gaitasun ikusgarria».

Joan den martxoan, Scottie Schefflerrek Rahmi lehen postua kendu zion, The Players txapelketan irabazi ondoren. Barrikarrak txapelketa utzi behar izan zuen gastroenteritis baten ondorioz, baina bueltan da berriro munduko sailkapeneko lehen postuan. «Ausardia handiko pertsona da. Edozein eremutara egokitzen da, eta horrek edozein txapelketa irabazteko gai izatea dakar», nabarmendu du Cellesek.

Barrikakoak badaki zer den major bat irabaztea: 2021ean lortu zuen lehenbizikoa, AEBetako Irekian lehena amaituta. Haatik, golfeko maila goreneko zerrendan bazen jada. Beste euskal herritar bat da bertan: Txema Olazabal. Atzo Rahmek lortu bezala,Augustako Mastersean gailendu zen hondarribiarra. 1994an lortu zuen lehenengo aldiz, eta 1999an berriz irabazi zuen.

Ez da Augustako Mastersa bakarrik: azken urte erdian bost titulu irabazi ditu Rahmek. Atzokoa baino lehenago, otsailean, Genesis Invitational txapelketa irabazi ostean. PGA Tourreko hamargarren garaipena zuen. Bestalde, Barrikakoa Augustako Mastersa eta Estatu Batuetako Irekia irabazten dituen lehen golfari europarra da. «Lorpen horrek segurtasun eta konbentzimendu handiagoa emango dio. Lehiaketa handi bat irabazteak beldurra kentzen dizu. Estatu Batuetako Irekia eta Mastersa irabazi ditu, eta orain Erresuma Batuko Irekia irabaztea espero dugu», adierazi du Barrikako golfariaren entrenatzaile ohiak.

Gainera, bada bitxikeria esanguratsu bat. 2013an Twitterren idatzitako txio batean Mastersa irabaziko zuela idatzi zuen, oraindik hemeretzi urte bete gabe zituenean. «Zure talentua behar bezala sarituko da», zioen jaki batetik hartutako mezu batek, eta horren harira idatzi zuen txio hura. Bitxikeria bat besterik ez da, baina horrek argi uzten du Rahmek gazte garaitik izan duen pentsaera. «Ideiak eta espektatibak oso argi ditu, eta horiek betetzeko gaitasuna duela erakutsi du. Nik dagoeneko idatzi diot whatsapp bat; bi handi irabazita, hamasei baino ez zaizkiola geratzen!Erotu naizela pentsatuko du...[barrez]»

Garaipenarekin, Augustako Mastersean nahi adina alditan parte hartzeko aukera du orain golfari bizkaitarrak. Bien bitartean, hurrengo urtean badu zer egin: urtero-urtero afari bat egiten dute jakaren irabazleek torneoa hasi baino lehen, eta aurreko urteko irabazlea izaten da anfitrioia. «Euskal afaria izango da», aurreratu zuen Rahmek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.