Tokio 2020. ATLETISMOA

AMESGAIZTOA AMAITZEAR

Lesioak tarteko, Sergio Fernandezek bi urte eman ditu lehiatu gabe. Baina Espainiako Txapelketan irabazi, eta bihar 400 metroko hesiduneko sailkatze proban ariko da. Mina du oztopo nagusi.

Sergio Fernandez, Espainiako Txapelketa irabazi berritan, duela hilabete, Getafen. VICTOR LERENA / EFE.
ainara arratibel gascon
Tokio
2021eko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Berriro atleta sentitu naiz. Asko sufritu dut hona iristeko, eta espero dudan gauza bakarra lesiorik ez izatea da, eta Tokion nire onena ematea». Sergio Fernandez (Barañain, Nafarroa, 1993) atletaren hitzak dira, duela aste batzuk zazpigarrenez 400 metroko hesidunean Espainiako txapeldun izan berritan. Hunkituta egin zituen adierazpen horiek, lesioak tarteko ia bi urteko gurutze bidea pasatu eta gero. 2019ko Dohako Munduko Txapelketan lehiatu zen azken aldiz. Bihar lehiatuko da berriz ere, Tokioko sailkatze proban, Euskal Herrian 04:25ak direnean.

49.55eko denbora egin zuen, bere marka onenetik oso urrun: 48.77. Baina Olinpiar Jokoetarako lekua lortu zuen. Berak ere ez zuen espero. 2016an Europako txapeldunorde izan eta gero, ez zuen zorte handirik izan. Ez zien irtenbiderik aurkitu iskiotibiletan izandako lesioei, eta horrek geraezina zirudien kirol ibilbidea eten zuen. Dohan aritu aurretik, onartu zuen gaizki pasatzen ari zela psikologikoki. Laguntza eskatu al zuen galdetuta, argi mintzatu zen: «Neure buruarengan hainbesteko konfiantza dut, eta hain burugogorra naiz, zail ikusten dut kanpoko norbaitek pentsatzen eta sentitzen dudana aldatzen laguntzea. Baliagarriagoak zaizkit etxekoen eta lagunen gomendioak. Hobeto ulertzen naute». Frustratuta zegoela onartu zuen.

Iñigo Monreal (Iruñea, 1974) atleta ohiak ondo daki zer den 400 metroko hesidunean lehiatzea. Urte luzez aritu zen goi mailan, eta bi Olinpiar Jokoetan hartu zuen parte: Atlantan (1996an) eta Sydneyn (2000n). Iruñekoa izanda, ondo ezagutzen du Fernandez. Bi urte lehiatu gabe egon arren, ez du ezustean harrapatuFernandezek egindakoak: «Sekulako kalitatea du. Gutxi behar du denbora on bat egiteko, eta, mina jasateko gai den neurrian, beti egongo da aurrean. Ez zuen aparteko markarik egin, baina oso ondo ikusi nuen korrika, eroso». Baikor dago Tokion egin dezakeenaren inguruan: «Espainiako Txapelketan egin zuena baino askoz denbora hobeagoa egiteko gai da; onenekin lehia daiteke. Azken asteetan ondo entrenatzeko moduan egon bada, aukera du gutxienez finalerdietarako sailkatzeko, eta final txukun bat egiteko».

Berezko kalitateaz gain, lasterketaren erritmoa ezartzeko duen gaitasuna azpimarratu du Monrealek: «Lehen 200 metroak ez ditu bereziki bizkor egiten. Hor ondo eusten dio, eta lasterketaren bigarren zatian ateratzen ditu aldeak. Ahalegina egoki neurtzen du, eta azken zatiko hesiak gainditzeko orduan hori erabakigarria da».

49 segundo inguruko marka egitea lorpen handia litzatekeela uste du Monrealek: «Baina Sergio oso exijentea da bere buruarekin, eta ez dakit horrek balioko dion. Aurreko Olinpiar Jokoetan jada finalerdietan lehiatu zen». Behin baino gehiagotan esan du Fernandezek oraindik eta hobeto egin dezakeela: «Inozoa litzateke hobetu dezakedala ikusita, neure buruari gehiago ez eskatzea».

Monrealek maiz hitz egiten du harekin. Azkena, hala ere, aspaldi izan zen, justu pandemiaren aurretik: «Frustratuta zegoen, eta ulergarria da. Izan ere, bere burua gai ikusten du 49 segundo horietatik jaisteko. Baina lesioek ez diote utzi, eta hori oso gogorra da».

Tokioko lasterketa

Probari erreparatuz, argi du egokitzen den kaleak eragin handia duela: «Barruko kaleak itxiagoak dira, eta kanpokoak irekiagoak. Berez, onenak erdikoak dira». Baina atletaren morfologiak ere zerikusia du eragin horretan:«Nik, garaiagoa izanik, nahiago nuen kanpoko kaleetatik korrika egin, eta ibilbide irekiago bat izan. Nahiz eta bakarrik bi erreferentzia eduki». Adibide argigarria jarri du bide horretan: duela aste batzuk munduko marka lortu zuen Karsten Warholmena (46.70). «Hain garbi ditu gauzak, hain bizkor korritzen du, nahiago du zazpigarren edo zortzigarren kaleetatik korrika egin. Ez du erreferentziarik behar».

Warholm al da irabazteko hautagaia nagusia? Monrealek ez du argi: «Rai Benjamin, AEBetako sailkatze probetan, munduko markatik bost ehunenera geratu zen. Abderrahman Samba ere ezustekoa emateko gai da. Warholmek hortzak ondo estutu beharko ditu, urrea lortu nahi badu».

Marken inguruan ere hausnartu du: «Gaur egun, pisten ohola sintetikoa da, eta horrek mesede egiten du. Gainera, hobekuntza lortzeko baliabide eta datu gehiago daude. Teknologia erabakigarria izan da arlo horretan. Asko laguntzen du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.