Amaitzeko, Lauko Finala

Jai Alai ligako zortzi puntistarik onenak ariko dira lehian Durangon datozen bi astelehenetan

Lauko Finalean parte hartuko duten zortzi pilotariak, atzoko aurkezpenean. JOSEBA DARTEANO BILBAO / ANBOTO.
pettan uralde
2023ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Euskal Herrian jokatzen diren zesta-puntako txapelketa garrantzitsuetako lau biltzen dituen liga bateratuak Durangoko Ezkurdi pilotalekuan (Bizkaia) ezagutuko ditu lehen aldi honetako txapeldunak. Eszenatoki ezinhobea da dagoeneko errealitate bihurtu den proiektu batentzat.

Zesta-puntako lehen liga bateratuan jokatu diren lau txapelketa Winter Series torneoa, Miarritzeko Urrezko Xistera, Donibane Lohizuneko Nazioartekoa eta Paueko Kopa izan dira. Horietan puntuaziorik altuena lortu duten puntistak sailkatu dira Durangoko Lauko Finalerako. Finalerdiak urriaren 9an jokatuko dira, eta finala hilaren 16an, biak 19:30ean. Partida guztiak ETB1en eta Frantziako Canal Plus telebista katean ikusi ahal izango dira.

Guztira 24 puntistak hartu dute parte ligan, baina horietako zortzi sartu dira txapel handiaren lehian. Bi gipuzkoar: Imanol Lopez eta Iñaki Osa Goikoetxea; bizkaitar bat: Aritz Erkiaga; lau lapurtar: Johan Sorozabal, Gorka Sorozabal, Ludovic Laduche eta Thibault Basque; eta biarnotar bat: David Minvielle. Sailkapen ofizialean puntuaziorik altuena lortu duten lau aurrelariak eta lau atzelariak arituko dira Lauko Finalean.

Finalerdietan, aurrelari eta atzelari onenak, Goikoetxea eta Lopez, postu bakoitzeko laugarrenen aurka lehiatuko dira: Laduche eta Basque. Bigarren sailkatuek, berriz, Erkiagak eta Gorkak, hirugarrenen kontra jokatuko dute: Johan eta Minvielle. Bikoteak egiteko, aurrelarien eta atzelarien sailkapena izan dute kontuan. Goikoetxea da lehenbizikoa aurrelarietan, eta Lopez atzelarietan. Horregatik jokatuko dute elkarrekin; bi bigarrenek, bi hirugarrenek eta bi laugarrenek osatuko dituzte gainerako hiru bikoteak.

Zumaiarrak dira faborito

Lopez atzelari zumaiarra izan da ligako pilotaririk onena, bai puntuazioari dagokionez (10.860 puntu), baita irabazitako txapelengatik ere. Diego Beaskoetxea lagun hartuta, Winter Series torneoa irabazi zuen. Goikoetxearekin, berriz, Miarritzeko Urrezko Xisteran eta Paueko Kopan nagusitu zen. Goikoetxea, berriz, ligako aurrelaririk onena izan da: 9.900 puntu eskuratu ditu. Ametsetako bikotea osatuko dute bi zumaiarrek. Zalantzarik gabe, lehen Jai Alai liga irabazteko faboritoak dira.

Donibane Lohizuneko Nazioartekoan, Erkiaga eta Gorka izan ziren garaile. Gorka denboraldi honetako berritasun handienetakoa izan da. Donibane Lohizunen lortutako garaipenaz gain, txapeldunorde izan zen Miarritzen. Johan anaiarekin finala jokatu zuen, eta set erabakigarrian 5-4 galdu zuten Goikoetxearen eta Lopezen aurka. Paueko Kopan, azkenik, Johan eta Minvielle izan ziren txapeldunordeak, eta Gernikako Winter Series torneoan, Xabi Barandika eta Unai Lekerika. Azken horiek Lauko Finaletik kanpo geratu dira: Barandika luzerako dago min hartuta; Lekerika, berriz, ez da sailkatu.

Aurkezpenean, Gaizka Muniategik, Jai Alai liga sustatzen duen Eraman Jai Alai enpresako arduradunak esan zuen ligak «zesta-puntan behar zen batasuna» irudikatzen duela, eta «etorkizuneko zutabeak» jartzen dituela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.