Amaitu da itxaronaldia

Aurreikusi baino hilabete bateko atzerapenarekin, bihar ekingo zaio Espainiako Ligari. Aspaldiko partez hiru euskal talde izango dira maila gorenean: Athletic, Reala eta Eibar. «Inoiz baino gogotsuago» daude.

Eunate Arraiza Athleticekoa, Sanni Franssi Realekoari baloia kentzen ahalegintzen. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
ainara arratibel gascon
2020ko urriaren 2a
00:00
Entzun

Luze egin zaie denboraldi-aurrea Athleticeko, Realeko eta Eibarreko jokalariei. Ezjakintasunez betetetakoa izan da COVID-19arengatik, eta Espainiako Futbol Federazioak ez zuelako zehazten liga noiz hasiko zen. Lehiaketa ez profesionaltzat hartzearen patua. Baina horiek ahaztu, eta iritsi da lehia.

AINHOA VICENTE Athleticeko jokalaria

«Gauden egoeran zaleak harmailetan egotea oso albiste ona da»

Lehiatzen hasiko den lehen taldea Athletic izango da. Angel Villacamparen taldeak Deportivo hartu du bihar, Lezaman (16:00). Berri on batekin egingo du. Izan ere, talde zuri-gorriak herenegun baieztatu zuen, edukiera mugatuarekin bada ere, ikusleak izango direla Lezamako harmailetan. Bazkideek izango dute lehentasuna. Pozik hartu du berria Ainhoa Vicente Moraza jokalariak (Donostia, 1995). «Gauden egoeran, oso albiste ona da. Ezinbestekoa da haien babesa izatea hainbeste denboraren ostean»

Denboraldi-aurrea «luze» egin zaiela nabarmendu du. «Zalantza askoko asteak izan ditugu, ez zigutelako esaten liga noiz hasiko zen. Bestalde, ez genekielako zein protokolo jarriko zuten, eta talde guztiak egongo ziren hori betetzeko moduan.

Alde horretatik, eta liga bertan behera geratzearekin gertatu bezala, uste du agerian geratu dela emakumezkoen eta gizonezkoen futbolaren arteko berdintasunik eza. «Guk zortea dugu. Izan ere, astero egiten digute PCR proba. Baina gure ligako protokoloan jasoa dago liga hasi aurretik egingo direla PCR probak, eta, gero, klub bakoitzaren arabera egingo dira».

Hortik harago, uste du taldea ondo iritsi dela liga hasierara. «Fisikoki zein teknikoki taldeak oso lan ona egin du hiru hilabete hauetan, eta uste dut lehia hasten denean ikusiko dela. Villacamparen jokatzeko erara egokitzea kosta egin zitzaien, eta aurreko sasoi hasiera ez zen erraza izan. Orain gauzak oso bestelakoak dira. «Jada oso barneratua dugu haren lan egiteko modua. Hala, aurreko sasoiko jokatzeko erari eutsiko diote. «Talde borrokalaria eta lehiakorra gara, eta espazioetan asko jokatzen duena».

Baina jokatzeko era hori aurrera eramateko bi bi jokalari garrantzitsu faltako dituzte: Maite Orozena eta Damaris Egurrolarena. «Funtsezko jokalariak ziren. Baina uste dut baditugula nahikoa baliabide haiek ordezkatzeko. Sophie [Istillart] etorri da adibidez. Martaren [Unzue] antzeko jokalaria da, Frantziako Ligan eskarmentu dezente lortu du. Hango jokatzeko era oso fisikoa eta oldarkorra da, eta oso ondo etorriko zaigu. Ibi ere [Jone Ibañez] osatu da, eta harrobiko jokalariak ere hor daude».

Deportivo izango dute aurkari biharko partidan. Uste du neurketa «zaila» izango dela. Izan ere, nahiz eta aurreko sasoian funtsezko izan ziren bi jokalari galdu dituen, Teresa Abelleira eta Nuria Rabano, «multzo indartsua» du. «Oso argi dute nola jokatu behar duten. Jokatzeko eta ikusteko partida polita izango dela».

Denboraldi honetan ondo hastea «inoiz baino garrantzitsuagoa» izango dela nabarmendu du. Horretarako modua dutela uste du. «Deportivoz gain, Sevilla, Betis eta Valentzia izango ditugu aurkari lehen jardunaldi hauetan. Aurkari deserosoak dira, eta pazientzia izan beharko dugu ziurrenik, eta jokoa ohi baino gehiago landu espazioak topatzeko. Baina uste dut irabazteko moduko partidak direla». Funtsezkoa iruditzen zaio ere egoera berrira egokitzea. Helburua zein den argi du Morazak. «Lehen lauren artean egotea da gure helburua. Aurreko sasoiko Kopako finalerdia ere hor dugu, eta hori beste pizgarri bat da».

NURIA RABANO Realeko jokalaria

«Jokoa asko landuko duen taldea izango gara, baina oldarkorrak»

Talde guztiei luze egin zaie itxaronaldia. Bada, are gehiago Realari. Txuri-urdinek beste astebete itxaron beharko dute ligari ekiteko, Rayoren aurkako partida atzeratu egin delako. Espainiako taldeko jokalariek borroka luzea izan dute, txapelketa hasteko data jakin arten presidenteak ez zielako denboraldi-aurrea abiatzen utzi. Hala, bizpahiru aste baino ez daramate prestatzen, eta liga hasiera atzeratu diete.

Datorren asteburuan ekingo dio, beraz, ligari Natalia Arroyoren taldeak, Coruñan, Deportivoren kontra. Partida berezia izango da Nuria Rabanorentzat (Santiago, 1999), bere talde ohiaren kontra egingo baitu debuta Realarekin. «Emozio handiko partida izango da, baina espero dut urduritasuna kontrolatzen jakitea, neurketa on bat egitea eta gozatzea. Egutegiaren berri izan bezain laster hitz egin nuen taldekide ohiekin».

Hiru hilabete daramatza Donostian, eta «oso gustura» dago. «Erronkak atsegin dituen jokalaria naiz, eta ilusioz heldu diot honi ere. Aurrerapauso bat da nire kirol ibilbidean, eta uste dut hazten segitzeko talde oso aproposa dela Reala». Taldekideak asko ari zaizkio laguntzen egokitzapenean. «Nahiko lotsatia naiz, baina taldeko gazteenak asko ari zaizkit laguntzen: Amaiur [Sarriegi], Ana [Tejada], Nerea [Eizagirre], Lucia [Rodriguez]... Giro ezin hobea dugu taldean».

Harekin batera iritsi diren fitxaketen artean Gemma Gilik piztu dio arreta. «Ezagutzen nuen, baina egunerokoan duen kalitatea eta jokoa ikusteko gaitasunaz gozatzea izugarria da. Jokalari txikiek duten trebezia dauka».

Realak aro berri bati ekingo dio Natalia Arroyoren eskutik. Beste taldekideek bezala, telebistako partidetako iritzi emaile izateagatik ezagutzen zuen Rabanok. «Egia esan, gustatzen ari zait nolako entrenatzailea den. Gertukoa da, eta exijentea». Asko ari da ikasten harekin: «Nik azken denboraldi arte zelai erdian jokatzen nuen, eta, hori dela eta, defentsako lanean asko dut hobetzeko oraindik. Gainera, Deportivon bost atzelarirekin jokatzen genuen, eta hegal guztia izaten nuen igotzeko. Hemen, berriz, beste jokalari bat dut aurretik, eta moldatu egin behar dut era horretan jokatzeko». Hortik harago, bere ezaugarri eta ahalmenei eusteko eskatu dio Arroyok. «Jokalari bizkorra naiz, eta jaurtiketa ona duena».

Taldeari oro har Arroyok «asko»eman diezaiokeela uste du. «Izugarri daki futbolaz, eta gauzak oso ondo azaltzen ditu». Lehen egunetik erakutsi nahi dute zelaian hark proposatutako jokatzeko era: «Jokaldiak asko landuko dituen talde bat izango gara, eta ikusteko erakargarri. Baina, era berean, oso oldarkorra baloia galdu bezain laster. Uste dut, gainera, nahiz eta luze egin, denboraldi-aurrea horren luzea izatea ondo etorri zaigula haren ideiak barneratzeko, berriak etorri garenak egokitzeko eta fisikoki sasoi onean jartzeko».

Haren ustez, helburua sailkapenaren goialdean egoteko lehia horretan beste urrats bat egitea da. «Badugu horretarako maila. Kopan ere berriro ere ezustea ematen ahaleginduko gara». Espero du zaleek horretaz gozatu ahal izatea. «Zelaira etortzerik ez badute, garrantzitsua litzateke lehiak telebistaz ematea, baina hori ere airean dago—.

NEREA GANTXEGI Eibarreko jokalaria

«Urduritasun puntu bat dugu, baina gogo handiz gaude sasoiari heltzeko»

Eibar Lehen Mailara itzuliko da, eta Nerea Gantxegik (Eibar, Gipuzkoa, 1994) onartu du «aste berezia» izaten ari dela. «Gutako askorentzat aurreneko aldia izango da gorengo mailan. Urduritasun puntu bat dugu, baina gogo handiz gaude sasoiri heltzeko».

Astelehenean, talde guztia batuta, eta denboraldi-aurrearen azterketa egin zuten. «Badakigu hobetzeko gauza asko ditugula, Lehen Mailako taldeen aurka jokatu dugunean antzeman egin delako berriak garela kategoria honetan jokatzen, eta beste erritmo batean jokatzen dela». Baina Gantxegi baikor da. «Aurreko sasoian ere inor gutxik espero zuen guk igoera lortzea, eta azkenean lortu genuen».

Fisikoki ondo egotearen garrantzia nabarmendu du. «Arlo horretan eta jokoaren erritmoan, aipatu bezala, alde handia dago». Baina, nolako Eibar ikusiko da? Gantxegik berehala erantzun du. «Teknikoki maila handiko taldeak izango ditugu aurrean, eta horren jakitun gara. Baloia oso indartsu jotzen duen atezaina dugu, eta oso jokalari bizkorrak aurrealdean. Hori kontuan hartuta, atzean ahalik eta gutxien arriskatuko dugu, eta joko zuzena egin behar dugu. Garrantzitsua ere izango da estrategia jokaldiak ondo baliatzea, golak sartzeko bide oso zuzena baita».

Haren ustez, talde «polita» osatu dute. «Fitxaketek oso itxura ona dute. Nik batez ere Queraltekin [Gomez] dut harremana, postu berean jokatzen dugulako. Maila handia du. Babak ere [Latasha] sekulako indarra du».

Helburua mailari eustea izango da. «Are gehiago kontuan hartuta, aurten jaitsierarik egon ez denez datorren urtean lau talde jaitsiko direla». Badakite zaila izango dela. «Guretzat maratoi moduko bat izango da, eta lortu behar dugu azkenera arte lehia edo borroka horretan egoten».

Eibarrekin batera igo den Santa Teresa, eta aurreko sasoia eten zen arte Bigarren Mailara jaisteko postuetan ziren Valentzia eta Espanyol ikusten ditu ez jaisteko lehian. «Baina futbolean beti izaten dira ezusteak, eta sasoi hau hain arraroa izanda, are gehiago». Maratoia igandean hasiko dute Betisen kontra (12:00). «Aurkari zaila eta deserosoa da. Atzean indarra du, eta erasoan ere ondo aprobetxatzen ditu bere ahalmenak».

Eibarrekoa izanda, eta taldean lau denboraldi emanda, berezia izango da igandea. Gurasoak harmailetan ez egotearen falta sumatuko du. «Azken batean beti etorri izan dira nire partidetara, eta pena da ez egotea hain momentu garrantzitsuan. Baina ziur nago Unbe ingurura etorriko direla, eta kanpotik begira egongo direla». Koronabirusaren pandemiak eragindako ondorioetako bat da. Bestea, haien egunerokoan gertatzen da. «Adibidez, aldagelan ezin elkarrekin egotea asko antzematen dugu. Talde giro hori galtzen da, eta gurea bezalako talde batentzat hori funtsezkoa da helburuak lortzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.