SEVILLA 0-2 ATHLETIC

Amaitu bezala hasi da: bikain

Ernesto Valverdek entrenatutako taldeak nagusitasunez irabazi dio Sevillari Sanchez Pizjuanen. Garaipenari esker, Txapeldunen Ligako postuetan dago: laugarren. Vesgak eta Aitor Paredesek sartu dituzte golak.

(ID_13468157) ESPAÑA FÚTBOL LALIGA EA SPORTS
Athleticeko jokalariak, lehen gola ospatzen. Mikel Vesgak sartu du. RAUL CARO / EFE
Julen Etxeberria.
2024ko urtarrilaren 4a
21:30
Entzun

Etenak ez du ezer eten. Athletic bikain ari zen 2023aren bigarren erdian, eta bikain ekin dio 2024ari ere. 0-2 irabazi dio gaur Sevillari Sanchez Pizjuanen, Espainiako Lehen Mailako aurreneko itzuliko azken partidan. Sevillan (Espainia) irabazita, bolada ederrari eusten dio: bederatzi jardunaldi daramatza galdu gabe ligan, eta jokoan egon diren azken 27 puntuetatik 21 lortu ditu. 38 punturekin amaitu ditu lan erdiak. Duela 40 urte ez zituen horrenbeste puntu lortu lehen hemeretzi neurketetan. Horri esker, Txapeldunen Ligako postuetan dago: laugarren.

Ernesto Valverdek 500. partida egin du gaur entrenatzaile gisa Espainiako Ligan, eta bere jokalariek opari ederra egin diote: neurketa bikaina jokatu dute. Hasi eta buka nagusitu dira, eta aukerarik ez diote eman Sevillari. Quique Sanchez Floresek lehen aldiz zuzendu du Espainiako taldea bere zaleen aurrean, baina alferrik, ez da susperraldirik egon. Itxura txarra du. Zaleek txistu egin diote partida amaieran.

Athleticek, ordea, itxura ederra du. Lehen jokalditik gailendu da, eta berehala hasi da arriskua sortzen. Gorka Guruzetak lehen aukera izan du 23. minutuan, baina ez du asmatu. Askoz garbiagoa izan da minutu bat geroago Nico Williamsek huts egin duena. Jokaldi polita egin du Alex Berenguerrekin, baina oso gutxigatik bota du kanpora baloia. Hirugarren ahalegina izan da balekoa. 30. minutuan, Iñigo Ruiz de Galarretak erdiraketa neurtua egin du eskuinetik, eta Mikel Vesgak gol bikaina sartu du, buruz. Bisitariek merezi zuten gola, oso nagusi baitziren.

Atsedenaldiak ez du partidaren joera aldatu. Hala, bigarren zatia hasi eta berehala, Athleticek oso gertu izan du bigarren gola sartzea eta neurketa erabakita uztea. Hiru abagune argi izan ditu jokaldi berean; Nico Williamsek izan du argiena, baina haren jaurtiketa bortitzak langa jo du.

Pixkanaka, Sevilla gai izan da Athleticen presioari izkin egiteko, eta lehen aldiz hasi da arriskuarekin iristen Unai Simonen arearen ingurura. Lehenbizi, Yuri Berchichek aurpegiarekin urrundu du Sergio Ramosek area ertzetik botatako falta arriskutsua; gero, Susok gutxigatik bidali du kanpora baloia area kanpotik; eta ondoren, Unai Simonek bi geldiketa ikusgarri egin ditu jokaldi berean. Hala ere, epaileak jokoz kanpo adierazi du.

Baina gehien sufritzen ari zenean, partida erabakita utzi du Athleticek. Ander Herrerak baloia erdiratu du eskuinetik, Sevillako atzelariek huts egin dute, eta baloia Aitor Paredesi iritsi zaio area txikian. Atzelariak ez du huts egin, eta gola sartu du; aurrenekoa du lehen taldearekin. 76. minutua zen. Bisitariek esku-eskura zuten garaipena. Eta hala izan da azkenean.

Zalantza zegoen ea nola eragingo zion taldearen jokoari Iñaki Williamsen hutsuneak, baina gaur inor gutxi gogoratu da harekin. Hori ere albiste bikaina da. Garaipenak, gainera, are eta indar eta konfiantza handiagoa emango dio Athletici datorrenari begira. Aurki du hurrengo partida: igandean, Ipuruan, Eibarren aurka, Espainiako Kopako final-hamaseirenetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.