ATHLETIC 1-0 LAS PALMAS

Amaieran lehertu da festa

Athleticek Las Palmasi irabazi dio San Mamesen, urteko azkeneko partidan. Unai Gomezek sartu du neurketako gol bakarra, 94. minutuan. Talde zuri-gorriak 35 puntu ditu; berrogei urte dira ez zituela horrenbeste puntu lehen hemezortzi jardunaldiak jokatuta.

ATHLETIC.
Athleticeko jokalariak, Unai Gomezek azken unean sartutako gola ospatzen. LUIS TEJIDO / EFE
Julen Etxeberria.
2023ko abenduaren 20a
23:50
Entzun

Athletic osatzen duten guztiek zoriontsu igaroko dituzte Gabonak. Batek baino gehiagok ez luke nahi ligak etena izatea. Aspaldi ez bezala ari dira gozatzen. Ikusgarri ari da talde zuri-gorria. Espainiako Lehen Mailako lehen hemezortzi jardunaldiak jokatuta, 35 puntu ditu. Berrogei urte dira ez zela horren ondo aritu: 36 puntu zituen 1983-1984ko denboraldian. Athletic ligako txapeldun izan zen azkeneko sasoia izan zen. Orduan, bi puntu balio zuen garaipenak. 

Hiru puntu balio dituenetik ez da horren ondo aritu: 1995-1996ko denboralditik. Duela hamar urtekoa zuen markarik onena: 33 puntu 2013-2014ko sasoian. Orduko hartan ere Ernesto Valverde zen entrenatzailea. Lehen denboraldia zuen Athleticen aulkian esertzen zen bigarren aldian. Jarraitzaile zuri-gorriek ez dute ahaztu, euren taldea azkenekoz Txapeldunen Ligarako sailkatu zen aldia izan baitzen. Gaur egun, gol aldeagatik ez dago Txapeldunen Ligako postuetan: bosgarrena da, laugarrenarekin berdinduta; hau da, Atletico Madrilekin. Espainiako taldeak, hala ere, partida bat gutxiago jokatu du. Larunbatean jokatuko du, etxean, Sevillaren aurka.  

Eustea da orain erronka. Ez litzateke lehen aldia Eguberrietako etenaldira lan bikaina eginda iritsi, sekulako txakalaldia izan, eta Europatik kanpo geratu dena. Hala ere, gaur-gaurkoz, ez du itxura halako zerbait gerta dakiokeenik. Oso sendo ari da. Zortzi jardunaldi daramatza galdu gabe, eta jokoan egon diren 24 puntuetatik hemezortzi eskuratu ditu. Onenen artean dago erasoan eta defentsan. Itxura ederra du. 

Vallesen partida ikusgarria

Las Palmas izan da zuri-gorriek mendean hartu duten azkeneko aurkaria. 1-0 irabazi diote gaur gauean San Mamesen. Laugarren garaipena dute jarraian euren zaleen aurrean. Oso ondo ari zen Espainiako taldea: zortzigarrena zen, eta azken bederatzi puntuetatik zazpi lortu zituen. Baina, gaur, esku hutsik geratu da. Athletic hobeto aritu da, baina Las Palmaseko atezainak, Alvaro Vallesek, sekulako partida egin du. Azken unean bota dute zuri-gorriek Vallesek atean eraikitako horma. Unai Gomezek sartu du garaipenaren gola, buruz, kontraeraso batean, 94. minutuan.

Bi taldeak erritmo bizian aritu dira. Eta bizi-bizi arituta gola sartzear izan da Iñaki Williams hamalaugarren minutuan, baina Vallesek gelditu egin dio baloia. Bisitariak ez dira kikildu, eta ausart jo dute erasora, batez ere Marvin Parken azkartasuna baliatuta. Hain zuzen, 28. minutuan, Marvinek eta Aitor Paredesek izandako lehia batean penaltia adierazi du epaileak. Baina jokaldia telebistan ikusi eta gero, iritzia aldatu du.

Ez du halakorik egin hamar minutu geroago. Nico Williamsek ezkerretik erdiratu du baloia, eta, Gorka Guruzeta errematatzeko prest zegoela, Mika Marmolek heldu egin dio atzetik. Penaltia adierazi du epaileak, eta erabakiari eutsi dio. Guruzetak berak bota du penaltia, baina Vallesek gelditu egin dio. Azken partidan, Atletico Madrilen aurka, Oihan Sancetek huts egin zuen penaltia. Gaur, ordea, Guruzetak. Biak ala biak, emaitza hutsean zegoela.

Aurrelariak egindako hutsa konpontzear egon da Yuri Berchiche bost minutu geroago, baina haren errematea gutxigatik joan da kanpora. Munir Al Haddadik eta Julian Araujok ere gertu izan dute gola, baina ez dute asmatu. Hala, hutsean amaitu da lehen zatia.

Las Palmasek hobeto ekin dio bigarren zatiari, arriskua sortuz. Hori ikusita, Valverdek bi aldaketa egin ditu 56. minutuan: Mikel Vesga eta Alex Berenguer zelairatu ditu Herreraren eta Guruzetaren ordez. Atera eta berehala, Berenguerrek aukera oso garbia izan du Nico Williamsek hasitako kontraeraso batean, baina Vallesek golaren marraren gainetik atera du haren errematea. Unai Simonek ez zuen gutxiago izan nahi, eta hark ere erantzun bikaina eman dio 67. minutuan Sandro Ramirezek urrutitik egindako jaurtiketari. Hurrengo jokaldian, berriz, Vallesek berriro salbatu du bere taldea, Iñaki Williamsek buruz egindako errematea urrunduta.

Athletic itsu-itsuan aritu da golaren bila minutu askoan, baina edo Valles azaltzen zen baloia gelditzeko, edo atzelari bat baloia urruntzeko. Azken unean lortu du ahaleginaren saria: garaipenaren gola. Gola sartzearekin batera lehertu da festa San Mamesen.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.