Euskal Herriko Itzulia

Amaiera tranpatia dauka gaurko etapak

Bizkaian hasiko da bosgarren etapa, Urduñan, eta, Arabatik pasatu ondoren, Bizkaian bukatuko da, Gernikan. Azken kilometroak oso gorabeheratsuak dira. Pello Bilbaok diseinatu ditu, eta, beraz, aukera aproposa du etxean irabazteko.

Pello Bilbao. RAUL BOGAJO / FOKU
Pello Bilbao, lehen etapan. Berak diseinatu ditu gaurko etaparen azken kilometroak. RAUL BOGAJO / FOKU
Julen Etxeberria.
2025eko apirilaren 11
10:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Urduñatik Gernikara (Bizkaia) joango dira gaur txirrindulariak Euskal Herriko Itzuliko bosgarren etapan. 172,4 kilometroko ibilbide gorabeheratsua egingo dute. Lau mendate puntuagarri igoko dituzte, eta laurak hirugarren mailakoak dira: Campanas, Sarasola, Aretxabaleta eta Errigoiti. Azken mendate horren tontorretik helmugara ia 70 kilometro daude.

Baina azken mendatea helmugatik urrun egoteak ez du esan nahi etaparen azken zatia samurra izango denik. Etapa haren jaioterrian bukatuko denez, Pello Bilbaok (Bahrain) Itzuliko antolatzaileei lagundu die azken kilometroak diseinatzen. Bilbaok ezin hobeto ezagutzen du ingurua, eta, ahalik eta ibilbide erakargarriena egiten saiatu da.

Hala, etapak bukaera tranpatia izango du: igoera gogor bat topatuko dute helmugarako bost kilometro eskas falta direla. Ez da puntuagarria izango, baina gogorra da oso: %12ko pendizeko aldapak igo beharko dituzte. Igoeraren azken 600 metroek, berriz, batez besteko %9ko pendiza dute. Tontorretik helmugara hiru kilometro daude. Ziztu bizian egingo dituzte, maldan behera ariko baitira.

Etxean eta hark diseinatutako ibilbidea. Aukera aproposa du Bilbaok etxean irabazteko. Ez da inolako sekretua begiz joa duela etapa; are gehiago, bigarren etapan erori, eta horren ondorioen eraginez, hirugarren etapan sailkapen nagusiaren borrokatik kanpo geratu eta gero.

Baina ez da irabazi nahi duen bakarra. Itzulia irabazteko faboritoez gain, Alex Aranburuk (Cofidis) ere erakutsi du sasoi betean dagoela. Bigarren garaipena lortu nahi du aurtengo ekitaldian, eta, hirugarren etapan Beasainen (Gipuzkoa) gertatutakoaren arantza atera, epaileen erabakiak direla eta, ez baitzen podiumera igo hurrengo eguneko irteera arte. Atzo ere onenekin aritu zen.

Itzulia. 5.etapa

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.