Amaiera erosoa nahi du

Osasunak maila ziurtatu nahi du gaur, Nafarroako Erresuman Malagari irabazita

Iruñea
2010eko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Zaragozaren aurkako partida irabazita, Osasunak lasaitu ederra hartu du sailkapenean. Jaitsiera postuetatik 11 puntuko aldea izanagatik, gorritxoek ez dituzte oraindik etxeko lanak erabat amaitu, eta badaezpada gaur Malagari irabazi nahi diote. Malagak gorritxoek baino puntu premia handiagoa dauka, jaitsiera postuetan dauden taldeek gertuen ikusten duten taldea baita. Beraz, Nafarroako Erresuman puntuak batzera derrigortuta dago Juan Ramon Muñizek zuzendutako taldea. Estatistikak espainiarren alde daude, dena dela: Malagak Iruñean jokatutako azken zazpi partidetan Osasunak ez du irabazi. Gorritxoek Malaga mendean hartu zuten azken aldia 1998an izan zen. Bi taldeak Bigarren Mailan ziren sasoi hartan, eta 1-0 irabazi zuten nafarrek, Miroslaw Trzeciak poloniarraren gol bati esker. Lehen Mailan ere mendera ditzaketela erakusteko ordua da orain.

Lehen Mailara itzuli zenetik Nafarroako Erresuman inoiz menderatu ez duen talde bakarra da Malaga. 2000-01eko denboraldian maila nagusira itzuli zenetik zazpi aldiz neurtu dituzte indarrak gorritxoek Malagarekin Iruñean, eta zazpi partida horietan hiru berdinketa eta lau porrot bildu ditu Osasunak. 2004-05eko sasoian 1-6 irabazi zuten espainiarrek, adibidez, eta iragan sasoian apirilean jokatutako norgehiagoka 2-3 irabazi zuen Malagak, Salva Ballesta aurrelariak azken unean sartutako gol bati esker. Aurrekariek ez dute baikor izateko arrazoi askorik ematen, beraz. Zazpi denboraldi horietan jokatu hamalau partidetan behin bakarrik menderatu du Osasunak Malaga: 1-2 Rosaledan, 2005-06ko denboraldian.

Jose Antonio Camachok ez du betebeharrak aurreragorako uzterik nahi. «Geratzen zaizkigun zazpi partidetatik garrantzitsuena izan daiteke, denboraldiko lehiarik garrantzitsuena. Irabaziz gero, denboraldiko helburu nagusia lortuko dugu, eta final bat balitz bezala zelairatu behar dugu», esan zuen atzo Osasunako entrenatzaileak.

Irabaziz gero, Osasunak 40 puntu izango ditu sailkapenean, eta, Camachoren ustez, «zaila» izango da sailkapenean atzetik dituzten talde guztiek 40 puntuko marka gainditzea. Azken hilabete eroso bat izan nahi dute gorritxoek, sasoi gorabeheratsu hau zapore gozoarekin amaitzeko. Malagari irabazita azken sei partidetan zelaira futbolaz gozatzera soilik irtetea lortu ahal izango dute, bide batez, azken denboraldietako estutasunak ahaztuz.

Hori da asmoa. Baina argi dago Malagak ez duela emango inolako erraztasunik. «Real Madril, Bartzelona, Valentzia eta Sevilla bezalako talde indartsuen aurka jokatu dugunean ez, baina beste partida guztietan etxean jokatzen genuelako partidak irabazita zeudela pentsatu izan du jendeak sasoi honetan jokatu aurretik, eta hori ez da horrela. Oreka ikaragarria dago Liga honetan, eta irabazteko gauzak ondo egin behar dira. Mentalitate oldarkorrarekin zelairatu behar dugu, ongi defendatzeko gogoz, eta orduan bai, orduan aurkari gogorra da Osasuna edonorentzat».

Vadocz eta Josetxo hasieratik

Hasierako hamaikakoan bi aldaketa egin beharko ditu Camachok. Zaragozaren aurka min hartu zuen Javad Nekunamek, eta eskuin orkatilan duen bihurrituak gaurko partida jokatzea galaraziko dio. Bere tokian Krisztian Vadocz hungariarra jarriko du Camachok euskarri bikoitzean. Bestalde, Miguel Flañok partida bateko zigorra bete beharko du, txartel pilaketaren ondorioz, eta erdiko atzelariaren hutsunea Josetxo Romerok beteko du. Josetxorentzat 200. partida izango da Lehen Mailan, eta 300.a Osasunako lehen taldearekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.