Ama eta alaba, oraina eta geroa

Ligako titulua irabazi berri, sasoi ezin hobea biribildu du Bera Berak, eta taldearen jardunean giltzarri izan dira Eli Pinedo eta Maitane Etxeberria eskuin hegaleko jokalariak. 33 urte ditu lehenak, eta 17 besterik ez besteak.

Maitane Etxeberria eta Eli Pinedo, elkarri begira, barrez, Bidebieta kiroldegiko kantxan, lan saioa hasi aurretik. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
jon eskudero
Donostia
2014ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Irribarreak. Jokatutako ia guztia irabazi izanaren pozak eta irribarreak elkartzen ditu Eli Pinedo (Amurrio, Araba, 1981) eta Maitane Etxeberria (Errenteria, Gipuzkoa, 1996). 33 urte egin berri ditu lehenak, eta 17 besterik ez dauka bigarrenak. «Beteranoena izaki, taldeko ama naiz ni», esan du Pinedok, eta alabaren papera hartua du Etxeberriak. Urteetan alde dezentea izan arren, halere, «ezin hobeto moldatzen gara», eta bistakoa da hori kantxan. Izan ere, bigarren aldiz jarraian ligako tituluaren jabe egin da Bera Bera, joan den asteburuan Mar Alacanti irabazita, eta denboraldi osoan giltzarri izan dira Pinedo zein Etxeberria. Azken horrek garbi dio: «Eskerrak Pinedori. Taldeko gidaria da hura. Hitz batean, onena». Liga ez ezik, Espainiako Kopa eta Superkopa ere poltsikoratu ditu Donostiako taldeak.

Kantxan bikain, baina handik kanpo ere ez dira motz geratu Bera Berako jokalariak. «Behar bezala» baliatu dituzte jaiegunak. «Partida ondoren afaltzera joan ginen elkarrekin, eta ederki ospatu genuen», esan du Pinedok. Asteko lehen egunak, hori bai, atseden hartzeko baliatu ditu taldeko beteranoenak. «Tituluren bat lortzen dugunean inguratzen zaizkigu kazetariak eta bestelakoak. Egun neketsuak izan dira, baina indarberrituta gaude denboraldiko azken partida jokatzeko». Indarberritzeko aukera gutxiago izan du Etxeberriak, eskubaloia ikasketekin uztartu behar izaten baitu. «Esaterako, Gipuzkoako Foru Aldundiak egin zigun harrerara ez nuen joaterik izan joan den astelehenean. Halere, nahiko ongi moldatzen naiz bi gauzetan».

Harrobitik igaro ondoren, Etxeberriak aurtengoa du estreinako sasoia lehen taldean, eta bizimodua dezente aldatu zaiola onartu du. «Europara bidaiatu, bi astean behin etxetik kanpo egon... Aldaketa handia izan da, baina betiko nahia nuen Bera Beran jokatzea». Jokatu bakarrik ez, parean jarritako ia guztia irabazi egin dute, gainera. «Ez nuen espero. Zaila izango dut halako bizipenak errepikatzea». Denboraldiaren balorazioa ona ez, ikaragarri ona dela dio Pinedok. «Iragan sasoian egindakoa errepikatu dugu, eta horrek meritu handia dauka. Kanpotik bestelakorik eman arren, sasoia luzea eta gogorra izan da. Lesio asko izan ditugu, jokalari gutxi gara taldean, eta maila onari eustea asko kosta zaigu». Halere, lanak fruituak eman ditu. «Jarritako helburuak bete ditugu».

Arantza, akaso, Txapeldunen Ligak utzi du, partida bat ez beste guztiak galdu baitzituzten donostiarrek. «Denok nahi genuen zerbait gehiago, baina izan gaitezen errealistak: guk baino baliabide gehiago dituzte Europako taldeek», aitortu du Pinedok. Zehazki, Txapeldunen Liga jokatu duten talde gehienek Bera Beraren aurrekontua halako bost dute. «Horrek dena adierazten du. Onenekin lehiatuta asko ikas daiteke; tarteka ezusteren bat ematea ere posible da, baina, hortik aurrera, ezer gutxi». Bera Bera Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Aldundiaren diru laguntzetatik bizi dela gogorarazi du arabarrak. «Asko eskertzen diegu, baina ez da aski».

Kirol arloari dagokionez, harrituta geratu da Etxeberria Europan ikusi duen mailarekin. «Bera Berako harrobitik lehen taldera aldaketa handia sumatu badut, zer esanik ez Espainiako Ligatik Europara. Azkar zein gogor jokatzen dute, eta zaila da haiei aurre egitea». Hori bai, euren ligan nagusi direla onartu du kapitainak. «Bi denboraldiotan erreferente bihurtu gara». Eta, egiari zor, emaitzek ez diote gezurrik. «Jarraitu beharreko eredua da Bera Bera. Arazo ekonomikoak tarteko, gainerako taldeetako jokalari askok Europarako bidea hartu dute, eta guk hemen segitzen dugu». Gazteek eskertu egiten dute hori. «Pinedo eta antzeko jokalarien taldekide izatea plazer hutsa da, asko ikasten baita», adierazi du Etxeberriak.

Dena den, Pinedo eta beste hainbat jokalari Donostian geratu izanak ez du esan nahi Bera Bera garai kritikoan ez dagoenik. Izan ere, diru arazoak direla medio, zuzendaritzako kideak aztertzen ari dira datorren denboraldian Txapeldunen Ligan parte hartu edo ez. «Ligako talderik onena gara, eta, halere, ez daramagu publizitate markarik elastikoetan. Tristea da hori», arabarraren arabera. Halere, kexatzeko motibo gutxi dituela onartu du, eskubaloitik bizi delako. «Pribilegiatua sentitzen naiz: Bera Berak hilero ordaintzen dit, kontratupean nago, eta Gizarte Segurantzan ere kotizatzen dut. Ez dut imajinatu nahi beste hainbat jokalari zein egoeratan dauden». Etxeberriaren esanetan, emakumeen eskubaloia gutxitan egon izan da osasuntsu. «Bada, orain, askoz gutxiago».

Etorkizuna, Donostian

Horregatik, epe laburreko etorkizunari zuhur begiratzen dio Pinedok. Oraingoz, beste urtebeterako lan hitzarmena dauka Bera Berarekin, eta gustatuko litzaioke betetzea, deus baztertzen ez duen arren. «Eskaintzak entzuteko prest nago. Hori bai, alde egiteko, oso ona behar luke izan». Lehen ere Danimarkan egona da. «Esperientzia aberasgarria izan zen, baina gogorra da etxetik kanpo egotea». Erretiroa hitza, berriz, ez du entzun ere egin nahi. «Lesioek errespetatzen nauten bitartean, borrokan jarraituko dut. Oraindik sasoiko nago».

Pinedoren mailara heltzea urrun ikusten du oraindik Etxeberriak, baina, luzaro gabe, taldeak gero eta pisu handiagoa hartuz joan nahi luke. «Behar denean, Pinedo ordezkatzeko prest egotea gustatuko litzaidake».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.