Ehunmiliak trilogiako lasterketarik motzeneko lehen korrikalariak iritsi dira Beasaingo helmugara. Iristen lehena Alvaro Ramos nafarra (Sarriguren) izan da, eta 3.39.06 denbora osatu du.
Bigarrena, berriz, Iñigo Arantzamendi ondarroarra, 3.44.33 denborarekin; eta hirugarrena, Martin Mac Grach arabarra (3.49.48). Arantzamendik 2018. urtean bigarren postua eskuratu zuen. eta 2019. urtean hirugarrena.
Arabarrak azkeneko jaitsieran aurreratu du Unai Dorronsoro beasaindarra; laugarren iritsi da hura, eta 3.50.47 denbora egin du.
Unai Dorronsoro beasaindarra kilometro askotan bigarren postuan joan bada ere Arantzamendirekin batera, «Arriarandik Agortarako azkeneko igoeran bikiak igotzen hasi zaizkit eta azkeneko jaitsieran ezin nuen, sufritzen jaitsi naiz. Pena, baina beste batean izan beharko du».
Momenturik gogorrena azkeneko jaitsiera izan da beasaindarrarentzat, «inpotentzia handia, baina pozik nago egindako denborarekin».
Emakumezkoetan, Larraitz Aragon nagusi
Emakumezkoetan, berriz, Larraitz Aragon durangarrak irabazi du, eta 4.44.11 denbora osatuta sartu da Beasaingo Loinazko San Martin plazako helmugan.
Bigarren eta hirugarren postuetarako lehia estuagoa izan da, Maria Sanchezen eta Cristina Fargasen artekoa. Cristina Fargasek lortu du azkenean bigarren postua (5.01.41) eta Maria Sanchez bergararrak hirugarrena (5.03.10).
Larraitz Aragonek lehen aldiz hartu du parte maratoi batean. Hasieratik lehenengo postuan joan da, eta, beroak lasterketa gogortu badu ere, oso gustura dago egindako lanagatik.
Ikusi gehiago:G2H eta Ehunmilietako argazkiak