Harmailetako giroa bera bezalaxe, partida eroa eta emozio handikoa ikusi ahal izan zuten atzo Iruñeko Labrit goraino bete zuten pilotazaleek. Tanto distiratsuak izan ziren tartean, baina ez zen norgehiagoka ona izan. Ezta gutxiagorik ere. Hori bai, amaierako emozioak estali zituen ordura arteko akats denak. Jokoan askoz gehiago izan ziren Jon Ander Peña eta Jon Mariezkurrena, baina eroso lortu beharreko puntua korapilatu egin zitzaien azkenean. Eurek mantendu zituzten bizirik Jokin Altunaeta Xabi Tolosa. Eta Amezketakoaren magia nagusitu zen amaieran. Txokoan egindako dejada bati esker euren zakura joan zen puntua, eta finalerdietarako sailkapena eskuratu zuten. Baikokoak, borrokan jarraitu beharko du.
Hasiera dotorea izan zuen partidak. Binakora arte, bina tanto egin baitzituzten Altunak eta Mariezkurrenak: aurrean gipuzkoarrak eta errebotean nafarrak. Eskuetako minagatik, azken hiru jardunaldiak jokatu gabe zegoen Mariezkurrena, baina ongi ekin zion lehiari. Ondorioz, bikoteak eskatzen duen logikari eutsiz jokatu zuten Baikokoek; gogor astindu zuen pilota atzelariak, ondoren Peñak aurrean tantoak egiteko. 3nakotik 3-6 bitarteko tantoak ezker airez lortu zituen tolosarrak. Bide egokian sarturik zeuden, baina ez luzerako. Izan ere, Mariezkurrenaren hanka sartzeak bata bestearen atzetik ailegatu ziren.
Akaso eskuin eskua ohi baino babestuago zeukalako, baina pilota dezente galtzen hasi zen. Inolako konplikaziorik ez zutenak, gainera. Indarka eta kontrolik gabe aritu zen, batere sendotasunik gabe. Altuna III.ak eta Tolosak ez zuten aparteko ezer egin, baina lehia bederatzina berdintzea lortu zuten. Besteak beste, ordurako zazpi pilota galduak zituen Berriozarko atzelariak. Krisi garai horretan Peñak heldu zion zartagiari kirtenetik, eta haren lan onari esker Baikoko bikotea aurretik iritsi zen lehen atsedenaldi luzera: 9-12. Ordea, jokoa ez zen ezkontzen emaitzarekin, bistakoa baitzen piloteoan askoz gehiago zirela atzoko galtzaileak.
Horregatik, neurketaren bigarren zatian zer gertatuko zen euren esku zuten neurri handi batean. Eta denetik egin zuten, onetik eta txarretik. Distira handieneko tantoak lortu zituzten, baina akatsak ere nabarmenak izan ziren. 12-16an eduki zuten alderik handiena, baina ez zuten asmatu baliatzen. Pentsa, Altuna III.a tantorik egin gabe zen binakoaz geroztik, eta 15-17koan lortu zuen bolada eskas hori amaitzea. Aukera gutxi izan zuen aurreko koadroetan amezketarrak, baina bizirik iritsi zen azken txanpara, eta beste behin erakutsi zuen harekin ez dagoela jolasean ibiltzerik. Orduan hasi zen bertsiorik onena erakusten. Bigarren atsedenaldi luzera 18-17 aurretik iritsi ziren Peña II.a eta Mariezkurrena II.a, baina neurketa irauli eta 20-18 ere aurreratu ziren Altuna III.a- Tolosa. Emozioa goia jota zegoen Labriten, eta zer esanik ez 21-21 berdindu zutenean.
Edozer gerta zitekeen azken tantoan, eta partida osoan zehar bezala, Peña II.ak eta Mariezkurrena IIak agindu zuten piloteoan. Meritu handiko pilotakadak eraman zituen Tolosak, eta azkenean dejada batekin erabaki zuen lehia Altuna III.ak. Pozarren zen amaieran: «Ez da txapelketako neurketarik onena izan, baina gustura gaude egindako lanarekin. finalerdietan gaude. Orain sasoiari ahalik eta ondoen eustea izango da gakoa».
Lasoren sustoa Markinan
Bada, Altuna III.a eta Tolosarekin batera, Aspek ere sailkatuta dauka beste bikote bat finalerdietarako: Elordi eta Zabaleta. Haiek atzo eskuratu zuten lehiaketako 11. puntua, Markinako pilotalekuan, Laso eta Eskiroz 22-11 gainditu ondoren. Zabaletak frontisetik oso urrun ibili zuen pilota ezker eskuin, eta Elordik bikain baliatu zituen aukerak aurrean. Lasok kolpe txar bat hartu zuen belaunean 21-6 zihoazela, baina neurketa bukatu zuen. Jardunaldia gaur amaituko da Altsasun, Ezkurdia-Martija Jaka-Arangurenen aurka arituko dira.
Altunarekin broma gutxi
Jokoan ia beti defentsan aritu arren, Altuna III.ak eta Tolosak 22 eta 21 irabazi diete Peñari eta Mariezkurrenari. Finalerdietarako sailkapena eskuratu dute Amezketakoak eta Anoetakoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu