Binakakoaren aurkezpenean esan zuen Jokin Altunak «oso minduta» zeukala eskuineko eskua, eta «oso zaila» izango zuela lehen jardunaldiko partida jokatzea. Eta halaxe izan da. Amezketarrak uko egin dio bihar Eibarren (Gipuzkoa) jokatzeari. Danel Elezkano ariko da haren ordez. Xabi Tolosarekin jokatuko du, Aitor Elordiren eta Jose Javier Zabaletaren aurka.
Altunak eskuin eskua minduta bukatu zuen lau eta erdiko finala, duela bederatzi egun. Saiatu da garaiz osatzen: masajistarengana joan da. Hain zuzen, masajea hartu behar zuelako ez zen azaldu aurreko astean Astelenan egindako pilota aukeraketara. Hobeto du eskua, baina ez nahikoa behar bezala aritzeko. Atzo egin zuen azken proba. Ez zen balekoa izan, eta ez jokatzea erabaki zuen. «Oraindik ez dut prest eskuin eskua. Masajea hartzen jarraituko dut, eta beste proba bat egingo dut bigarren jardunaldia joka dezakedan edo ez erabakitzeko. Jokatzeko irrikaz nago», esan zuen Altunak, proba amaitu berritan. Astebete barru jokatu beharko luke bigarren norgehiagoka, Tolosan (Gipuzkoa), Peio Etxeberriaren eta Beñat Rezustaren kontra.
Elezkano II.ak ordezkatuko du. Aspek binakakotik kanpo utzi du Zaratamokoa (Bizkaia), baina haren alde egin du min hartu duen aurreneko pilotaria ordezkatzeko. Iker Irribarria zen beste aukera. Elezkano II.ak Zabaletarekin jokatu du azkeneko bi binakakoetan: txapeldun izan zen duela bi ekitaldi; iaz, ordea, ez zuten igaro finalerdietako ligaxka. Bihar, aurkari izango dira.
BERRIAri azaldu dionez, sentipen «gazi-gozoa» du. «Ez da gauzarik politena eta atseginena lagun batek min hartu duelako jokatu behar izatea, baina saiatuko naiz ahalik eta hobekien aritzen».
Altunak ez du jokatuko
Amezketakoari ez zaio oraindik erabat sendatu eskuin eskua, eta uko egin dio bihar Eibarren aritzeari. Danel Elezkanok ordezkatuko du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu