Jokin Altunak eta Ladis Galarzak, eta Unai Lasok eta Jon Ander Albisuk jokatuko dute Binakako Txapelketako bigarren eta azken atariko kanporaketa, igandean, Eibarko (Gipuzkoa) Astelena pilotalekuan (17:00, ETB1). Neurketa horren irabazlea izango da finalerdietako ligaxkarako sailkatuko den azken bikotea.
Estatistikak Altuna III.a-Galarzaren alde daude, irabazi egin baitituzte lehen ligaxkan elkarren aurka jokatutako bi partidak: 22-10 eta 22-18 nagusitu zaizkie Aspekoak Baikokoei. Hain zuzen, hori izan zuten gogoan Lasok eta Albisuk atzo, pilota aukeraketan. «Oso partida zaila izango da. Bi neurketak irabazi dizkigute. Ea hirugarren ahaleginean lor dezakegun garaipena», esan zuen Lasok. Aurrelaria osatuta dago jada, azken jardunaldian jokatzeari uko egin ostean —Jon Ander Peñak ordezkatu zuen—. Albisuk ere nabarmendu zuen «lehia gogorra» izango dela. Baina «itxaropentsu» dago: «Nahiko ondo ari gara azkenaldian».
Baikoko bikoteak argi du estrategia: Galarza kargatuko dute. «Jokin saihestu behar dugu kosta ahala kosta. Jokinek jada erakutsi du nahikoa duela aurrean aukera bat izatea tantoa egiteko», esan zuen Albisuk.
Aurkariak entzundakoan hitz egin zuen Altuna III.ak, eta argi utzi zuen ez duela uste estrategia hori balekoa izan daitekeenik. «Oker daude pentsatzen badute atzera jota bakarrik irabaziko dutela». Hori eginez, konfiantza osoa erakutsi zion bikotekideari. Galarza, berriz, «prest» azaldu zen etor dakiokeenerako. Altuna III.aren iritziz, «ondo hastea oso garrantzitsua da horrelako norgehiagoka erabakigarrietan».