Pilota

Altuna III.ak, hirugarrena

Final distiratsua jokatuta, Jokin Altunak 22 eta 5 irabazi dio Unai Lasori, eta hirugarrenez jantzi du buruz buruko txapela. Orotara, zortzigarren txapela izan du.

Laso, Altuna eta Artola, podiumean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Laso, Altuna eta Artola, podiumean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
jon eskudero
2024ko ekainaren 2a
19:45
Entzun

2018an lehena, 2021ean bigarrena eta 2024an hirugarrena. Final distiratsua jokatu ondotik, Jokin Altunak hirugarren aldiz jantzi du buruz buruko txapela, Unai Laso 22 eta 5 menderatuta, Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Final irekia eta parekatua aurreikusten zuten pilotazale gehienek, baina batere emoziorik ez du izan partidak. Besteak beste, distiratsu aritu delako Altuna III.a, eta ezinean Laso. Lehen tantoa nafarrak egin badu ere, hurrengo hemeretziak jarraian lortu ditu gipuzkoarrak, eta izugarri jokatuta gainera. Sakez zazpi tanto egin ditu, eta piloteoan ere askoz gehiago izan da. Tantoa amaitzerako garaian artistarenak egin ditu Aspeko pilotariak. Txapelketako egunik txarrena izan du, berriz, Lasok, eta, bukaeran markagailua itxuratu badu ere, kolpe galanta hartuta geratu da. Triste erretiratu da aldageletara.

Jakina zen sakeak berebiziko garrantzia izango zuela, eta, txapak kolore urdina atera ondotik, Lasok egin du lehenbiziko sakea. Estreinako tantoa ere berak lortu du, baina bere horretan geratu da luzaroan. Batez ere, sakearekin izugarri asmatu duelako Altuna III.ak. Lasok txapelketa guztian egin duen gauza bera lortu du Amezketakoak: sakea erabakigarria izatea. 4 eta 1erako hiru sake bazituen Aspekoak. Lasok ez zekien airearen bila joan edo atzerago itxaron, eta zalantzak areagotu zaizkio tantoek aurrera egin ahala. Sakea eraman duenetan ere piloteoan ezinean ibili da nafarra. Lau eta erdiko jokoa egin dio amezketarrak, hanketara jokatuaz, eta txokoan zein zabalean tantoa bikain bukatu du. Ederra izan da Altuna III.ak horma bikoz egin duena, 9-1ekoa. Bere jokaldi onena ez izan arren, konfiantzaz aritu da txapelduna. Lehen atsedenaldi luzera 12 eta 1 erretiratu dira bi pilotariak.

Aldageletatik bueltan beste joko bat espero zen Lasorengandik, baina horretarako aukerarik ez dio eman aurkariak. Berriz ere sakearekin min handia egin du Altuna III.ak, eta ezina gero eta nabarmenagoa nabaritu zaio Lasori. Pare bat kolpe txar ere hartu ditu eskumuturrean, ezinaren seinale. Hamabitik hemezortzirako bidea oso denbora gutxian egin du txapeldunak, aparteko esfortzurik gabe. Bigarren tantoa egiteko aukera ederra izan du Lasok tarte horretan, bikain agindu ondoren, ahoko zuloan izan baitu pilota tantoa bukatzeko. Hots, kanpora bidali du horma bikoa.

Soilik amaieran lortu du Lasok finala itxuratzea. 19 eta 1 egon da partida, baina bukaeran, tentsioa gorputzetik kendu ondoren, lau tanto eder lortu ditu nafarrak. Zinez eskertu dute jarrera hori pilotazaleek. Animo faltarik ez du izan, eta jendearekin zorretan geratzen dela nabarmendu du pilotariak prentsa aretoan. «Minik ez, pena sentitzen dut finala era honetan galdu dudalako. Egun traketsa tokatu zait parean, eta, aurkariak asko jokatu badu ere, nik ez diot kontrarik egin. Halere, harro nago egindako bideaz. Badakit jarrera honekin jarraituta final gehiago iritsiko direla, eta ez diot lanari utziko».

Altuna III.a, markak hausten

Bere aldetik, historia egiten ari da oraindik Altuna III.ak. Duela hiru urte Beñat Rezustari 22 eta 5 irabazi zion, eta gaur ere emaitza berarekin jantzi du txapela. Hori gutxi ez, eta hiru modalitateak kontuan hartuta, zortzigarren txapela eskuratu du. Historian zenbaki horiek lortu dituen pilotaririk gazteena bilakatu da. Jose Angel Iribar Athleticeko atezain ohiak jantzi dio buruan txapela, podiumean Laso eta Iñaki Artola hirugarren sailkatua ondoan zituela. Duela aste batzuk kontrakoa bazirudien ere, Baikok lehortean jarraitu beharko du beste denbora batez, Eibarko enpresara joan baita txapela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.