Jokin Altuna eta Julen Martija abiada hartua dute Binakako Txapelketan: irabazi egin dituzte jokatu dituzten azkeneko hiru partidak. Azkenekoa, gaur, Eibarko (Gipuzkoa) Astelena frontoian. Nagusitasunez hartu dituzte mendean Jon Ander Peña eta Jon Ander Albisu ligaxkako lehen itzuliko azkeneko neurketan: 22-9.
Urteberri eguneko jaialdiak ikusmin handia piztu ohi du. Hala izan da gaur ere, eta harmailak lepo bete dira. Baina pilotazaleak erdizka geratu dira, ez baita partida ona izan. Neurketaren lehen herenera arte bakarrik iraun du emozioak eta parekotasunak: tanto bakar baten aldea zuten Altuna III.ak eta Martijak (10-9). Nor baino nor gehiago ari ziren bi bikoteak, eta aurrelariak ari ziren nabarmentzen.
Baina hortik aurrera Aspekoak oso nagusi izan dira. Horren erakusle da azken hamabi tantoak jarraian egin dituztela. Nahieran aritu dira, batez ere, Altuna III.a. Baikokoak, ordea, ezinean aritu dira, hutsak bata bestearen atzetik eginda: 11 egin dituzte. Irabazleek, ordea, bi besterik ez. Hor egon da aldea. Peña II.ak gau txarra pasatu du, eta horrek eragina izan du.
Amaitu da ligaxkaren lehen itzulia. Jaka-Mariezkurrena lehenak dira, sei garaipenekin; Peio Etxeberria-Zabaleta, bigarrenak, bostekin; Elordi-Rezusta, hirugarrenak, laurekin; Peña II.a-Albisu, Altuna III.a-Martija eta Artola-Imaz, laugarrenak, bosgarrenak eta seigarrenak, hirurekin; eta Laso-Aranguren eta Ezkurdia-Tolosa, azken-aurrenak eta azkenak, birekin.