Urrutikoetxea-Imaz 11-22 Altuna III.a-Martija

Altuna III.a-Martija finalerdietako ligaxkarako sailkatu dira

22-11 hartu dituzte mendean Urrutikoetxea eta Imaz. Amezketako aurrelaria bikain itzuli da kantxara. Galtzaileek igandean beste aukera bat izango dute sailkatzeko, bihar jokatuko den kanporaketaren irabazleen aurka.

(ID_13631862) (Jon Urbe/@FOKU) 2024-02-22, Tolosa. Binakako Txapelketako kanporaketako partida jokatu dute Artola-Imazek Altuna III
Altuna III.a eta Martija finalerdietarako sailkatu direla ospatzen. JON URBE / FOKU
jon eskudero
TOLOSA
2024ko otsailaren 22a
20:15
Entzun

Hiru astez kantxetatik kanpo egon arren, lehengoa bera da Jokin Altuna, klaserik eta magiarik ez baitu batere galdu. Besteak beste, erakustaldia egin du amezketarrak Tolosako Beotibar pilotalekuan, eta Julen Martijak eta biek Binakako Txapelketako finalerdietako ligaxkarako sailkatzea lortu dute. Duin ez ezik, ondo jokatu dute Mikel Urrutikoetxeak –Iñaki Artolaren ordezkoak– eta Ander Imazek, baina ezin izan dituzte nahi adina estutu aurkariak. Altuna III.a izan da horren errudun nagusia. Freskotasuna lagun, eskuinez frontisetik oso urrun ibili du pilota, eta errematean era guztietako tantoak lortu ditu: hamabost, guztira. Eskuetako minaren eraginez hiru astez geldirik egon ondoren, erabat osatuta eta sasoiko itzuli da Aspeko aurrelaria, eta konfiantzaz gainezka iritsiko da finalerdietara. Bada, helburu hori lortzeko bidean, Artolak eta Imazek beste aukera bat izango dute igandean, Bilbon. Horretarako, biharko partidaren irabazleak garaitu beharko dituzte: Peña eta Albisu edo Elordi eta Rezusta.

Ostegun arrunta izanagatik, harmailak gainezka izan ditu Beotibarrek. Azkenean Artolak ez jokatu izanak ez du baldintzatu pilotazaleen ilusioa. Aspekoen alde oso nabarmen atera da dirua partida hasieran (100-40), eta apustuzaleek bazekiten zerbait. Izan ere, lehia hasterako alde polita lortu dute Altunak eta Martijak. Frontisetik irteera gutxiago zuen pilota bat baliatuta, euren aldera eraman dute jokoa. Bien artean atzeko koadroetan eutsi diote Imazi, eta, aurrean aukera zuen bakoitzean, asmatu egin du Altunak. Ohartzerako, 2-10 aurreratu dira urdinak. Aspeko teknikarien artean ere zalantza handiak ziren nola erantzungo ote zuen Altunaren ezker eskuak, baina aurrelariak azkar uxatu ditu dudak. Ederki mugitu du pilota, eta ezker airez hiru tanto lortuak zituen ordurako. Martija ere eroso zegoen bere tokian, defentsan ezkerrez apenas jokatu beharrik gabe.

Bazirudien eroso irabazteko aukera handiak zituztela Aspekoek, baina ez. Burua makurtu beharrean, aurrerapauso bat eman dute Urrutikoetxeak eta Imazek, eta partidan sartzea lortu. Pilota biziago bat baliatu dute horretarako, eta Altuna gainetik pasatu. Imazek epelak eman dizkio pilotari, maiz erakutsi baitio bizkarra Martijari, eta Urrutikoetxeak ere meritu handiko tantoak egin ditu aurrean. Hainbeste denboran maila horretan aurrelari gisa partidarik jokatu gabe egon ondoren, erritmora aski ongi egokitu da Zaratamokoa. Gorriek gogortu egin dute lehia, eta, pixkanaka, gerturatzea lortu dute markagailuan: 3-10, 7-11 eta 9-12. Lehen atsedenaldi luzean aldageletarako bidea hartu dute lau pilotariek, eta Imazek etengabe esaten zion lagunari sinetsi egin behar zutela irabaz zezaketela.

9-14koa, mugarria

Bigarren zatiari begira, gidoia aski garbi zuten Baikoko pilotariek, eta azken tantoetako joerari eustea zuten helburu. Atsedenalditik bueltan pare bat tanto izugarri gogor izan dira, eta 9-14koa mugarria izan da. Hain zuzen ere, Imazek behin baino gehiagotan lasterka egin behar izan du atzera eta aurrera, eta, azkenean, berak galdu du tantoa. Hori gutxi ez, eta nekatu egin da, gainera. Horrek aldaketa ekarri du. Martija berriro ere aurreko koadroetatik astintzen hasi da, eta Altunak ez du barkatu. Hark kontrolatu du jokoa: nahi zuen erritmoan aritu dira lau pilotariak, eta erasoan denetariko tantoak egin dituzte. Argi eta garbi erakutsi du tentsio handia inork baino hobeto kudeatzen duela. Irabazteko ez ezik, jokoa eta konfiantza hartzeko ere baliatu ditu pilotakada guztiak. Airez, dejadaz eta horma-bikoz eginiko tantoen bitartez, zutik jarri ditu pilotazaleak, eta, azkenean, alde handiz gailendu dira Aspekoak: 11 eta 22.

Horri esker, aste eta erdi izango dute orain finalerdietako ligaxkako lehen jardunaldia ongi prestatzeko. Bada, bide horretan, kale edo baleko norgehiagoka bat jokatuko da bihar, Zornotzan (22:00, ETB1). Bosgarren eta seigarren sailkatuak ariko dira nor baino nor gehiago: Elordi-Rezusta eta Peña II.a-Albisu. Baikokoak aterako dira faborito, lehen fasean ere haiek irabazi baitituzte elkarren artekoak, 22-12 eta 22-13. Bikote irabazleak lehia erabakigarria etzi jokatuko du, Bilbon, Artola eta Imazen aurka.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.