Lau eta Erdiko Txapelketa

Altuna III.a eta Laso, konforme igandeko finalerako pilotekin

Eskuan ondo sartzen direla nabarmendu dute, eta nahiko antzekoak direla. Gogoz daude igandeko lau eta erdiko finala jokatzeko.

Mikel O. Iribar.
2021eko azaroaren 11
13:02
Entzun

Jokin Altunak eta Unai Lasok aukeratu dituzte jada igandeko lau eta erdiko finalerako pilotak, Bizkaia frontoian. Bi pilotariak «gustura eta konforme» agertu dira topatu dituzten pilotekin. Nabarmendu dute oso antzekoak direla, eta bai batak zein besteak ezaugarri bat nabarmendu dute: eskuan ondo sartzen diren pilotak direla. «Ez dago aitzakiarik», berretsi dute.

Altuna III.a izan da aukeraketa egiten lehena. Sei minutu inguru behar izan ditu. Lehen Mailan jokatuko duen bederatzigarren finala da, seigarrena jarraian lau eta erdian. Faborito izateak ez du kezkatzen, eta garrantzia kendu dio. «Esperientzia alde izango dut. Baina final guztiak desberdinak dira, eta aurkariak ere bai». Umiltasunez helduko dio finalari. «Kontziente naiz ordubeteko jarduna izango dela, eta dena eman beharko dudala».

Fisikoki eta mentalki ondo dago. «Alde emozionalak garrantzi handia izango du, berriro ere publikoarekin jokatuko baitugu finala. Lasai egon behar dugu». Lasoren inguruan honako hau adierazi du Amezketakoak: «Behetik gora datorren pilotaria da, osoa. Sakean min handia egiten du, erritmo bizia ematen dio pilotari, eta errematatzaile petoa da».

Estreinako finala izango da Lasorentzat. 10 minutuan aukeratu ditu pilotak. Orkatilan min zuela amaitu zuen Peio Etxeberriaren aurkako finalerdia. Baina osatu da bi aste hauetan. «Ondo nago». Onartu du kosta egiten ari zaiola lo hartzea egun hauetan. «Baina normala da. Azken batean, lehen finala dut». Helburu argiarekin irtengo da kantxara: «Gozatu egin nahi dut guztiaren gainetik». Bizkarreta-Gerendiaingoak ere Altuna III.a jotzen du faborito.

Baina zer egin behar du berak irabazteko aukera izateko? «Pilotari ahalik eta abiadura handiena eman behar diot, eta sakea dudanean, nire aukerak baliatu. Garrantzitsua izango da baita ere hasieratik kantxaren erdia menderatzea, eta Altunari aurrean aukera gutxi ematea, ez baitu barkatzen». Finala publikoarekin jokatzea gustuko du. «Atsegin dut zarata hori; motibatu egiten nau». Frontoiari ere ez dio aitzakiarik jarri. «Bai ezkerpareta, baita zorua ere primerakoak dira».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.