Binakakotik kanpo geratu dira Altuna III.a eta Bikuña. Azken-azkeneko neurketan erabaki da txapelketako ligaxkako sailkapena, Aspekoek Jon Ander Peña eta Jon Ander Albisuren aurka Donostiako Atano III.ean jokatutakoan: 4-22 gailendu dira urdinak, emozio gutxi izan duen partidan. Hasterako argi zegoen: bikote irabazleak lehian jarraituko zuen, eta galtzaileak agur esango zion binakakoari.
Beraz, txapelketatik kanpo geratu diren bi bikoteak Aspekoak dira: Peio Etxeberria-Martija eta Altuna III.a-Bikuña. Eta finalaurrekoetara zuzenean sailkatu diren bi bikoteak, berriz, Aspekoak eta Baikokoak: Ezkurdia-Rezusta eta Laso-Iztueta. Agerikoa da azken urteetako joera hautsi dela.
Gaurko partidan Peñak eta Albisuk egurra eman diete Altunari eta Bikuñari. Baikokoak txapeldunorde izanak dira binakakoan, baina behar bezain ondo aritu ezinda ibili dira denbora luzez. Ordea, gora egin dute azken jardunaldietan, eta bolada onean iritsi zaie partida erabakigarria.
Presioa
Albisu nagusi izan da atzeko koadroetan, tantoak bukatzen asmatu du Peñak, eta gorriak ezinean aritu dira une oro. Altunari aukera gutxi utzi dizkiote jokoan sartzeko, eta sartu denean ere ez da fin aritu. Bikuñak sekulako presioa zuen, nabaritu da, eta hasiera-hasieratik hautsi da partida.
Irabazleek Zornotzan jokatuko dute kanporaketa datorren ostiralean, Jakaren eta Imazen aurka.