ALTUNA III.A-ARANGUREN 22-17 LASO-IZTUETA

Altuna III.a eta Aranguren Lasori eta Iztuetari gailendu zaizkie Astelenan

Pareko samar hasi badira ere, aurrea hartu dute Altunak eta Arangurenen. Atzetik jarraika izan dituzte Laso eta Iztueta.

Altuna III.a eta Laso, gaurko partidan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Altuna III.a eta Laso, gaurko partidan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Julen Otaegi Leonet.
2025eko urtarrilaren 26a
20:10
Entzun

Binakako Txapelketako 11. jardunaldiko partida jokatu dute Lasok eta Iztuetak Altuna III.aren eta Arangurenen kontra, Eibarko (Gipuzkoa) Astelena pilotalekuan. Partida paretsu hasi dute bi bikoteek, eta aurrea ere hartu diete Lasok eta Iztuetak beste biei (5-7), gutxirako izan bada ere: zazpi tanto egin dituzte segidan Altuna III.ak eta Arangurenek. Horma-biko ikaragarriarekin irauli du Amezketakoak partida, eta gantxoak egiten ere fin aritu da; Arangurenek, berriz, partidak aurrera egin ahala hartu du sasoia.

Lasok eskatutako atsedenaldiaren ostean, bikote gorriaren hamahirugarren tantoa ikusgarria izan da: Arangurenek hiru aldiz jaso du pilota atzetik, eta Altunaren beste horma-biko batek lekurik gabe utzi du Iztueta, tolosarra harmailetara igotzeraino. Hurrengo tantoan, atzelariek ondo eutsi diote, eta Altunaren gantxoak ez dio utzi aukerarik, beste behin, Iztuetari.

16-7 aurretik zirela, Lasok eta Iztuetak pare bat tanto egin dituzte, eta lehenengoan pilota aldatzeko aprobetxatu dute, partidaren hasieran ia tanto bakoitzeko bezala. Bigarren tanto horretan, pilota atzeraino bota diote Aranbururi, eta Aginagakoa ez da heldu txapa gainera. Gorriek pare bat tanto egin dituzten arren jarraian, urdinek ez dute amore eman, eta beste hiru tanto egin dituzte bata bestearen atzetik: 18-13. Lasok behin eta berriz eraman du pilota atzera, Arangurenengana, eta luze jo du hurrengo tantoak; azkenerako, indarrez jo du gantxoa Lasok, eta aukerarik gabe utzi du Altuna. Seigarren tantoa ere egin dute jarraian urdinek: 18-15.

Joera hori eten dute Altunak eta Arangurenek berriro, eta hogeigarren tantora ere heldu dira errebotean sartu den pilota aukeratu berri batekin. Beste bikoteak ere markagailua puztu dute pare bat tantorekin —horietako batean, aurreraino joan behar izan du Arangurenek Lasok pilota motz utzi duenean; lurrera bota du bere burua, baina emaitzarik ez—.

Altunaren eta Arangurenen garaipenaren aurreko tantoa Iztuetaren oker batengatik izan da: eskuinera joan zaio pilota oker; jarraian, Lasok gaizki eman dio pilotari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.