Garai gozoan dira Jokin Altuna eta Xabi Tolosa. Gaur, Eibarko (Gipuzkoa) Astelena pilotalekuan, parez pare ziren Binakako Txapelketako bigarren eta hirugarren sailkatuak, eta argi geratu da zein dagoen indartsuen: sekulako egurra eman diete Altunak eta Tolosak Lasori eta Imazi. 4-21 aurretik izan dira; amaieran, 8-22. Ikusmina sortu du partidak, eta ikusle andana elkartu da frontoian.
Aurrean ikusgarri aritu da Altuna, eta atzean sendotasun ikusgarria erakutsi du Tolosak: ez du ia pilota bat bera ere galdu. Gorriak, erabat kontrakoa: ezinean aritu da Laso, eta ez du neurketa ona egin Imazek. Eskuin eskuan arazoren bat du Oiartzungoak.
Hiru jardunaldi falta dira finalerdietako ligaxkaren aurretik, eta Altuna-Tolosak, bigarren postuan, zortzi puntu dituzte jada. Sei dituzte hirugarren sailkatuek, Laso-Imazek.
Elordi-Zabaleta, sailkatuta
Gainontzean, Aitor Elordi eta Jose Javier Zabaleta sailkatu dira inor baino lehenago finalerdietako ligaxkarako. Atzo egin zuten urrats erabakigarria, Idiazabalen (Gipuzkoa), Jon Ander Peñari eta Iosu Eskirozi nagusitasun handiz irabazita: 22-11.
Bigarren izateko ia lehiatik kanpo daude Peio Etxeberria eta Rezusta, Peña II.a eta Jon Mariezkurrena, eta Mikel Urrutikoetxea eta Jon Ander Albisu; bost garaipen dituzte hiru bikote horiek. Ezin dira ere lasaitu, bi garaipenera baitituzte azken-aurrekoak: Joseba Ezkurdia eta Julen Martija. Nafarroako bikoteak arnasa pixka bat hartu du jardunaldi honetan, herenegun Urrutikoetxeari eta Albisuri 22-16 irabazita. Kinka larrian daude 2020ko txapeldunak, ia behartuta baitaude falta zaizkien hiru norgehiagokak irabaztera. Baina askoz okerrago zeuden jardunaldi hau hasi aurretik.