Buruz Buruko Txapelketa irabazi eta hiru astera, Lau eta Erdikoaren finala jokatuko du Erik Jakak datorren igandean, Jokin Altunaren aurka jokatu ere, beste behin. Sasoi betean da, eta Joseba Ezkurdia garaitu zuen atzo; hark 11 partida zeramatzan galdu gabe. Partida bizia izan zen: abiadura handiz aritu zen Jaka, eta Ezkurdiak, egungo txapeldunak, ezin izan zion haren erritmoari jarraitu.
Bi pilotariek presio handia egin zioten elkarri, eta aurkariaren akats bakoitzaz baliatu ziren tantoa lortzeko. Dena dela, sakea erabakigarria izan zen oso. Pilotariek bolada luzeak izan zituzten: 0-1, 11-1, 11-9, 13-9, 13-16, 22-16.
Ezkurdiak sakez egin zuen lehen tantoa, eta Jakak 11 egin zituen gero segidan, eta hark ere sakearen eta bigarren pilotakadaren bidez sortu zuen arrisku gehien. Errefera airez egiteak atera zuen Ezkurdia zulotik, eta markagailua 11-9 estutu zuen lehenengo, eta 13-16 irauli gero.
Hala ere, akats bakoitza aukera bat zen aurkariarentzat; buruz buruko txapeldunak sakea berreskuratu zuen, eta garaipenerako bidea zeukan aurrean. Bizkor jokatu zuen, eta eskuinarekin trebe aritu zen.