Altuna erraz nagusitu zaio Artolari, eta finala jokatuko du Lasoren aurka

22-10 gailendu da amezketarra. «Txapelketako partidarik onena izan da. Ederra atera zait: dena atera zait».

(ID_13871176) (Andoni Canellada/@FOKU) 2024-05-12, Eibar. Buruz buruko partida jokatu dute Altuna III
Altuna, tanto bat ospatzen. Andoni Canellada / FOKU
Edu Lartzanguren.
2024ko maiatzaren 19a
19:44
Entzun

Aukerarik ez. Jokin Altuna zezena bezala pasatu zaio gainetik Iñaki Artolari, eta ekainaren 2ko eskuz eskuko finalean arituko da Unai Lasoren aurka. Laso atzo sailkatu zen, beste finalerdian Javier Zabalari Iruñeko Labrit pilotalekuan 22-12 gailenduta.

Donostiako Atano III.a pilotalekua beteta zegoen.

Hasieratik aurreratu da Altuna amezketarra.

Artolak, sakearen abantaila izan arren, ez du asmatu, eta Altunarentzat izan da lehenengo tantoa. Horrek zehaztu du partidaren doinua. Izan ere, Altunak aprobetxatu du bere sakea, eta berehala jarri da 4-0.

Orduan atzean jokatzen saiatu da Artola, tanto luzeak egin eta Altunaren labana kamusteko. Eta funtzionatu egin dio, hasieran. Lehenengo tantoa egin du Artolak horrela: 4-1.

Baina une bateko arnasaldia besterik ez da izan. Altunak jarraitu du tantoak pilatzen, eta 10-2 jartzera heldu da. Orduan, partida motza izango zela pentsatu dute Atanoko ikusle askok, baina etorri da Artolaren susperralditxoa. Altunaren abantaila murriztea lortu du: 10-6.

Baina partida ez da aldatu. Altunak jarraitu du Artolak baino tanto gehiago egiten, eta tartea handitzen.

Bere buruarekin haserretu da orduan Artola. Ezintasuna garrasika adierazi dio laguntzaileari.

Izan ere, pilotei abiada ematen ezinean ibili da partida ia osoan. Une batez, egokitu zaie pilota biziago bat, eta 8., 9. eta 10. tantoak egitea lortu du.

Baina horretan geratu da. Artolak 10.a egin duenerako, Altuna 17. puntuan zegoen, eta ez du barkatu.

Azkenean, 22-10 geratu da markagailua, eta Altuna finalera pasatu da.

«Txapelketako partidarik onena izan da. Ederra atera zait: dena atera zait», esan du partidaren ostean.

Artolak, ordea, bere ahulezia onartu du: «Botea gaizki eragiten nion sakean, eta ez dut asmatu pilotari abiada ematen». Motel sentitzen zela gaineratu du. «Galdu izanak baino gehiago, pena ematen dit nerea eman ez izanak».

Altuna finalera begira jarri da. «Hortxe segituko dut. Badakit faboritoa bera dela [Laso], baina hortzak estututa joango naiz».

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.