Everest mendia mendizaleen artean existitzen den erronka gorena bada ere, azken egunetan K2 izan da alpinisten helmuga nagusia. Munduko mendirik altuenetan bigarrena da, 8.611 metro, baita arriskutsuenetako bat ere. Konplexutasun handiko zatiak ditu, arrisku egoera areagotzeaz gain gailurrera iristea ia ezinezko bihurtzen dutenak. Zailtasunak zailtasun, azken egunetan alpinisten pilaketak izan dira K2 mendian. Uztailaren 22an, hau da, egun bakar batean, 145 pertsona igo ziren, 1954tik 1996ra izandako kopuru bera.
Masifikazioak mendian
Ez da mendian pilaketak gertatzen diren lehen aldia. 2012an Everesten gertatutako masifikazioak zeresan handia eman zuen, eta aditu asko horren arriskuaz mintzatu ziren. Hala ere, 2019an berriro gertatu zen, eta 200 bat eskalatzailek ilaran egon behar izan zuten denbora luzean. Adituen esanetan, inguruari kalte nabarmena egiten diote. Eskalatzaileek isuritako txizak glaziarra urtu egiten du, eta, ondorioz, apurtu.
Ikusi gehiago: Azken lau urteetako bisitari kopuru handiena izan da aurten Everesten
Arrisku handia
K2ren kasuan, pilaketa leku arriskutsuenetako batean gertatzen da, izotz masa handi bat dagoen lekuan zehazki; eta hori askatuz gero, hondamendia eragin dezake. Gainera, K2 Pakistango mugan dago, eta, Himalaiako beste inguru batzuetan helikopteroak nahi bezala ibiltzen badira ere, hemen, sarbidea armadarentzako mugatuta dago, eta hegaldiak militarren menpe daude.
Himalayan Database-ren zenbaketaren arabera, 2021era arte, 10.658 pertsonak lortu dute Everestera igotzea, eta 377 eskalatzailek berriz, K2ra.
Negozioa, aisia baino gehiago
Alpinista eta adituek salatu dutenez, Himalaiako tontorretara igotzea negozio bihurtu da. Espedizio komertzialak ugaritzen ari dira, eta Mingma G eta Nirmal Purja alpinistak dira hori bultzatzen ari direnetako batzuk. Sare sozialetan egiten duten publizitatearekin jendeari bertaratzeko deia egiten diete, eta horrek masifikazioak eragiten ditu. Purjak sare sozialetan beste 30 pertsonekin batera K2ra igo izana arrandiatu zuen. Mingmak berriz, alpinisten ilara erakusten zuen bideo bat zabaldu zuen sare sozialetan. Hasieran masifikazioak salatzeko aldarrikapen bat bazirudien ere, alpinistak bere zerbitzuak zabaltzeko aprobetxatu zuen.
Bottle Neck of K2 on 22-July-2022 pic.twitter.com/HM1wtHNieE
— Mingma G (@14peaks) July 27, 2022