Alonsorekin ere, Vettel nagusi

Red Bulli aurre egiteko lanetan, Ferrarik McLarenen tokia hartu du Kanadako Sariko sailkatze proban

Laurentzi Garmendia
Donostia
2011ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Sebastian Vettelek (Red Bull) Kanadan ere utzi du bere arrastoa, urteko seigarren pole-a lortuta. Atzo Montrealgo Gilles Villeneuve zirkuituan Ferrari autoak izan zituen aurkari nagusi. Gainera, Fernando Alonso bakarrik ez, Felipe Massa bera ere sartu zen lehian aspaldiko partez. Biek estu hartu zuten Vettel, baina Red Bullekoak, egoera horri neurria hartuta, inork hobetu ahal izan ez zuen denbora lortu zuen. Txapelketako bigarrena, Lewis Hamilton (McLaren) bosgarren irtengo da gaur, bere marka berdindu ezinda.

Orain arte, Hamiltonek Kanadara egindako bisita bakoitza pole baten baliokidea zen, baina McLaren autoak ez dira oso fin ibili asteburu osoan. Hamiltonek segundo erdira amaitu zuen, bosgarren postuan. Monakon asteburu iluna igaro ostean, ingelesak emaitza ona behar du Kanadan. Gaur, ordea, lehia atzeragotik ikusi beharko du, eta puntu gehiegi ez galtzea izango du helburu. Sasoiko zazpigarren lasterketa bada ere, titulua pixkanaka ihes egiten ari da.

Hamiltonek oso lasterketa ona egin zuen Katalunian, baina Monakon behera egin, eta Kanadan ez da goian agertu berriro. Aldiz, Ferrari doa goraka. Alonsok ahazteko moduko igandea izan zuen Montmelon, eta Monakon bigarren amaituz agertu zen. Atzoko bigarren postua bolada onaren baieztapena da, are gehiago Massaren hirugarren postua kontuan izanda. Bien artean oso alde txikia izan zen, eta hori ona da italiarrentzat. Berrikuntza asko eraman dituzte Kanadara, baina gakoa pneumatikoen erabileran egongo da. Bartzelonan Ferrarik ez zuen asmatu pneumatiko gogorra ondo erabiltzen.

Ordutik, goma gogorra ez dute erabili ez Monakon, ez Kanadan, eta horrek lagundu dio gora egiten. Pirellik goma bigunak eta superbigunak eraman ditu Kanadara, Monakoko berberak. Ziurrenik, geldialdi kopurua printzerrian baino handiagoa izango da, eta pistan era guztietako estrategiak nahastuko dira. Iaz urteko lasterketa ikusgarriena eskaini zuen Montrealek, eta aurten zaila izango da hura berdintzea. Lehia, behintzat, segurua da Red Bullen eta Ferrariren artean.

Vettel eta Alonsoren artean

Massak azken bi urteetako sailkatze saiorik onena osatu zuen, baina ikuskizun dago behin-behinekoa den. Brasildarraren arazo nagusia pneumatikoen beroketa egokia lortzea da, baina arazo hori gutxitu egiten da pneumatiko bigunekin. Gaur aukera ona du podiumera igotzeko, baina garaipena lortzeko ez da kiniela askotan sartzen. Mark Webberrek (Red Bull) ere lan ona egin zuen, kontuan izanda goizeko saio guztia boxetan eman zuela, KERS arazo baten erruz. Ondoren jakinarazi zuen Christian Hornerrek bere taldeak ez zuela KERSa erabili sailkatzean.

Irteeran arazo bilaka daiteke hori, betiere lasterketan ere ez badute erabiltzen. Ziurrenik ez dira lasterketa osoan zehar erabiltzeko gauza izango, baina bai irteeran. Lehen lerroan dauden bi gidarien artean izango da jokoan lasterketa. Jakina da Red Bullek lasterketan ez daukala sailkatzean duen abantailarik; Ferrarik gora egiten du hor, eta Alonsorentzat itxura ona dauka lasterketak. Espainiarrak izan duen denboraldi hasiera txarra iraul dezake gaur, eta Vettelen aurkari nagusi bilakatu txapelketan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.